Iraide Ibarrondo

Indarkeria matxistaren aurkako «Herri Ituna», mugimendu feminista eta neurri zehatzik gabe

Emakunderen bitartez, indarkeria matxistaren aurkako «Herri Ituna» bultzatu du Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak. Aurkeztutako dokumentuak konpromiso orokorrak jasotzen ditu, neurri zehatzik gabe, eta mugimendu feminista haren erredakziotik kanpo gelditu da.

‘Berdintasunaren eta indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Ituna’-ren aurkezpena, Bilboko Azkuna Zentroan.
‘Berdintasunaren eta indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Ituna’-ren aurkezpena, Bilboko Azkuna Zentroan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez, astearte honetan Bilboko Azkuna Zentroan aurkeztu du indarkeria matxistaren aurka osatu duen «Herri Ituna»: ‘Berdintasunaren eta indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Ituna’. Aurkezpen ekitaldian nabarmendu dutenez, itunaren sortze prozesuan «ehun erakundek, 38 lan-taldek eta 450 pertsonak baino gehiagok» hartu dute parte, baina Euskal Herriko mugimendu feministaren eragile nagusiak erredakzio prozesutik at gelditu dira.

Sektore desberdinetako hamaika eragilek hartu dute parte itunaren osaketan, hala nola, Athleticek, Famek Kongoko euskal emakumeen elkarteak, EGIk, EGK Gazteriaren Kontseiluak, UGT sindikatuak, EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta EAEko hamaika udaletxek, tartean Barakaldokoak. Barakaldoko udalaren atxikipenari dagokionez, aste honetan bertan, Argitan talde feministak Iratxe Focesen, Emakumeen arloko zinegotzi jeltzalearen, dimisioa eskatu du udalerriko 90 urteko emakume baten indarkeriazko heriotzaren aurrean protokoloa ez aktibatzearren.

Ildo honetatik, Argitan, EHko Emakumeen Mundu Martxa eta EHko Bilgune Feminista bezalako eragileak itunetik kanpo gelditu dira. Emakundetik esplikatu dutenez, eragile hauei parte hartzeko «gonbidapena bidali» zitzaien.

Testuinguru honetan, itunaren bederatzigarren konpromisoak talka egiten du mugimendu feministaren ausentziarekin, ondokoa baitio: «Emakumeen mugimenduekin, feministak diren eta Euskadin berdintasunaren alde lan egiten duten taldeekin aliantzak sortzea». Era berean, talde feminista hauei «elkarrizketa soziopolitikorako» eta haien proposamenen eraginerako «erraztasunak» emango dizkietela adierazi du itunak. Gainera, eragile feministak «baliabideekin laguntzea» aurreikusten du dokumentuak.

Ituneko konpromisoak 2026ra arte egongo dira indarrean eta hamar lan arlo nagusitan sailkatu dituzte: justizia ekonomikoa, emakumeen eta neskatoen ahalduntzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista, haurtzaroa eta nerabezaroa (belaunaldi gazteenak), zaintzak, gizonen eta mutikoen inplikazioa, trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala, emakumeen mugimenduak eta lidergo feministak eta «gobernu ona».

Konpromiso orokorrak

Justizia ekonomikoaren arloan, emakumeen autonomia ekonomikoa eta lan duina «bultzatzeko» konpromisoa barnebiltzen du itunak, baita soldata arrakala «txikitzearena» ere.

Ahalduntzearen aferan, emakumeek erabakiak «askatasunez» hartu ditzaten bermatuko dutela eta «heziketa sexual integrala» bultzatuko dutela adierazi dute sinatzaileek. «Emakumeen haien gorputzari, sexualitateari eta erreprodukzio-bizitzari buruz autonomiaz estereotipatu gabeko erabakiak hartzea bultzatzea», zehaztu dute. Gainera, emakumeei «kristalezko sabaia gainditzen lagunduko dioten mekanismoak» helaraziko dizkietela promes egin dute sinatzaileek, baina ez dute zehaztu «mekanismo» horiek zeintzuk izango diren ezta non aplikatuko diren.

Genero indarkeriaren kasuan, legea garatzeko, birbiktimizazioa saihesteko neurriak martxan jartzeko eta biktimen erreparazioa bultzatzeko konpromisoa hartu dute itunean parte hartu dutenek. Gizon eta mutikoen «esku-hartzea» bilatuko dutela ere adierazi dute, baina hori nola lortuko duten azaldu gabe.

Haurtzaroa eta nerabezaroari dagokionez, umeei berdintasunena oinarritutako heziketa txikitatik eskaini behar zaiela nabarmendu dute, estereotipoak deseginez. Era berean, belaunaldi gazteenei «emakumeen aurkako bereizkeria identifikatzen» erakutsi behar zaiela ebatzi dute, besteak beste.

Bestetik, zaintza publikoei «geroz eta indar handiagoa» emango diotela adierazi dute. Esparru honetan azpimarra berezia egin dute etxeko langileen kasuan, lan mota hori «batez ere prekarizatua» dagoela esanez eta lan baldintzak hobetu behar zaizkiela aitortuz.

Azkenik, «gobernu ona» ataleko neurri zehatzenak ondokoa dio: «Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunera bideratutako baliabide pertsonalak, ekonomikoak eta materialak handitzea. Zifrarik ez dute aipatu, ordea.