Top14 eta ProD2 errugbi ligek ezagutzen dituzte dagoeneko 2022-2023 denboraldiko egutegiak, gaur jakitera eman duten moduan. Gogoratu behar da punta-puntan dabiltzan bi euskal taldeek, Aviron Bayonnaisek eta Olympique Biarritzek, bi liga hauetan jokatuko dutela. Lehenengoek Top14rako igoera lortu zuten denboraldi amaieran, eta biarriztarrek kontrakoa, jaitsi egin ziren eta, beraz, ProD2 ligan arituko dira.
Estatu frantseseko Ligarik garrantzitsuenarekin hasita, Avironek Toulonen etxean estreinatuko du irailaren lehenengo asteburuan hasiko den liga. Bigarren jardunaldian iritsiko da etxean jokatuko duen lehenengo partida, Racing 92 taldearen aurka.
Lehenengo itzuleko azken partida abenduaren 24ko asteburuan jokatuko du, Paun, eta Ligako azken neurketa maiatzaren 27an izango da, Lyonen. Aurreko jardunaldian jokatuko du azken partida etxean, Clermonten aurka.
Gogoratu behar da finalerdiak Donostiako Anoetan jokatuko direla, ekainaren 9, 10 edota 11ean, eta finala ekainaren 17an izango da Pariseko Stade de Francen.
ProD2 ligari dagokionez –abuztuaren azken asteburuan hasiko da–, Olympique Biarritzek etxean jokatuko du lehenengo partida, Oyonnax “oilarra” jasoz. Lehenengo bidaia Vannesera izango da, irailaren 2ko asteburuan.
Lehenengo itzulia Beziersen etxean amaituko du abenduaren 16ko asteburuan eta liga erregularra maiatzaren 5ean amaituko du Stade Aurillacoisen zelaian.
Titulurako finalerdiak maiatzaren 19, 20 edo 21ean jokatuko dira era finala maiatzaren 16 edo 27an izango da. Top14ra igotzeko fasea ekainaren 1, 3 edo 4ean izango da.