NAIZ

Araba leku hobea izateko erronka nabarmendu du Lopez de Arroyabe EH Bilduren hautagaiak

EH Bilduk Eva Lopez de Arroyabe Arabako Ahaldun Nagusi izateko hautagaia aurkeztu du larunbat honetan Araian egindako ekitaldi politikoan. Nabarmendu du lehentasunezkoa dela gizartearen pobretzea eta gizarte desberdintasunak saihestea.

Lopez de Arroyabek hartu du Kike Fernandez de Pinedo Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramailearen lekukoa.
Lopez de Arroyabek hartu du Kike Fernandez de Pinedo Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramailearen lekukoa. (EH BILDU)

Araba belaunaldi honentzat eta hurrengoentzat leku hobea izan dadin lortzeko konpromisoa hartu du Eva Lopez de Arroyabek larunbat honetan Arabako Ahaldun Nagusi izateko hautagaitzaren aurkezpenean.

«Etorkizunari begiratzen diot, EH Bildu etorkizunera begiratzeko jaio zelako, desberdinen arteko elkargunea sortuz, pertsonak erdigunea izango diren herrialde subirano bat eskaintzeko; askatasuna erdigunean jarrita, beste gizarte-eredu bat posible dela erakusteko. Eta hitz ematen dut dudan onena emango dudala amets hori egia bihurtzeko, Araba leku hobea izatea delako gure erronka handia; gaurko bizitza duinak bermatuko dituena eta etorkizuneko belaunaldiei segurtasuna eskaintzeko prest dagoena. Horixe zor diegu», esan du.

Araian egin den ekitaldi politikoan, Lopez de Arroyabek gogorarazi du Arabak erronka handiei egin behar diela aurre, hala nola erronka klimatikoari eta demografikoari, baina arreta berezia jarri du egunerokotasunean bizitzak okerrera egiten dienentzat premiazko irtenbideak bilatzeko. Ildo horretatik, behin eta berriz esan du krisi anitzek, Ukrainaren gerrak larrituta, ondorio ekonomiko larriak eragiten dituztela gizartean, eta, egoera horren aurrean, lehentasunezkoa dela gizarte desberdintasunak eta herritarren pobretzea saihestea.

«Kezkaz begiratzen dut oinarrizko produktuak eskuratzeko zailtasunak dituzten herritarrak egotea, gasolina depositua bete ezin dutenak edo jatearen edo argia eta gasa piztearen artean aukeratu behar dutenak. Ezin dugu hori onartu. Herritarrok eta gure eskubideak ezin dira berriro ere izan krisi honen ordaintzaileak. Ezin dugu inor atzean utzi. EH Bildutik hitzekin eta ekintzekin konprometitzen gara pertsona guztien bizitza hobetzeko, pertsona guztientzat merezi dugun bizitza duina bermatzeko», gaineratu du.

Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaiak, gainera, erronka estrategiko handi horiei aurre egiteko herri akordio handiak eskatu ditu. «Legealdi oso bat galdu dugula eta inprobisazio etengabean bizi garela uste dugu, konponbiderik ematen ez duen inprobisazioan. Gaur egungo arazoei aurre egin behar diegu, eta egiturazko soluzioak eskaini. Horretarako, indarrak batu eta aliantza politiko berriak osatu behar ditugu. Horregatik eskatzen ditugu hausnarketa partekatuak eta herri akordioak», aldarrikatu du.