NAIZ

Gipuzkoako erakundeek jaietako eraso matxisten prebentzioan «konpromisoa» adierazi dute

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek indarkeria matxistarik gabeko jaien aldeko «konpromiso partekatua» dutela aldarrikatu dute. Hori horrela, festetako eraso sexisten prebentzioan «politika argiak» hartuko dituztela adierazi dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko eta udaletako ordezkariak, jaietako eraso matxistak ekiditeko duten konpromisoaren berri ematen.
Gipuzkoako Foru Aldundiko eta udaletako ordezkariak, jaietako eraso matxistak ekiditeko duten konpromisoaren berri ematen. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA )

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurralde historikoko udalek indarkeria matxistarik gabeko jaiak aldarrikatu dituzte astearte honetan. Horretarako, sexu erasoen aferan «konpromiso partekatua» dutela azpimarratu dute eta bai udalek eta bai Aldundiak jaien antolaketan, sentsibilizazioan eta prebentzioan, biktimentzako arretan eta erasoen aurkako erantzun publikoan «politika argiak» ezarriko dituztela jakinarazi dute.

Premisa moduan, astearte honetan egindako agerraldira hurbildu diren agintariek, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta gipuzkoar herrietako 27 alkatek eta 22 zinegotzik, azaldu dute jaien testuinguruak jokabidearen eta harremanen «mugak urratzeko» bidea ematen duten espazio ludikotzat hartzen direla. Alabaina, azpimarratu dute urratze ludiko horiek ezin direla «aitzakia» izan udalerrietako jaietan emakumeen aurkako sexu «indarkeria matxista legitimatzeko edo normalizatzeko».

Era berean, erakundeetako ordezkariek nabarmendu dute jaietako aisia eta gozamena emakumeen «eskubidea» dela, eta eskubide hori «berdintasunean gauzatzeko aukera» izan behar dutela.

Hori horrela, beraien konpromisoa lau bloke nagusitan banatu dute: jaien antolaketa, sentsibilizazioa eta prebentzioa, biktimentzako arretan eta erantzun publiko edo instituzionalean.

Jaien antolaketari dagokionez, Aldundiak eta Udalek azaldu dute jaiak antolatzeko sortzen diren lan espazioetatik hasiko dela jaietako eraso sexistak ekiditeko lana: «Konpromisoa hartzen dugu espazio horietan emakumeen aurkako sexu indarkeria matxista kontuan hartzeko, horri aurre egiteko neurriak hartzeko eta neurri horietan inplikatuta dauden gizarte eragileen konpromisoa bultzatzeko».

Bestetik, indarkeria matxista saihesteko sentsibilizazio kanpainak sustatuko dituztela iragarri dute. «Ildo horretan, emakumeei ez zaie erantzukizun mezurik edo zaintza mezurik bidaliko, mezu horiekin indarkeria matxistaren funtzio soziala indartu baino ez baita egiten: emakumeak kontrolatzea», esplikatu dute.

Eraso bat baldin badago, udalek eta Aldundiak iragarri dute udaletako zerbitzuak egoera horretara moldatuko dituztela eta biktimari «lehen mailako arreta egokia» bermatuko diotela. Hori bai, eskura dituzten zerbitzu eta baliabideekin.

Azkenik, adierazpen instituzionalei dagokienez, udalek eta Aldundiak konpromisoa hartu dute erasoak publikoki gaitzesteko. «Erantzun publiko horren printzipio gidariak hauek dira: emakumeei sinestea, haien borondatea errespetatzea eta biktimei ordaina ematea. Horretarako, edozein adierazpen publiko egin aurretik, funtsezkoa da emakumeek arreta egokia jaso dutela bermatzea», adierazi dute.

Bukatzeko, gizarte osoari dei egin diote, nork bere erantzukizunaren barruan, indarkeria matxistaren aurkako konpromisora batzeko.