Hurrengo astean bukatuko den 2021-2022 ikasturtearen hastapenean Larraineko eskola publikoan euskarazko murgiltze eredua eskatu zuten burasoek eta langileek, baina ezezkoa jaso zuten. Hurrengo ikasturteari begira eskaera bera egin dute orain eta ezezkoa jaso dute berriz. Hezkuntza Nazionaleko ordezkariei biltzeko galdetu diete, baina ez dutenez erantzunik jaso burasoek eskola okupatu dute.
Aurreko astean hasi ziren mobilizazioak, Ortzaize, Irisarri, Barkoxe eta Idauze-Mendiko eskola publikoak okupatu zituzten burasoek, Larrainekoarekin batera, azken honen deialdiari jarraiki, sostengua erakusteko.
Zuberoako herrian mobilizazioak hasi besterik ez direla egin nabarmendu dute, euskarazko hezkuntza osorik eskaintzen duen eredua izan arte. Astelehenean eta asteartean eskola okupatuko dute, eta asteazkenean Bordelera joanen dira Irisarriko eskolako burasoekin batera.
Eskualde Hizkuntzetako Kontseilu Akademikoak Bordelen duen egoitzaren kanpoaldean elkartuko dira. Eta bertan ekintza bat egiten entseatuko direla baieztatu du Maitesa Accoceberry Larraineko eskolako amak. Ostegunerako ere beste zerbait prestatzen ari direla baieztatu du.
Irisarriko eskola
Nafarroa Behereko herriko burasoek euskararen presentzia handitzea eskatu dute lehen hezkuntzan; gaur egun duten denbora erdiko eredu elebiduna beharrean euskaraz hiru laurdenez egitea galdegin dute, baina hauek ere ezezkoa jaso dute. Hori dela eta mobilizazioak abiatu dituzte Larrainerekin batera.
Barkoxeko eskolak ere murgiltze eredua ezartzea galdetu zuen joan den asteazkenean, baina oraindik ez du erantzunik jaso.
Astelehen goiz honetan errektoreari eta Akademiako inspektoreari emaila igorri diete hainbat eskolatatik, burasoen argazkiekin sostengua erakusteko.
Mobilizazioa bigarren urtez
Joan den urtean abiatu zen murgiltze eredua lortzeko mobilizazioa Larrainen. Bukatu berri den ikasturtearen hasieran Idauze-Mendi, Ortzaize eta Aiherrako eskolekin batera kanpaina egin zuten euskaraz osorik hezkuntza lortzeko.
Beste hirurek lortu zuten, baina Larrainek ezezkoa jaso zuen, klase bakarreko eskola dela argudiatuta. «Baina ez dakigu hori den ere, zeren bi inspektoreekin bilkurak izan ditugu, baina gero entzun dugu inspektorea erraten politika mailan zela blokeatua. Ontsa ulertu dugu politika afera bat zela» zehaztu du Accoceberryk.
Eskolako buraso guztiek murgiltze eredua nahi dutela baieztatu dute, baina horrek ez du egoeran eraginik izan.
Irailean, beste hiru eskolak murgiltzea lortu zutenean Larrainen protesta luzatu egin zuten, baina ezezkoa izan zuten behin eta berriz, nahiz eta eskola okupatu, herriko auzapezak mobilizazioarekin bat egin eta ikasturtearen lehen egunetan klaseak erretretan dagoen irakasle euskaldun batek eskaini zituen.
Barkoxeko eskola ere klase bakarrekoa da, beraz jasoko duen erantzunaren zain dira egoeraren parekotasuna dela eta.