Maite Ubiria

Ipar Euskal Herriko autobusen linea guztietan erabili ahal izanen da Txik Txak txartela

2019an jarri zen martxan hiru lurraldeetako garraio sarea osatzeko desmartxa. Uztailaren 4tik goiti jauzi berria eginen du Euskal Elkargoak. Hala, Zuberoa, Nafarroa Beherea edo Lapurdiko autobus zerbitzu ezberdinak Txik Txak sarean txertatu ondoren 1,20 euroko tarifa bakarra ezarriko du.

Txik txak zerbitzuari buruzko afixa Zokoako autobus geldiune batean.
Txik txak zerbitzuari buruzko afixa Zokoako autobus geldiune batean. (Guillaume FAUVEAU)

Badira urte bi abian eman zuen Euskal Elkargoaren menpe jarduten duen mugikortasunen sindikatuak autobus zerbitzuaren sarea osatzeko prozesua.

Izan ere jauzi handia uztailaren 4an heduko da. Astelehenetik goiti Txik Txak txartela baliaturik hiru lurraldeetako garraioaren zerbitzua baliatzeko aukera izanen baitute herritarrek.

Chronoplus, Hegobus eta Car express bezalako zerbitzuak Txik Txaken txertatuko dira; orotara 45 linea sartuko dira sare berri horretan.

Horrekin batera, txartel bakarraren erabilpena beste hainbat garraio motara zabalduko da, hala nola Baiona eta Angelu itsasoz lotzen dituen txalupako bidaiariek ahalko dute baliatu, baita eskaeraren bidezko taxi edo minibus zerbitzuak erabiltzen dituzten herritarrek ere.

Berdin Amikuzen, Oztibarren edo Zuberoan barnealdeko herrietan bizi diren herritarrendako zinez garrantzitsua da norberaren beharretara egokitu daitezkeen zerbitzu horiek.

Izan ere, erabiltzailearen ikuspegitik aldaketarik handiena prezioa izanen da. Berdin dio zein ibilbide eginen den, txartelak prezio bakarra izanen du: 1,20 euro.

Orain arte Chronoplus eta Hegobus zerbitzuetako erabiltzaileek euro bat ordaintzen zuten, Car expresseko bidaiariek, berriz, euro bi.

Izan ere txartel bakarrarekin batera hainbat tarifa sozial sortuko dituzte, 65 urtetik gorako adinekoentzat, alde batetik, eta 28 urte arteko haur eta gazteentzat bestetik.

Eskola garraioari buruzko ika-mika

Txik Txak txartela eskuratzeko prozesuaren baitan txertatu du aurten Euskal Elkargoak eskola garraioaren erabiltzaileen izen-ematea.

Hain zuzen ere, aldaketa horren eskutik heldu den tarifikazio berriak ika-mika sortu du.

Ibilbideen arabera, hainbat  erabiltzaile 20 eurotik urtero 96 euroraino ordaintzera pasako dira. Horrendako sare sozialen bidez sinadura bilketa abian eman zuten ehunka gurasok.

Bere aldetik, Euskal Ellkargoak azalpenak eman ditu. Hala, Mediabask hedabidearekin hizketan, Euskal Elkargoko mugikortasunen sindikatuaren zuzendari orokorra den Fabien Duprezek 28 urtetik azpikoekoentzat hautatu den tarifa berezia «errazagoa eta argiagoa» izatea dela helburua azaldu du.

Polemika sortu duen eskola garraioaren prezioari helduta, «orain arte 2.000 ikaslek ez zuten eskola garraiorik ordaintzen eta bertze 14.000k bai, hainbat kasutan prezio altua ordainduta», oroitarazi du.

Mugikortasunen sindikatuko arduradunak aitortu duenez, txartel bakarraren sistemara igarotzeko «hainbat oreka behar izan ditugu aintzat hartu», baina bere erranetan ez da ahantzi behar ere «erabiltzaileak zerbitzuak duen kostuaren %10a baizik ez duela hartzen bere gain».

Orain arte hamar bat prezio ezberdin baziren, eta horren ordez hautua «elkartasunenezko tarifa» plantan ematea izan dela gaineratu du.

Duprezek iragarri duenez, «prezio bakarrari esker lurraldeko familia gehienek gutxiago ordainduko dute», eta lurraldetasunaren ikuspegitik ere abantaila ekarriko duela Txik Txakek defendatu du: 161 herritan irizpide berdina ezarriko baita.

Txik Txak txartel berria, gainera, eskola eta etxe arteko joan-jinak egiteko baliatzeaz gain asteburuetan edo oporraldietan ahalko dute baliatu haur eta gazteek.

Are, uda garaian zerbitzu berria baliatu ahal dezaten komunikazio kanpaina berezia egin du Euskal Elkargoak ikasturte amaiera honetan txartelen eskaera azkartzeko. Adinaren irizpidea hobetsiz, ikasleek soilik ez, langile gazteek ere prezio apalago batean ahalko dute autobusa hartu.