Xabier Izaga Gonzalez eta Maider Iantzi Goienetxe

Sei bertsolari Arabako txapelaren bila

Gaur jokatuko da Arabako finala. Sei bertsolari arituko dira; horietatik bi emakumeak dira. Lau aramaioarrak. Bat, finalista berria. Bitxia da elkarren irakasle eta ikasle direla. Arabako bertsogintzaren pila handitzea da gaur 17.30ean Gasteizko Europa Jauregian jokatuko den finalaren asmoa.

Arabako sei finalistak.
Arabako sei finalistak. (Raul BOGAJO | FOKU)

Paula Amilburu Izargarai

«Bertsoekin ‘maitemindu’ naiz berriro, eta plus hori eman nahi dut»

1994an Aramaion jaioa, urteak daramatza Gasteizen bizitzen. Hispaniar Filologia ikasi zuen eta Gaztelania irakasten du DBHn. Ez die kontatu ikasleei lehendabizikoz finalean kantatuko duela. Nahikoa du kurtso bukaeran klaseari ganoraz eustearekin.

Zorionak, aurrekoan atean gelditu ondotik, sartu zara.

Ez nuen espero; zaila zen nire saiotik [Izarrako finalaurrekoa] bost pasatzea, eta oraindik ez dut sinesten, ez naiz kokatu finalean. Astea nerbioak igartzen hasi dut, oso pozik. Orokorrean maila pila bat igo da; finala aukera bat zen, baina aurrekoetan baino zailagoa.

Nola bizi izan duzu txapelketa?

Pertsonalki oso gustura ibili naiz, inoiz lortu ez dudan kontzentrazioarekin, inoiz baino prestatuago. Gehiago entrenatu naiz, eta nahi nuena kantatzen edo hortik hurbil ibili naiz. Txapelketa dena ikusi dut eta oso pozik nago elkarrekin lortu dugunarekin, dagoen mailarekin. Aramaioko lau finalista izatea ere oso berezia da. Talde lana eta talde poza.

Zein xede dituzu orain?

Txapela irabaztea ez dakit posible den, baina borrokarako prest naiz, nola ez. Badakit etxean bezala egongo naizela, eta disfrutatzeko gogoarekin noa, probatzeko eta, ahal bada, arriskatzeko. Behin nire helburua lortuta, finalean sartuta, plus hori eman nahi dut; ez dut ezer galtzeko.

Inoiz baino prestatuago zaudela erran duzu. Nola entrenatu zara?

Aramaioko bertso eskolan astero entrenatu gara, eta lan pertsonala ere zeozer egin dut. Lasai eraman dut txapelketa.

Garaiak izaten dira bertsoetan, batzuetan barrurago, besteetan kanporago. Zein unetan zaude orain?

Berriro ere ‘maiteminduta’. Azken txapelketan galduta ibili nintzen, ez nekien zer eraman nahi nuen. Hiru urteotan zer emana eta hori eman ahal izateko gaitasuna lortu ditut eta oso pozik nago.

Pandemiak zerikusirik izan du prestaketa horretan?

Pandemia geldialdi bat izan da denontzat, hausnarketarako ere bai. Batzuetan presioa da jarraitzea eta jarraitzea, askotan ez dakizu zertan zabiltzan ere, zer ematen.

Nola ikusten dituzu belaunaldi berriak?

Oso indartsu. Horren erakusgarri da Maddi Agirre; txapelketan zortzigarren egin du, sekulako bertso maila du, nik bere adinean amestuko nuena. Danel Herrarte aramaioarrak ere badu zer emana, Eukene de los Aires oso ondo ibili da... Sekulakoa da txapelketara aurkezteko duten gaitasuna.

Zu ere aski gazte hasi zinen, Eskolartekoetan.

Bai, eta zenbat negar saioen aurretik!

DBHn deskubritu zenuen bertsoa eta lagunarte bat eman zizun. Bertsoa gutxienekoa zen, baina harrapatu zintuen.

Ez neukan zeozer eman dit bertsoak, adrenalina puntua, neure burua frogatzea. Horrekin geratu naiz lotuta. Oso bat-batekoa naiz.

Zer martxa daramazu plazetan?

