NAIZ

Ekainaren 23an jarriko dira salgai Bertsolari Txapelketa Nagusiko sarrerak

Ekainaren 23an jarriko dira salgai Bertsolari Txapelketa Nagusiko sarrerak, finalekoak barne.

Maialen Lujanbio da egungo bertsolari txapelduna. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Maialen Lujanbio da egungo bertsolari txapelduna. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ekainaren 22an aurkeztuko dute Bilbon udazkenean jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusia eta, egun bat beranduago, hilaren 23an, jarriko dituzte sarrerak salgai, Bertsozale Elkarteak ohar batean jakinarazi duenez.

Sarrera guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira. Bazkideek finalerako sarrera bermatuta izango dute astebetez, eta behin epe hori pasata, gainerako zaleen lehentasun bera izango dute finalerako sarrera eskuratzeko.

Salmenta goizeko 9.00etan hasiko da aipatu atarian. Txapelketa osoko saioetarako sarrerak erosi ahal izango dira, bazkide, ez-bazkide eta gazte salneurriak bereiziz (gazteen sarrera 2004tik aurrera jaiotakoek baliatu ahal izango dute, urte honetakoak barne, eta 6 urtetik beherako haurrek ez dute sarrerarik beharko, baldin eta ez badute eserlekurik beteko). Erosketa online egiteko zailtasunak dituztenei laguntza emango zaie Bertsozale Elkarteetan, batez ere eten digitala saihesteko.

Nafarroako Bertsozale Elkartean, gainera, finalerako sarrera fisikoak eskudirutan erosteko aukera izango da ekainaren 23tik 30era: zerbitzu hau 10.00-14.00 eta 16.00-18.00 bitarte eskainiko da aipatutako egun horietan.

Gainerako saioetarako sarrerak fisikoki erosteko aukera ere izango da irailetik aurrera, baldin eta lehenago amaitzen ez badira. Bertsozale elkarteak aurrerago zehaztuko du zeintzuk izango diren salmenta puntu horiek.

Txapelketa irailaren 24an abiatuko da Getxon eta Iruñeko Nafarroa Arenan izango da finala, abenduaren 18an.