Aulkitxotik gaur estreinatu duen gerriko eta elastiko gorria janzten bere aletxoa jarri ondoren, Jon Mariezkurrenak aurretik daukan urtea erraza izango ez dela berretsi dio Unai Lasori, Mikel Urrutikoetxea eraginkor batek lagunduta, Buruz Buruko txapeldun gisa jokatu duen lehen partidan Bizkarreta-Gerendiangoari eta Ander Imazi 22-13 gailenduta. Gainera, lehen partidan Jon Ander Peñak Asier Agirre 18-1 egurtu duenez, Anboto taldea abuztuan jokatuko den Bizkaia Torneoko finalean izango da abuztuan, igande honetan Arrigorriagan nagusitzen den Aspeko taldearen aurka.
Kantxan irabazi du Ander Imazek gaur egungo bere enpresaren erreferentzia nagusia izatea eta honek gauza on asko dituen arren, esaterako astelehenean kontratu berria sinatzeko bilera du Bilbon enpresarekin, baina kalteak ere badakartza, esaterako orain atzean aldeak ematea tokatuko zaiolako. Lagun handiak izanik, egungo Buruz Buruko txapeldunak eta Jon Mariezkurrenak gustura jokatuko lukete elkarrekin, baina Berriozarreko atzelariak gaur egun duen mailarekin, nekez jarriko dituzte batera bi nafarrak, bai behintzat enpresa bereko partidak jokatu behar dituztenean.
Nagusitasun osoz
Izan ere, biak ere enpresatik kanpo utzi bazituzten ere, Baikoko aurrelaririk eta atzelaririk onenak ez badira, onenetakoak dira bi gazte nafarrak eta buruz buruko txapelketetan alboan izango badu ere, binaka atzelari jotzailea sufritzea tokatuko zaio Lasori, gaur Zierbenan gertatu zaion bezala. Partida hasi den unetik, Mariezkurrenak erabat dominatu du Ander Imaz, Unai Laso urrutitik sartzera behartu eta Mikel Urrutikoetxeari aukerak sortuz. Zaratamoko aurrelaria ere sasoi puntu bikainean heldu da uda hasiera honetara eta, hasiera batean markagailuan aldea egitea kosta bazaie ere, Anboto taldekoak partida kontrolpean izan dute uneoro. Partida erdi aldera, pilotak apur bat gastatu direnean, izan dute Laso eta Imazek markagailuan gerturatzeko modua (13-15), baina Mariezkurrenak laster berreskuratu du partidaren aginte makila, lau huts egin arren sei tanto ere amaitu ditu, eta zuzenean joan dira 22.kartoira.
Eta puntu hau erabakigarria suertatu da, lehendabiziko partidan, lau eta erdikoan, Jon Ander Peñak txiki-txiki egin baitu burua altxa ezinik jarraitzen duen Asier Agirre (18-1). Emaitzak dena esaten du eta tolosarrak, bere hitzetan «profesionaletan buruz buru jokatu dudan partidarik onena» osatu badu, iruindarrak burua altxa ezinik jarraitzen du aspaldion.
Eta dena erabakita zela, Joanes Bakaikoak alperrikako garaipena lortu du Sollube taldearentzat, Jon Alberdiri 18/7 gailenduta. Partida hasiera orekatua eta piloteatua izan da, baina erditik aurrera Etxarri-Aranatzekoa oso nagusi izan da. Sakea izan du nafarrak bere armarik eraginkorrena, 5 tanto lortu baititu lehen pilotakadarekin, baina bestela ere, azpeitiarrak baino argiago izan ditu ideiak.