Pandemiarekin nahiko hutsik geratu zitzaidan agenda. Denoi gertatu zaigu, eta lasai hartu dut. Aurten tokatu zaigu egin ez dugun dena egitea.

Finalerako kinielarik?

Estatistikoki, txapela Aramaiora etortzeko aukerak badaude, baina pozik egongo naiz edozeinek irabazita ere.

Manex Agirre Arriolabengoa

«Bakarkakoan gaiaren konplexutasun horretan muturra sartu gurako nuke»

Aramaioarra, 1982an jaioa. Txapel bi jantzi ditu, 2011n eta 2015ean, eta final guztietan egon da. Sekula baino lasaiago iritsi da aurtengora.

Kanpotik ikusita, oso seguru iritsi zarela ematen du.

Bai, ez naiz kexatuko. Egia da aurten zentzu horretan beste urte batzuetan baino gorabehera gutxiago eduki dudala eta oso eroso ibili naizela, baina saio bakoitza mundu bat da. Horrelakoetan kirolariak kritikatzen ditugu esaten dutelako partiduz partidu joan behar dutela eta horrelako gauzak errepikatzen dituztelako, baina antzeko zeozer da. Nik lehenengo saioan oso sentsazio eskasa eduki nuen, nahiz eta lehenengo geratu; ez nuen asmatu. Final- laurdenetan bai, zer esan gura nuen jakinda… eta finalerdietan, igual ez hain borobil, baina nahiko eroso bai.

Finalak ez du zerikusirik aurrekoarekin?

Bai eta ez. Beti dauka pisua aurretik egindako ibilbide horrek, ez? Hiru saiotan ez dakit zenbaterainoko ebidentziak dauden gero zelan jokatuko duzun erakusteko. Baina bai, horrek parte batean ematen dizu, edo niri ematen dit, horrelako segurtasun bat.

Araban ez dago finalaren tamainako saiorik. Txapelketa baten bukaera da, txapel bat eta Euskal Herriko Txapelketarako bi plaza daude jokoan, eta gainera jende asko etortzen da, jende askok inportantzia handia ematen dio. Horrelakoetan batzuk hazi egiten dira, beste batzuei zalantza sortzen zaigu, ziurgabetasun hori egoten da.

Zelan ikusi dituzu besteak?

Nik Oihane eta Iñakirekin ez dut bizi izan txapelketa Aramaiokoekin beste. Gu astero-astero elkartu izan gara eta oso harreman estua daukagu, bertso eskolan eta bertso eskolatik kanpo. Hala ere, Oihane eta Iñaki fuerte ikusi ditut, gero eta hobeto kantatzen, eta gainera, hauek egoera bereziak ondo kudeatzen dituzten bi bertsolari dira. Nik uste dut final ona egingo dutela. Besteak, nik uste dut lan asko egin dugula eta aurreko astean elkartu ginenean, asteartero moduan, esan nien nire sentsazioa dela azkeneko bi hilabeteetan bertso eskolan gora egin dugula, kanpoan geratu direnek ere bai: Anderek [Arriolabengoa], Danelek [Herrarte] eta Aitorrek [Ugarte], denok.

Aurreko finalean txapeldun bi zineten; aurtengoan, hiru...

Noski, posible da txapela jantzi ez duen batek janztea, inolako zalantza barik, aukera handia dago horretarako. Txapela eduki izanak presiorik dakarren edo ez… niri, adibidez, ez dit asko eragiten, eta ez dut uste Oihaneri eta Iñakiri ere asko eragingo dienik; argi daukadana da txapelik ez daukanak ez daukala ezer galtzeko eta hori ona dela.

Zer arriskuren edo zertan huts egiteko beldur zara?

Ofizioetan eta puntu- erantzunetan nahiko gustura ibili naiz; hori izan da nire ahulgune nagusia eta aurten gustura ibili naiz. Finalean ikusiko dugu, baina beste segurtasun batekin noa. Beti geratzen da hor bakarkako ariketa hori, eta esango nuke nahiko txukun ibili naizela, baina gurako nuke beste buelta bat eman eta gaiak eskatzen duen konplexutasun horretan muturra sartu. Iruditzen zait ibili naizela nahiko soil edo sinple… bide bat hartu eta kito.

