I-Ener enpresak 210 etxe hornitzeko adina elektrizitate sortuko du

2014an sortu zenetik ezarri dituen hamazazpi zentral fotovoltaikoei beste lau gehituko dizkie udan I-Ener enpresak Donibane Garazin, Saran, Ortzaizen eta Donoztirin. 235.000 euroko inbertsioari esker bost tona karbono dioxidoren emisioa saihestuko da.

Eraikin publiko ezberdinetan ezartzen dituzte instalazio fotovoltaikoak, frontoietan besetak beste.
Eraikin publiko ezberdinetan ezartzen dituzte instalazio fotovoltaikoak, frontoietan besetak beste. (I-ENER)

I-Ener enpresa herritar eta solidarioa beste proiektu batzuk ere garatzen ari da eta udazkenerako bere parkea handituko du: 24 zentral izanen dira eta potentzia egungo 497 kW-etatik 665 kW-era pasako da. Horri esker udazkenerako 210 etxebizitza hornitzeko adina elektrizitate ekoitziko duela kalkulatzen du enpresak.

Eraikin publikoen teilatuen tamainaren araberakoak dira zentralak. Sarakoa izanen da handiena 500 metro koadrorekin eta 35 etxebizitza hornitzeko beste elektrizitate sortuko du. Ortzaizen 180 metro koadrokoa izanen da zentrala, Donoztirin 120 metro koadrokoa eta Donibane Garazin 50 metro koadrokoa.

Dibertsifikaziora bidean, beste lan ildo batzuk ere aztertzen ari dira, adibidez, lehen zabortegiak ziren Bil ta Garbi sindikatu publikoarekin espazioetan panelak ezartzea. Horrela, kutsatutako lurrei erabilera ekologikoa ematea lortuko lukete. Egitasmoak bioaniztasunean izango lukeen eragina aztertzen ari dira uneotan.

Biomasari loturik beste proiektu bat garatzen ari direla ere azaldu du Bixente Mateo Lekumberri I-Enerreko langileak: «Nahiko genuke egurra energia moduan landu. Hergaraiko oihanez okupatzen den kooperatiba bat bada, egurra xehatzen duena eta hori erabiltzen ahal da energia gisa. Ikusi dugu hemen badirela petrolioa erabiltzen duten makina zahar anitz, eta horiek ordezkatzea posible da».

Mugaz gaindiko proiektu europar bat ere aztertzen ari dira: «Baziren lehen eihera anitz Iparraldean eta Hegoaldean, eta duten potentziala ikertzen ari gara, nola irudikatzen ahalko litzatekeen horrelako modelo bat berriz erabiltzeko. Administratiboki badira gauzak ikusteko, arrainekin eta horrela».

Energia eolikoarekin lotuta zenbait proiektu ere aztertu zituzten, baina ez dira garatzen ari, Ipar Euskal Herrian zona militar anitz badirelako, eta, aldi berean, jendartean ez direlako ongi ikusiak. Horrelako proiektuek arazo anitz sortzen dituztenez, oraingoz alde batera uztea deliberatu dute.

Funtzionamendua

Enpresa herritarraren egitura fotovoltaiko guztiak erakundeetako espazioetan ezarriak dira 25 urterako. I-Enerrek egiten du hasierako inbertsioa, baita mantentzea ere. Erakunde publikoek espazioa uzten dute, urtean euro bateko alokairu sinboliko baten truke.

Lekumberrik gogoan du enpresaren egitasmoaren sorrera nolakoa izan zen: «Ikusirik politika mailan eta erabaki mailan anitz mintzatzen zela baina proiektu zehatz gutxi zirela, ideia zen Europako estatu anitzetan egiten den bezala talde bat sortzea, non herritarrek duten jabetza eta helburua herritarrek trantsizio energetikoa bultzatzea den».

Egiturok ezarri ahal izateko herritarrengana jo zuten, eta egun erakundeek ere parte hartzen dute. Euskal Elkargoa esaterako, akzioduna da. Are, zenbait eraikinen gainean panelak jartzen ere utzi du. Oraingoz eraikin publikoetan ezarritako panelekin ari badira ere, etorkizunera begira autokontsumorako bidea hartu nahiko luketela esan du Lekumberrik: «Panelak argindarra kontsumitzen den etxean bertan badira, faktura txikitzen da. Oraingoz produkzio osoa saltzen dugu sarera, ekonomikoki eta juridikoki sinpleagoa baita».

Energia

Lortzen den energia erabiltzaileei helarazteko Enargia sortu zen 2018an, eta I-Ener bezalako egiturei erosten die argindarra. Gero partikularrei, enpresei eta erakundeei saltzen die. Egun 3.500 kontratu ditu, eta garatzen jarraitzen du.

Helburua I-Enerrek sortzen duen elektrizitatearekin egun egitasmoak duen eskaerari erantzun ahal izatea litzateke, baina oraingoz ez da posible. Horregatik, Pirinioetan energia sortzen duten beste egitura batzuekin lan egiten dute, zentral hidroelektriko handiak dituztenak. «Bide luzea egina duten proiektuak dira. Guk, aldiz, aski berriak garenez, proiektu txikiak ditugu oraingoz, gure ekoizpenak ez baitu horrelako inpakturik», gaineratu du I-Enerreko langileak.

Beste zenbait proiektu aztertzen ari dira eta beste batzuk abian eman dituzte: «Segituko dugu herriko etxeekin lanean. Bada urte bat lanean ari garela proiektuokin, etapa administratibo anitz behar direlako, baina hurrengo urteetan modelo horrekin segituko dugu, badakigulako ongi funtzionatzen duela. Gainera, bidea goitik behera ezagutzen dugu. Ondoan, dibertsifikatzen saiatzen ari gara, autokontsumoan, Bil ta Garbirekin, biomasa proiektuekin, herritarrentzako egitasmoekin...».