NAIZ

«Estorsio sistematikoa» salatu dute Arrasaten osasungintzako langileek

Arrasateko ospitaleko zuzendaritzak langileen kontrako «estortsio sistematikoa» egiten duela salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur. Presio hau dela eta, langile kualifikatuak ospitale honetatik alde egiten ari direla gaineratu dute mobilizazioaren deitzaileek.

Arrasaten egin duten elkarretaratzea.
Arrasaten egin duten elkarretaratzea. (Jon URBE | FOKU)

Debagoienako osasungintza arloko langileek, ESK eta LAB sindikatuen laguntzarekin Arrasateko ospitalaren zuzendaritzaren jarrera salatzeko elkarretaratzea egin dute. «Estortsio sistematikoa» egiten dutela nabarmendu dute. Gauzak horrela, ospitale honetatik langile kualifikatuak atera egin direla gaineratu dute.

«Debagoienak ezin du onartu konprometituta dauden profesionalak alde batera uztea, bere lanbidea bokazioz egiten dutenean, Zuzendaritzak zerbitzurako irizpideak presioz egiterakoan, aginduak ez betetzeagatik», nabarmendu dute deitzaileek.

«Azken astean, ordezkatzeko zailak diren bi espezialistek uko egin diete iraupen luzeko bitarteko kontratuei, urteetako presioaren eta jazarpenaren ondoren. Zerk eragiten du iraupen luzeko kontratu egonkorra duen langile batek bertan behera uztea? Zuzendari medikoarekin irekitako Gatazka Protokolo ugariek horren ideia bat ematen digute, bai eta bien uko-gutunek ere», gaineratu dute.

«Hauek dira Zuzendaritzak egiten dituen lan-tratu txarrengatik eskualdetik alde egin duten osasun-langileen zerrenda luze bateko azkenak. Zenbat profesionalek utz dezakete gure zonaldea? Osakidetza jarrera horiekin ari al da gure eskualdean osasun publikoa desegiten? Eta, langile gisa, noiz arte eutsi behar diogu plantillak kudeaketa-estilo horri?», galdetu dute.