Eta zein da seguru sentiarazten zaituen alderdia?

Esango nuke ofizioetan, argudiaketan arrazoiak ekartzen nahiko ondo nabilela. Baina bertsoa ez da azkeneko puntua bakarrik, aurretik ere bide bat egin behar da, eta aurten bereziki pozik nago horrekin, betelan hori ondo egiten nabil, aberats, errimaz nahiko txukun…

Aurten Paula Amilburu dago, eta berriro emakume bi.

Bai, bai. Normala izango ez litzatekeena da sei gizoneko finala. Egon dira saio batzuk txapelketan zehar gizonezkoak bakarrik egon garenak, zozketan horrela tokatu delako eta, jakina, gizonezko parte hartzaile gehiago daudelako emakumeak baino. Pertsonalki esango nuke deseroso egiten zaidala sei gizoneko saio batean kantatzea. Iruditzen zait errealitatetik kanpo dagoen gauza bat dela, edo gauza bortxatu bat moduan, eta denok daukagula hor lana egiteko. Dena dela, Arabako bertsogintza zelan doan eta zer garapen daukan ikusita, hemendik aurrera gero eta gutxiago kezkatu beharko dugu horregatik, nahiz eta beti alerta egon behar garen.

Aurten Europa Jauregian jokatuko da finala. Eraginen bat izan lezake horrek?

Ez dut uste. Urte askoan izan da Principalen eta oso etxeko sentitzen ginen bertan, etxekoegi batzuetan. Oso bildua da, oso goxoa, baina oso antzoki ere bada, eta niri igual gehiago gustatzen zaizkit leku informal hauek, frontoi bat, kiroldegi bat ondo prestatuta...

Xabi Igoa Eriz

«Bertsolaritzak mugimendu bezala duen eragina garrantzitsua da»

1992an sortu zen Aramaion. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kidea da, baita Mondragon Unibertsitateko Huezi fakultateko irakaslea ere. Laugarren finala du.

Zein sentimendu dituzu?

Poza, bertso eskolako hiru kiderekin abestuko dudalako bereziki. Urduritasuna ere bai, baina poza da nagusi.

Zeren adierazle da sei finalistetatik lau aramaioarrak izatea?

Lanarena esango nuke. Txapelketa atzeratu beharra egon da azken unean, baina aurretik jada astero biltzen hasiak ginen, mimoz lanean. Kopuru majo bat batu gara, askotan bi-hiru taldetan banatu gara. Herritarrez gain, ingurukoak ere etorri dira.

Zer garrantzi du txapelketak Arabako bertsogintzan?

Arabako bertsogintza bultzatzeko plaza ederra da. Bertso eskolak, eragileak eta bertsozaleak artikulatzen gaitu. Lehia baloratzetik harago, gurean beharrezkoa dela uste dut, are gehiago pandemia oste honetan. Bertso plazak gutxitu dira eta hori hauspotzeko moduko ekimen bat dela iruditzen zait.

Nola eragin dizu pandemiak?

Eten bat izan zen sormenean, kantuan egitea kostatzen zitzaidan, eta etxetik egin genituen saioak ez nituen bizi izan emozioz; bai ziren oasi txiki bat desertuan, baina kontzentrazio mailan ez zitzaidan erakargarri egin, burua kostata eramaten nuen sormen lanetara. Bertso eskolara bueltatzea oso positiboa izan da niretzat.

Nola hasi zinen bertsotan?

Bertsotan hasi nintzen Manex Agirre eskolara etorri zelako bertsolaritza ematera. Gustatu zitzaidan eta hortik bertso eskolara joan ginen 20 lagun baino gehiago. Urtebetera ni bakarrik geratu nintzen [Barrez]. Kuriosoa da Oihane, Viñaspre eta Manex irakasle izan ditudala, eta Paula eta Peru, ikasle gerora.

Zerk bultzatzen zaitu jarraitzera?

