Manex Altuna

‘Euskara jalgi hadi plazara’ futbol txapelketa jokatuko da larunbatean Lezaman

Euskal Herriko lau taldek parte hartuko dute lehenengo edizioan: Bilboko Hamabi, Union Tutera, Ortzaizeko Arranoak eta Aretxabaleta. Futbolean euskaraz joka daitekeela erakustea da txapelketaren xedea.

‘Euskara jalgi hadi plazara’ futbol txapelketaren kartela.
‘Euskara jalgi hadi plazara’ futbol txapelketaren kartela. (NAIZ)

Athleticek Lezaman dituen kirol instalazioetan ospatuko da larunbat goiz hontan ‘Euskara jalgi hadi plazara’ futbol txapelketaren lehen edizioa. Ekimen berria da eta Euskal Herriko lau toki ezberdinetako taldeek parte hartuko dute. Bilboko Hamabi, Aretxabaleta gipuzkoarrak, Union Tutera eta Ortzaizeko Arranoak taldeek parte hartuko dute.

Txapelketaren helburua talde gehiagok batzea da, baina batez ere bere egunerokoan jarduerak euskaraz egitea, «gero eta gazte gehiagok kirola euskaraz egiteko, ikasteko eta gozatzeko aukera izan dezaten».

Goizeko 11.00etan egingo diete harrera lau taldeetako futbolariei Lezaman. Bertsolariek emango diete ongi etorria eta ondoren lehen partidak hasiko dira 11.30etatik aurrera. Hiru partida jokatuko ditu talde bakoitzak. Lehen txandan Bilboko Hamabik Union Tuterarekin neurtuko ditu indarrak eta Aretxabaletak Arranoak taldearen kontra. Lezamako zortzigarren eta seigarren zelaietan jokatuko dira partidak.

12.15etan Arranoak taldeak Hamabiren aurka jokatuko du eta Aretxabaletak Union Tuteraren aurka. Azkenengo partidak 13.00etan abiatuko dira Bilboko Hamabi Aretxabaletaren kontra eta Union Tutera Ipar Euskal Herriko ordezkaria izango den Arranoak taldearen aurka.

14.00etan luntx batekin emango diote amaiera futbolean euskara sustatzeko helburuarekin sortu den txapelketari.