Donostia Zinemaldiak herritarrek bidalitako 500 argazki baino gehiago jaso ditu dagoeneko, aurtengo udan Zinemaldiaren 70. urteurrena ospatuko duen ‘Imajinatu Zinemaldia’ erakusketan ikusgai egongo direnak. Zinemaldiak eta Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatu dute erakusketa, Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, uztailaren 4tik irailaren 24ra, Tabakalerako hainbat instalaziotan.
Ekimenaren helburua da industriari, komunikabideei eta hiriari gorazarre egitea, baita, batik bat, publikoari ere, «hari zor baitzaio bereziki Zinemaldiak zazpi hamarkada hauetan izandako arrakasta», adierazi dute.
Horregatik, erakusketaren instalazioetako batek arreta berezia eskainiko die Zinemaldiko ikusleen irudi eta oroitzapen pertsonalei: selfie bat aktore ospetsu batekin, alfonbra gorri gaineko argazkiak, lagun artean egindakoak... Irudiak ekainaren 24ra arte igor daitezke Zinemaldiaren webgunean prestatutako formularioaren bidez (beharrezkoa da erregistratzea). Gainera, argazki zaharrak eskaneatzeko aukerarik ez dutenek Zinemaldiaren bulegoetan utz ditzakete, digitalizatzeko.
Hiru aste eskasetan, Zinemaldiak 500 irudi baino gehiago jaso ditu, gehienak azken edizioetan ateratakoak. Lehen hamarkadetako argazkiak biltzeko asmoz, Zinemaldiak parte hartzeko deia luzatu nahi die lehen edizioetako materiala gorde dezaketenei edo irudi zaharrak gordetzen dituzten pertsonak ezagutzen dituztenei.
Morgancreak, erakusketan komisario-lanak egiten ari den ekoiztetxeak, aukeraketa bat egingo du jasotako irudi guztien artean. Argazkietan ez dira zinemako izarrak bakarrik agertu behar, herritarrak ere haiekin egon behar dira. Horregatik, baztertu egingo dira profesionalek photocalletan edo prentsaurrekoetan hartutako erretratuak, baldin eta ez badago izen-abizenekin identifikatutako publikorik.