Bertsotan egitea gustatzen zait, baina inguruan gertatzen denak ere badu garrantzia. Jardun artistikoaz gain, bertsolaritza mugimendu bezala bada eta badu eragin bat mikroan, plaza batean edo herri batean. Adibidez, Aramaion. Izan daiteke eragin soziolinguistikoa euskararen baitan, edo kulturala, herrian parte hartu eta antolatzen ditugun ekimenetan. Pertsonalki asko betetzen nau. Plazan jarduteak ere bai. Baina mugimendu bezala izan dezakegun eragin txiki, handi edo ertaina garrantzitsua da. Horregatik naiz Bertsozale Elkarteko kide, bertsolari izateaz gain.

Zer moduz joan dira txapelketako saioak?

Lehenengo bi saioetan ez nintzen batere gustura geratu egindako lanarekin; lotuta, urduri ibili nintzen. Izarran, berriz, gozatu nuen kantuan, kantukideekin. Gustatuko litzaidake finalean ere aldarte hori edukitzea. Pertsonaletik harago, txapelketa inoiz baino estuagoa izan da, zailagoa izan da aurrera egitea, mailak gora egin duen seinale. Poz txiki-handi batzuk utzi ditu. Azpimarratuko nuke Paularen lehen finala, Maddi Agirrek eta Unai Andak erakutsi duten maila, gazteak badatozen seinale hirurak. Unai eta Maddi gutxigatik gelditu dira finaletik kanpo.

Kasik txapelaz galdetzea ahantzi zait.

[Irri]. Gustatuko litzaidake final on bat egitea eta lehiatu ahal izatea ahal den neurrian. Egun bat da, bertso dexente dira, eta ez da jakiten. Badut lehiatzeko gogoa.

Iñaki Viñaspre Simon

«Esango nuke norberaren bertuteak eta akatsak nahiko gertu daudela»

1984an jaiotako abetxukuarra. 2004tik final guztiak jokatu ditu, eta 2019koan txapela jantzi zuen. Akatsen bat egiten badu, bere burua asko egurtu gabe ahal duen guztia ematen saiatu nahi du.

Finalaren leku aldaketak eraginen bat izango du?

Nik uste dut aldaketa gauzatu arte ez dugula jakingo. Principal finalaren etxea izan da urte askoan… pena pixka bat ere ematen du, e? Baina uste dut areto berriak baldintza berriak eta aukera berriak ekarriko dituela.

Ez dirudi harritzekoa zu finalera iritsi izanak. Nola sumatu duzu zeure burua orain arte?

Egia esan, oso gustura kantatu dut. Eta egia da beste urte batzuetan baino maila altuagoa egon dela; esango nuke finalerako ere hautagaiak inoiz baino gehiago ginela eta beharbada ez da arraroa ni iritsi izana, baina iritsi ez banintz ere, ez luke arraroa izan behar. Oso maila onean ibili dira Unai Anda, Maddi Agirre, finalean daudenak, jakina, Andere [Arriolabengoa], Ekaitz Samaniego… hor bazeuden beste izen batzuk ere eta saioak ikusi ditugunontzat behintzat finalean egon izan balira, ez zen arraroa izango.

Ekaitz Samaniegori eta Iratxe Yañezi eskaini zenien Txapela. Ekaitz kalean da eta bidelagun izan duzu.

Bai, eta maila onean jardun du. Bertso eskolan ibili gara Xabier Antia, Unai Anda, Ekaitz eta laurok eta, egia esan, oso gustura eta elkar babestuz eta zainduz gozatu dugu bidea. Ekaitzekin oso gustura aritu naiz, oso ondo ikusi dut, anbizio izugarririk gabe, baina ondo egiteko gogoz.

Aurreko finalean txapeldun bi zeuden eta orain hiru.

Nik uste dut final batean beti denak direla txapela eramateko hautagaiak, zeozergatik daude hor. Aipatu dizkizut finaletik kanpo geratu diren batzuk, baina finalera oso maila ona emanda iritsi da jendea. Beharbada Paula ezezagunagoa izan daiteke jendearentzat, baina beti finaleko atarian geratu da, eta uste dut aurten gogoz hartu duela, oso ondo prestatu duela Txapelketa eta jende askorentzat sorpresa bat izango dela. Peru Abarrategik indarra, gaztetasuna eta pikante puntu hori ere badauka; Manex, uste dut ez dela inorentzako sorpresa izango esaten badugu oso-oso fin ibiltzen dela; Xabi Igoak ere esango nuke jauzi bat eman duela, azken finaletan hautagaia izan dela eta honetan ere badela; Oihane Perea, uste dut ez dugula ezer esan behar, txapel batzuk baditu buru gainean eta beti kontuz ibiltzekoa da. Esan nahi dut beti ondo ibiliko dela. Uste dut oso final txukuna geratu dela zentzu horretan.

