Musikaz blai igaro zuen astearte gaua Lapurdiko hiriak. Karrika eta plaza nagusietan musika emankizunak nonahi ospatu ziren udako aroa iragartzen duen ekimen ospetsuaren baitan.
Hala, Baiona Kantuzen saio bereziaz gozatzeko aukera izan zen Euskal Museoaren kanpoaldean, eta Epaiska ostatuaren inguruan erritmo azkarragoek gazteria dantzan jarri zuten.
Baiona Ttipian bertan, Patxa plazan, beste ospakizun batendako hitzordua eman zuten hiriko besten karietara egitarau alternatiboa garatzen duten Baionako Gazte Asanbladako lagunek.
Plazako oholtzatik Lukas Hiriart eta Lili Iriart asanbladak kideek luzaroan espero zen iragarpena egin zuten. «Hainbeste denbora itxaron dugu eta atsegin handiz iragartzen dizuegu ofizialki 3 urteren buruan berriz Baionako bestak ospatuko ditugula Patxa plazan» adierazi zuten.
Besta ofizialek sustatzen duten eredutik aldendu
Lehen unetik bestetako eredu ofizialarekin ez dutela bat egiten argi utzi zuten. «Azken urteetako edizioei erreparatuz, Baionako besten eskaintzaren parte handienarekin ezin dugu bat egin, gure hiria masazko kontsumorako espazioa bilakatzen baita 5 egunez», nabarmendu zuten.
Baionan bizi ez diren lagunek 2019an ospatu zen bestetako azkeneko edizioan bezala aurtengoan ere sarrera ordaindu beharko dute asteburuan besta eremurat sartzeko.
Are, prezioa igotzea deliberatu du Udalak, sarrera 8 eurotik 10era pasata. Erabakiak, bistan denez, hainbat kritika eta ika-mika sortu du hirian.
Besta alternatiboen antolatzaileen ustez guztiz inkoherentea da Baiona ixtea eta zentrorako sarrera ordainaraztea «segurtasun arazo eta arrazoi ekonomikoengatik».
Besta alternatiboek, beraz, alderantzizko ikuspegia nahi dute erakutsi eta, besteak beste, euskararen presentzia indartuz eta oroz gainetik «biztanleek antolaturiko eta biztanleentzako» bestak bultzatuz.
Era berean, Baionako Gazte Asanbladak beharrezkotzat jotzen du Baionako besten eraginaren gaineko hausnarketa egitea.
Hala, euren aztarna ekologikoari adi egonen direla adierazi zuten besta alternatiboen antolatzaileek. Hala, tokiko zirkuituak eta material berrerabilgarriak erabiltzeko eta hondarkinak murrizteko engaiamendua mahaigainean ezarri zuten.
Bortizkeria sexista eta homofobia saihesteko protokoloa
Euskal Elkargoak eraso sexistak ekiditeko protokoloa landu du aurten Ipar Euskal Herriko 158 udaleri tresna berria eskainiz.
Baionako besta alternatiboen antolatzaileek arreta berezia eskainiko diote arazo larri horri.
Hala Asanbladako kideak «Planning Familial eta Paf elkarteek antolatutako formakuntzan parte hartzeko gogoz» daude erakunde feministek eta LGBTQIA+ kolektiboak aholkatzen duten protokoloa plantan ezartzeko iragarri zuten.
«Patxa plazan erasotzaileak ez ditugu onartzen eta halakorik ikusiz gero, besta gunetik kanporatuko ditugula segurtatzen dugu» azpimarratu zuten besta alternatiboak bueltan direla iragartzeko Musika Bestaren erdian egin zuten agerraldian.