Pirinioetako gailurrak argiztatuko dituzte Euskal Herriko eta Kataluniako erabakitzeko eskubidearen defendatzaileek larunbatean, eta aukera baliatu nahi izan du ezkerreko independentismoak hausnarketa egiteko. «Partida dugu, bai ala ez?», «Iniziatiba politikoa zertan da?», «Zeintzuk dira nazioarteko irakaspenak?»; galdera hauek eta beste batzuk erantzun dituzte Gorka Elejabarrieta EH Bilduko Nazioarteko arduradunak, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak, eta Sortuko Ekintza Politikoko arduradun den Kizkitza Gil de San Vicentek, Iratzar Fundazioaren mahai-inguru batean.
Iritzia emateaz gain saio telematikoa gidatu duen Gil de San Vicentek «arriskatzeko» beharra nabarmendu du solasaldiaren bukaeran, laburpen gisa. Eta egiteko hauek marraztu ditu, «anbizioa» izatearekin batera: «Lana, ikuspegia, abilezia, ahalmenari eutsi, gehiengo soziala artikulatu, indartsuak izan…».
Egungo momentuari buruzko definiziotik abiatu dira. Elejabarrietaren aburuz, bistan da mundua «fase nahasian» dagoela eta «gaur artekoak ez duela balio», kateatzen ari diren krisi ezberdinek egiaztatu dutenez. Testuinguru honetan «burujabetza aldarrikatzen duten indarrak gero eta indartsuagoak izatea ez da arraroa», ez eta «elkarlanaren balioa handitu izana» ere.
Askotan oharkabe pasatzen diren euskal mugarri batzuk ekarri ditu gogora Rodriguezek: «Partida egon badago, zalantzarik gabe –erantzun dio Gil de San Vicentek luzatutako galderari–. Ezkerreko independentismoa geroz eta indartsuagoa da –aipatu du, azken adibidea frantziar hauteskundeen lehenengo itzulian EH Baik lortutako emaitza delarik–. Inoizko mobilizazio handienak izan ditugu azken urteotan, eta askotariko gaiengatik gainera: Gure Esku, feministak, pentsiodunak...»
Kizkitza Gil de San Vicente: «Azken hamarkadotan gehiengo abertzale bat metatu dugu, demokratikoa, subiranista. Anbizio politikoa gehitu behar zaio orain»
Baina agertoki desegonkor honetan, zertarako balio dezake honek? Gil de San Vicenteren hitzetan, «azken hamarkadotan gehiengo abertzale bat metatu dugu, demokratikoa, subiranista. Anbizio politikoa gehitu behar zaio orain, aukera egon badela sinestea falta da».
Lekukoa hartu dio Elejabarrieta senatariak. Etorkizuneko aukerak nondik etorriko diren «ez dakigu ondo», aitortu du. Gauzak honela, «agertokiak prestatu behar ditugu» eta ildo horretan Gure Esku eta Kataluniako eragileen ekimenaren zentzua txalotu du: «Elkartasunetik elkarlanera pasa behar dugu», indarrak batuz, «Bruselari begira» batez ere. «Galderak sinpleak dira: adibidez, Eskozian bozkatu badaiteke, zergatik ez Euskal Herrian?».
Ortzimuga hori delarik, «pazientzia estrategikoa» aldarrikatu du, «eta hau ez da aitzakia. Irlandan autodeterminazio eskubidea 1998. urtetik onartua dute eta oraindik ari dira», oroitarazi du, azken finean gauzak lortzen joateko gakoa «indar harremana delako». Irlandako adibide berberari eutsiz, duela 24 urte Sinn Féin gaur egun duen indarra segur aski ez zuela aurreikusiko aipatu du. Kontrakoa gerta zitekeen ere, ahultzen joatea, baina errepublikarrek bidean asmatu dutela frogatzen ari da.