Zu txapelduna zara, larunbat arte gutxienez. Ez dakit horrek presio handiagoa ematen edo kentzen dizun…

Egia esan, ez dakit gehiago edo gutxiago, nik ere ez daukat argi. Beste finalak hartu izan ditudan bezala hartu nahi dut. Bai, momentu honetan txapelduna naiz, tartean pandemia bat izan dugu, eta nik nahiago dut oraingo momentua bizi, aurtengo txapelketa egin.

Sumatzen duzu arriskuren bat, bereziki zaindu nahi duzun zerbait?

Ez dakit, ahulguneak, denak... eta indarguneak ere bai. Esango nuke norberaren bertuteak eta akatsak nahiko gertu egoten direla. Ez dago ezer bereziki zaindu nahiko nukeena teknikari dagokionez. Beharbada, ahal dudanera arte ematea, gustura aritzea eta akatsen bat egiten baldin badut neure burua gehiegi ez egurtzea. Esango nuke horiek direla nire helburuetako batzuk.

Final polita espero duzu, beraz.

Nik uste dut polita izango dela. Ez dut esan nahi ni egon beharrean Unai Anda bertan egon izan balitz ez zela izango maila berekoa, e? Beste batzuk izan ahal ziren eta maila berekoa izango litzateke. Baina uste dut sei bertsolari berezi daudela eta bakoitzak beretik aportatu eta ikuskizun polita gozatuko dugula.

Jarraipena segurtatuta dago, beraz.

Bai. Gazteek oso maila ona daukate oro har, eta txapelketan ikusi da aurten. Finalaren atarian geratu dira, baina txapelketan zehar ikusi da Araban oso maila oneko bertsolariak datozela.

Peru Abarrategi Sarrionandia

«Beti gustatu izan zait apur bat gehiago umoretik kantatzea»

Aramaion jaio zen 1997an. Finaleko gazteena, baina ez berria, bigarrena baitu. Saioan gozatzea lortzen badu, oso gora irits daitekeela dio.

Aurreko finalean baino nagusiagoa, baina gazteena zara; hala ere, ez eskarmenturik gabea. Zelan sumatu duzu zeure burua?

Hiru saio eduki ditugu txapelketan, final-laurdenetako saioagaz ez nintzen oso gustura geratu, baina beste biekin bai, eta aukera baldin badago joera hori errepikatzeko, badakit kapaza izango naizela disfrutatzeko eta borrokan ibitzeko ere bai. Gustatuko litzaidake aurreko txapelketan moduan finala disfrutatzea, eta badakit disfrutatuz gero gauzak ondo irtengo direla.

Betiko galdera. Faboritorik ikusten duzu?

Faboritoak, ez dakit. Azkenean, izen batzuk daude, ibiliak direnak: Oihane, Iñaki, Manex, Xabi ere bai... oker ez banago, laugarren finala du jarraian. Nahiko final zabala ikusten dut. Nik esango nuke hor gauden seietatik, topikoa ematen badu ere, edonork irabaz dezakeela. Neure burua ere ikusten dut aukeraren batekin eta saiatuko naiz hori aprobetxatzen.

Hain zuzen, hiru txapeldun daude, baina aurreko finalean bi zeuden.

Bai, Paula, Xabi eta hirurok gaude oraindik txapela janztea zer den ez dakigunak, baina txapelketa nondik joan den ikusita, fase guztietan nahiko goian ibili gara; horrek esan gura du aukeraren bat egongo dela gu besteak baino hobeto geratzeko. Faktore asko sartzen dira, eta ahalik eta ondoen egin eta disfrutatzeko kapazak bagara, publikoak ere disfrutatuko du.

Hori ere bada helburua, ezta?

