M.A.

Bertako materia organikoa, kanpoko erregaien mendekotasuna gutxitzeko

BaskEgur elkartearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitutako energiaren ia %6 dator biomasatik eta kopurua nabarmen handitzeko aukera dago, petrolioarekiko eta gas naturalarekiko mendekotasuna murrizteko.

Biotermiak enpresak berokuntza instalazioetan erabiltzeko prestaturiko ezpala.
Biotermiak enpresak berokuntza instalazioetan erabiltzeko prestaturiko ezpala. (NAIZ)

Energia iturri berriztagarri eta jasangarrien beharra gero eta nabarmenagoa da. Prezioen igoerak eta lehengaiak gutxitzeak lehenbailehen alternatibak bilatzeko premia areagotu dute. Tamalez, bidea oraindik ere luzea dela dirudi. BaskEgur Euskadiko Egurraren Elkarteak bildutako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gehien kontsumitzen diren energiak petroliotik eta gas naturaletik eratorritakoak dira; lehenak, garraiorako baliatzen dira, eta bigarrenak, aldiz, elektrizitatea ekoizteko, bai industriaren bai etxebizitzen kontsumorako. Elektrizitatearen ia %50 bertan sortzen den arren, %90 gas naturaletik abiatuta ekoizten da. Bi iturri horiek kontsumo osoaren %80ari erantzuten diote; hortaz, kanpotik datozen erregaiekiko mendekotasun handiaren gakoa dira.

Energia berriztagarrien ekarpena, berriz, %9,25 da; guztira eratutako 6.533 ktpb-etatik 604 ktpb besterik ez. Azken zenbateko horren %62,4 biomasa da; hau da, landare edo animalia jatorria duten material organiko berriztagarrien multzoa. Beraz, gaur egun EAEn kontsumitzen den energia guztiaren %5,7 dator biomasatik.

Kontrakoa dirudien arren, kopuru  «esanguratsua» da, elkartearen hitzetan, «biomasaren kontsumo energetikoa euskal industria osoak kontsumitzen duen gas naturalaren erdia baino gehiagoren baliokidea delako, eta etxebizitzek zein zerbitzuen sektoreak batera kontsumitzen duten gasaren zifra gainditzen duelako».

Horrela, gas naturalarekiko mendekotasuna murrizteko, biomasaren erabilera bultzatzea «alternatiba azkar eta ekonomikoa» izan daiteke, BaskEgurreren hitzetan. Lurraldearen «berezko baliabidea da», hornidura berriztagarriko bertako iturria; ingurumena errespetatzen duena eta jarduera ekonomikoa sor dezakeena. Abantailen artean, ingurumenean duen eragina erregai fosilek dutena baino askoz txikiagoa da. Izan ere, sufre eta metalen edukia nabarmen urriagoa baita, eta erretzean sortutako CO2 isuria, neutroa, aireratzen duena, hazkunde fasean landareek xurgatzen duten kantitate bera baita.

Gainera, baso-biomasaren erabileraren bitartez zenbait hondakin deuseztatzen dira; esaterako, basoetakoak ustiatuz suteak izateko arriskuak gutxitzen dira, eta beste biomasa batzuk lagungarriak dira araztegietako lohiak aprobetxatu edo papergintzako «lixiba beltzen» ustiapen egokia egiteko. Horrez gain, energia fosilekin alderatuta, adibidez, gas naturala, gasolioa edo propanoa baino garestixeagoa den arren, «aurrezpen ekonomiko handia» dakarrela gogorarazi du elkarteak.

Ekoizpenaren erdia, esportaziora

Azken urteotan energia berriztagarrien artean gehien instalatu direnetako bat da biomasa. Hala ere, gaur egungo ekoizpenaren erdia esportatu egiten da,  instalazio nahikoa ez dagoelako. Hortaz, horren erabilera aprobetxa dezaketen ekipamendu eta industrien kopurua areagotzen jarraitzea izan daiteke kanpotik ekarritako energia iturrien zenbatekoa murrizteko bidea.

Zentzu horretan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak horretarako gaitasuna dutela nabarmendu du BaskEgurrek. «Ekoizpena handitzeko aukera dago, egurrezko erregai gehiago sortzeko ahalmena baitu sektoreak baso kudeaketatik abiatuta». Gasaren eta petrolioaren oraingo salneurriak eta epe ertainera aurreikusten direnak ikusita, biomasaren ustiapenak eragindako baso jardueren kostua «justifikatuta geratuko litzateke, alde handiz» eta jarduera bideragarria izango litzateke ekonomikoki, landa inguruneetan lanpostu berriak eta aberastasuna sortuta.