Bide horretarako zenbait ideia mahaigaineratu ditu Rodriguezek: «Narratiba subiranista potente bat behar dugu: subiranismoa ongizatearekin lotu behar dugu, gehiengoarentzako babes leku gisa aurkeztuz». «Brotxa loditik pintzel finera pasa behar dugu: transizio energetikoaz, babes sistemaz... gauza guzti hauetaz eskaintza politiko egingarria egin behar dugu».
Iniziatiba politikoa
«Ezkerreko independentismoa zerbaitek ezaugarritu badu, patioa mugitzeko gaitasuna izan da –aipatu du Kizkitza Gil de San Vicentek saio honen une batean–. Iniziatiba politikoa prozesuan salto politikoak egiteko beti». Ados izan da Gorka Elejabarrieta, Albert Einsteinen esaldi famatua eztabaidara ekarriz: betiko gauzak betiko modura egiten ezin da emaitza ezberdinik espero. Eta hau erantsiz: «Egunik gabeko prozesua da hau. Eta ez dago betiko garaipenik edo betiko galerarik».
Arkaitz Rodriguez: «Batailaren emaitza hein handi batean egiten dugunaren araberakoa izango da: botere bokazioa eta botere estrategia behar ditugu»
Sortuko idazkari nagusiaren hitzetan, egungo garaietan «arrisku handiak daudela egia da, baina aukera handiak ere bai». Pandemia jarri du adibide, ezker independentismoak egin ohi dituen zenbait hausnarketa frogatuta gelditu baitira: sistemaren agorpena, elkar zaintzaren beharra, benetako burujabetzarik ez dela... Gauzak honela, hauxe esan du: «Batailaren emaitza ez dago erabakita, hein handi batean egiten dugunaren araberakoa izango da. Botere bokazioa eta botere estrategia behar ditugu. Gu ez gara konfort ideologiko esparru batean gotortzeko sortu. Anbizioz jokatu behar dugu».
Zehatzago mintzatu da Rodriguez honi buruz: «Bi erronka jarriko nituzke. Lehena, akordio eta elkarlan zabalenak artikulatzeko apustua egin behar dugu. Bigarrena, herri egiten gaituzten zutabeak gaurtik indartu behar ditugu, nazio eraikuntza deitu dugun hori, duela 60 urteko herri bulkada hura berpiztuz».
Nazioarteko irakaspenak
Eta Pirinioetatik zer ikusiko da uztailaren 2an? Nazioarteko irakaspenak jorratu ditu Gorka Elejabarrietak, aspaldi lan horretan metatutako ezagutzatik. Arriskuak baino, aukerak ikusten ditu EH Bilduren Nazioarteko arduradunak, bi arrazoi nagusirengatik: «Duela 20 urtetik hona Estaturik gabeko herri gehienetan independentismoa txikia izatetik nagusia izatera pasa da (Eskozia, Irlanda, Flandria, Korsika, Euskal Herria, Katalunia…). Bigarrena, gero eta auzi gehiago erabakitzeko eskubidearen bidez konpontzen dira», erantsi du, David Cameronek egin zuela inoiz ez zukeelako egin Margaret Thatcherrek. Bere ustez, bilakaera horretan «Espainiari eta Frantziari gero eta zailago egingo zaie euskaldunok erabaki dezagun geldiaraztea».
Gorka Elejabarrieta: «Espainiari eta Frantziari gero eta zailagoa egingo zaie euskaldunok erabaki dezagun geldiaraztea»
Eskoziak azkenean erabaki egingo duela argi du senatariak: «Erreferendum adostuan edo adostu gabekoan? Ez da hain inportantea». Eztabaida hau «hein batean antzua dela» uste du Arkaitz Rodriguezek ere. Gako nagusitzat beste bat hartzen dute, «indar harremanarena». Eta bide horretan «Estatu egiturak sortzen» joatearen garrantzia aipatu du Sortuko idazkari nagusiak, burujabetza handitzeko asmoz egunero jokatuz, egunen batean «jauzia alde bakarrez eman behar badugu, ahalik eta txikiena izan dadin, ez baita gauza bera hamar metrotako jauzia edo hiru metrotakoa».