Bai, bai. Norbere helburu indibidualetatik aparte, helburu kolektibo bat izaten da finala bera entzuteko polita izatea. Horrek beti publiko gehiago erakartzen du, gero ahoz aho zabaltzen da mezu positibo bat eta azkenean Arabako bertsolaritzak hori ere behar du.

Zein ahulgunek edo saihestu nahi duzun zerk ematen dizu arrisku sentsazioa?

Badago ariketa bat, finalean bakarrik kantatuko duguna, seiko motza, eta ez gaude oso ohituta hori abesten. Ez dut esan nahi saihestu gura dudala, zeren gustatzen zait, baina nahiko konplikatua izaten da neurri horretan asmatzea. Pentsatzen dut ez dela izango nire kezka bakarrik eta igual ariketa horrek diferentzia batzuk markatuko dituela.

Eta indargunea edo konfiantza ematen dizuna?

Nik beti bakarka oso gustura egin izan dut bertsotan, edo beti gustatu izan zait apur bat gehiago umoretik kantatzea seriotik baino. Orain arteko txapelketan atera dudan puntuazioa-eta apur bat aztertuta, esan nezake puntu indartsua hori izan litekeela.

Aurreko finalean hiru aramaioar egon zineten; oraingoan, lau.

Bai, bai. Egia da guk oso ondo prestatu dugula bertso eskolan txapelketa, arreta bereziagaz. Astero-astero elkartu gara eta esan dezagun lanak bere saria eduki duela. Guretzat oso final berezia izango da, bai guretzat eta uste dut Aramaioko bertsozale askorentzat ere bai.

Aramaioko eta Debagoiena osoko askorentzat, ezta?

Bai, bai, badakigu ingurutik plan asko entzun direla egun horretarako, lagun, senide, kuadrilla eta inguruko jende pila bat animatuko dela eta hori beti da berezia guretzat.

Aurreko finalean moduan, bi emakume egongo dira. Duela hiru urte esan zenuen Paulak sartzeko aukera edukiko zuela.

Bai. Paularekin oso harreman gertukoa daukat, betidanik eduki dut, eta nik pentsatzen dut bertsolaritza nahiko modu antzekoan ulertzen dugula. Neure buruagatik asko pozten naiz, baina Paula ere finalean egotea niretzat kristoren indarra da, eta esango nuke bai niretzat, bai Manexentzat eta Xabirentzat; azken batean, laurok batera prestatu dugu txapelketa hilabete luzeetan.

Aurten Europa Jauregian da finala. Agertoki aldaketa horrek zelan eragingo dizue?

Komentatu dugu, bai, bertsolarion artean. Nik Principalen behin bakarrik kantatu dut, eta egia esaten badizut, Europan asteartean [finalaren prentsaurrekoan] egon nintzen lehenengo aldiz. Areto polita da eta hara ere ilusioz joango gara. Beharbada Principalen askotan kantatu duen batek esango du haren falta igartzen duela; nik oso oroitzapen ona daukat, baina leku aldaketa ez da niretzat arazo bat, azkenean ohituta gaude aretoz areto ibiltzen.

Oihane Perea Perez de Mendiola

«Kosta zaio, baina badator belaunaldi aldaketa, ‘casteller’ baten antzera»

Gasteizen jaio zen 1977an, eta Zalduondon bizi da. Lautan jantzi du txapela, 2007an, 2009an, 2013an eta 2017an. Arabako Lautadan eta Mendialdean bertso irakasle dabil hezkuntza arautuan azken 20 urteetan, bertso eskoletan ere bai. Transmisio katearen parte da eta kate hori oso modu espezialean bizitzen ari da txapelketa honetan etxean daukalako honen guztiaren zentzua ere.

Lau gizonezko eta bi emakume zarete finalistak, azken txapelketan bezala. Lehen normalean zu bakarrik izaten zinen. Finalerdietan beste hiruzpalau emakume izan dira; beraz, ez dirudi kasualitatea. Poliki-poliki aurrera goaz?

