Eibarren proiektu berriaren eraikitzea martxan dago. Iaz ez bezala, armaginek bidearen zati handi bat eginda daukate baina gutxienez zortxi fitxaketa egin behar dituzte taldea osatzeko. Lehenbizikoa, gaur bertan heldu da: Rios Reinak, eskarmentu handiko hegalekoak, bi denboraldirako kontratua sinatu berri du gorri-urdinekin.
Sevillan orain dela 32 urte jaiotakoa, Jose Antonio Rios Reinak Sevillaren harrobian eman zituen lehen urratsak baina Real Madrileko «fabrikatik» ere pasatu zen. Izan ere, Castillako kamisetarekin igo zen Bigarren A mailara eta han eman zituen hurrengo lau denboraldiak, Castillan bertan, Mirandesen eta Llagosteran jokatuz. 2016an urrats bat eman zuen atzera, Bigarren B Mailako Ponferradinarekin sinatzeko eta han jarraitu du orain arte.
Boloren konfiantzazko gizona, lesioek besterik ez dute hamaikakotik atera entrenatzaile bizkaitarrarekin lan egin duen bitartean. Hegaleko ezkerti fina da, indarrez ere ematen dio baloiari eta ekarpen garrantzitsua dauka joko ofentsiboan.
Bere fitxaketak, bestetik, Eibarrek talde erakargarria izaten jarraitzen duela erakusten du, Bigarren Mailako klub dezentek baitzuten –Granada eta Levante jaitsi berriek, besteak beste– bere izena agendan. Ponferradinak berak berritzeko aukera luzatu zion baina jokalariak kamiseta gorri-urdina janztea nahiago izan du.
Rios Reinak Toñoren hutsunea beteko du, madrildarrak «1+1» hitzarmenarekin sinatu baitzuen aurreko udan eta, beraz, ekainaren 30ean amaituko da bere kontratua. Baliteke, hala ere, Eibarrek bigarren futbolari bat fitxatzea ezker hegalerako, Glauderren errendimendua ez baita izan armaginek espero zutena. Kontratua dauka honek, hala ere, eta Eibar akordio batera heldu beharko litzateke aurretik, beraz.
18 jokalari dira, guztira, kontratua dutenak. 2023rarte Glauder bera, Arbilla, Javi Muñoz, Atienza eta Aketxe. Bi urtetarako, bestetik, Yoel, Cantero, Tejero, Venancio, Corpas, Exposito, Stoichkov, Correa, Quique, Sielva, Franchu eta Rios Reina heldu berria. Eta, azkenik, 2025ean amaituko da Rahmaniren kontratua.
Futbol Egokituaren Txapelketa
Ipuruak Eibar Hiria Futbol Egokituaren III. Txapelketa hartuko du bihar. Goizean jokatuko da, 10.45ak eta 12.30ak bitartean, eta Athleticek, Alavesek, Realak eta Eibarrek hartuko dute parte.
Gainera, Eibarreko Peña Genuine + PC aurkeztuko dute ofizialki.