NAIZ

Langile bat atxilotu dute, sindikatuek «oso positibotzat» jo duten metalgintzaren greban

Ertzaintzak langile bat atxilotu eta beste bat identifikatu du Iurretako Arriandi poligonoan, Bizkaiko eta Arabako metalgintzaren grebaren baitan. Jarraipenari dagokionez, «oso positiboa» izan dela esa dute sindikatuek.

Metalgintzaren sektoreko bigarren greba eguneko manifestazioa, Bilbon.
Metalgintzaren sektoreko bigarren greba eguneko manifestazioa, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Langile bat atxilotu eta beste bat identifikatu du Ertzaintzak ostegun goiz honetako 10.00ak aldera, Iurretako Arriandi poligonoan, Bizkaiko eta Arabako metalgintzaren greba egunaren testuinguruan. LABek gaitzetsi duenez, «langile talde bat gosaltzen ari zela ertzainek kargatu eta lagun bat atxilotu dute».

Atxilotutako beharginari «autoritateko agente baten aurkako atentatua» eta «erresistentzia larria» egotzi diote ertzainek.

Lanuztearen jarraipenari dagokionez, nahiz eta oraindik datu zehatzik ez izan, grebaren deitzaileak izan diren ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek balorazio «oso positiboa» egin dute. ELAk eta LABek «arrakastatsutzat» jo dute lanuztea eta, are gehiago, ELAk Bizkaian ostegun honetakoa ekainaren 23koa baino «arrakastatsuagoa» izan dela adierazi du (joan den astean %85eko jarraipena izan zuen grebak Bizkaian, ELAren arabera). «Zailtasun guztien aurrean, patronalaren lantoki barruko mehatxuak eta Poliziaren basakeria barne, greba egun historikoa izaten ari da», gehitu du LABek. Orotara, Araba eta Bizkaia batuta, 52.000 langile zeuden grebara deituta.

Lanuztera batu diren enpresa handienetako plantillen artean, Petronorreko kontratak, Pcb Sestao, Cie taldeko enpresak, Gestamp Bizkaia, Productos Tubulares, Arteche, Mercedes eta bere kontratak, Tubacex, CIE Automotive, Tubos Reunidos edo Alestis bereizi dira, besteak beste, sindikatuek emandako datuen arabera.

Ostiralerako, uztailaren 1erako, beste lanuzte bat dago deituta metalgintzaren sektorean. Alabaina, ELA, LAB eta ESK sindikatuek bertan behera utzi dute deialdia eta CCOO, UGT, CGT eta CNT dira ostiraleko deitzaileak.

ELAk gogorarazi duenez, greben helburua «aberastasuna banatzea da (KPIaren testuinguruan, eta lan karga eta irabaziak enpresetan), eta noski metalaren bi hitzarmenen edukiak hobetzea (subrogazioa, behin behinekotasuna mugatzea, emakumeen diskriminazioaren aurkako neurriak, lanaldi murrizketa...)».

Ildo honetatik, LABek zuzenean interpelatu du SEA, Arabako metalgintza sektoreko patronala: «SEAri exijitzen diogu jarrera harroputzak eta arduragabeak alde batera utz ditzala eta gaurkoan berriro ere batu diren milaka langileren ahotsa entzun dezan, sektoreak zein langileek behar eta merezi dituzten edukiak mahaira ekar ditzan. Pilota SEAren teilatuan dago, bilerak bertan behera utzi eta negoziazioa etengabe luzatu ordez, langileon aldarrikapenei erantzun behar die».