Neba-arrebatasunetik bizi dugu Araban bertsogintza, harreman oso estua daukagu. Emakumeak beti egon gara. Zoritxarrez, atarian gelditu dira askotan. Azkenekoan Aroa Arrizubieta sartu zen, Andere Arriolabengoa ere finalista izan da, eta honetan Paula Amilburu daukagu. Lan handia eginda, konfiantza asko jorratuta, salto hori eman dugu. Gehiago ere egon zitezkeela iruditzen zait. Kosta zaio, baina badator belaunaldi aldaketa. Gazteak oso prestatuta, motibatuta daude, eta oso gauza politak egiten ari dira.

Txapelketaren irudia harri pila bat da, oinarrian handiagoa, gorantz joan ahala txikitzen doana. Goikoa da txikiena, badirudi jausiko dela, baina guztiek eusten diote, casteller batean bezala. Hala irudikatzen dut Arabako bertsogintza. Ume pila ditugu bertso eskolan, mailaz maila ea goraino nor iristen den. Txapelketa nagusia azken harria izan daiteke, udazkenean arabar ordezkari bi joango dira. Modu kolektibo eta indibidualean, bietan landu, bizi eta gozatzen ari naiz.

Europa Jauregia probatuko duzue. Zer sentsazio izan dituzu aurkezpena bertan egitean?

Areto berriak aldaketa garai baten mugarri bat marka dezake. Oso polita da. Urduri sentitu naiz pixka bat, ezagutzen ez dugun areto batek ematen dituen sentsazioekin.

Lau aldiz jantzi duzu txapela. Pentsatzen dut ez dela hori izango oraingoan zure motibaziorik handiena.

Finalerdietara iritsi nintzen final-laurdenetan akatsen bat eginda. Atera nuen indarra eta pozik nago egin nuen saioarekin. Nahiko nuke finalera aldarte horrekin ateratzea. Bosgarren txapel batentzako lekua badugu, baina ez da hori nire obsesioa, beste patxada batekin bizi dut. Posizio ona da bertsotarako; ez dut txapela defendatu behar. Bizitzako etapa honetan ditudan bizipen eta pentsamenduak taularatu nahi ditut. Eskaparate bat da, emakume heldu bat naiz, badut esperientzia bat, eta hori erakustea dagokit. Final garaikide guztiak jokatu ditut, pertsona bezala nola egiten joan naizen ere ikusi du jendeak, nahiko gardena naizelako. Bertsolari sentitzen naiz heldutasunak ematen duen plusarekin. Eta pozik nago badatozenekin konpartitzen dudalako bidea.

Berezia izaten ari da txapelketa hau.

Bi seme ditut, 11 eta 17 urtekoak, eta lehenbizikoz bizitzen ari gara txapelketa elkarrekin zerbait handia bezala. Biek bertsotan egiten dute pixka bat. Ama bezala oso momentu kuriosoa izaten ari da, transmisioa oso modu intentsoan bizitzen ari garelako etxean. Haien babesa sentitzen dut, prestatzen ere lagundu didate, eta datozen urteetan alderantziz izatea gustatuko litzaidake. Eskolartekoan ibili da bat, nire ikaslea ere bada txikiena hezkuntza arautuan.

Ez dira kezka bat niretzat baizik eta babes bat.

Nola eragin dizu pandemiak?

Alde onak ere atera dizkiogu. Gustatzen zaidana egiteko garaian nago. Txapelketa gauzatzeko baldintzarik ez zegoenez iaz, binakakoa egin genuen. Manu Bengalarekin bikotea osatu eta neba-arrebatasun sentimendu polit batekin bizi izan nuen. Elkarri eutsi genion bertsolariok ez jausteko, bertsolaritzari eusteko. Banakako txapelketara gauden baldintzetan heldu bagara, horri esker ere izan da.

Serapio Lopezek jarriko du txapela.

Irakasle izan nuen ikastolan. Bertso eskolan denak helduak ziren engainatu ninduenean. Klase partikularrak ematen zizkidan patio orduan, eskeleto batekin laborategian. Oinak ematen zizkidan. Eskolarteko batean parte hartzeko konbentzitu ninduen, eta handik bertso eskolara joateko. Geroztik 30 urtetik gora pasatu dira eta hor nabil, irakasten eta bertsotan. Pozgarria izango da harri pilaren goian txapela jartzen ikustea.