Igande honetan, uztailak 10, hogeita bost urte bete dira ETAk Miguel Angel Blanco bahitu zuenetik. Ermuan, Bizkaian, PP alderdiaren zinegotzia zen eta 29 urte zituen. Hiru egun beranduago hil zuten, 1997ko uztailaren 13a zen.
Urteurrena baliatuz antolatu du gaurko egunez Ermuko Udalak ‘Aztarna ezabaezina/La huella imborrable’ omenaldia, eta honen bueltan ordezkari ugari bildu dira, hala nola, Felipe VI.a erregea, Iñigo Urkullu lehendakaria, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Mari Mar Blanco zinegotzia zenaren arreba, besteak beste. Madrilgo Kongresuan PP alderdiko diputatua da.
Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak hartu du hitza ekitaldiari hasiera emateko, eta 1997ko urte hartan Udalbatza osatzen zuten zinegotziei esker ona adierazi die. Tartean izan da gertakariak jazo zirenean alkatea zen Carlos Totorika. Miguel Angel Blancori eskaini dizkio oroimen hitzak, baita ere 1980. urtean Ermuan bertan ETAk hil zuen Sotero Mazo bizilaguna ere.
Hasiera batean Mari Mar Blancoren hitzartzea aurreikusita ez egon arren, antolatzaileek parte-hartzeen zerrenda moldatu zuten honen eskaerari men eginez. Miguel Angel Blanco fundazioaren presidenteak memoria demokratikoak «zintzoak eta gaiztoak» aitortu behar dituela eskatu du, eta errelatoak jasota utzi behar duela «garaileak eta garaituak» izan direla, «bestela ez baita justiziarik izango».
Gogor egin du 1997ko gertakariak «txalotu» zituztenen aurka, eta hainbatetan egin dio erreferentzia «ETA eta Herri Batasuna»ri, «gaur egun EH Bildu». ETAren helburuak «bizirik» jarraitzen dutela deitoratu du.
Norabide horretan, justizia eta egia «edozein gobernuren lehentasuna izan behar dira beti», esan du, Pedro Sanchez aurrean zuela. Hala, koalizio subiranistarekin ezer ez negoziatzeko eskatu dio, bezperan egin zituen adierazpenak berretsiz.
Memoria eta etorkizuna
Euskaraz egin duen hitzartzean, Iñigo Urkullu lehendakariak etorkizunari begiratu dio, iraganaz azpimarratuz «ETAren indarkeria bidegabea« izan zela. Erakundea bera erabaki «boluntario eta kontziente bat» izan zela erantsi du, eta aurrera begira «memoriadun etorkizun bat» eraikitzera dei egin du.
«Egia argigarria, eraldatzailea eta adiskidetzailea» defendatu du, indarkeriaren «deslegitimazio erradikaletik» eta elkarrizketa eta giza eskubideak errespetatuz. «Ez dugu ezer gertatu ez balitz bezala» egingo, berretsi du.
Pedro Sanchez presidenteak hartu du lekukoa, memoria kolektiboari aipamena eginez. «Denok, atzera begiratuko bagenu, oroituko ginateke non ginen 1997 hartako uztailaren 13an», esan du. Orduan, zerbait aldatu zen «betirako».
Gaur egungo gazte askok Miguel Angel Blanco nor zer ere ez dakitela jakitun agertu da Sanchez, eta bere historia kontatzen segitzearen aldeko apustua egin du. «Indarkeria bizitu ez duen belaunaldi bat dago, eta hori oso pozgarria da», erantsi du, eta bide batez oroitu du hamar urte bete direla ETA desagertu zela.
Felipe Borboikoa Estatu buruak itxi du omenaldi instituzionala. Antzeko parametroetan mintzatu da, Sanchezek adierazi duen bezala, Blancoren heriotzak inflexio puntu bat markatu zuelakoan.
«Inflexio puntu triste eta atsekabegarri horrek honaino ekarri gaitu. Ermuko izpiritua gure herri osoaren kontzientzia kolektiboaren garaipena da; duintasunaren eta moralaren garaipena beldurraren eta izuaren aurrean», adierazi du.
Horregatik guztiagatik, Felipe VI.ak ohartarazi du ezin dela onartu gertuko historiaren parte diren egun horietan «zer gertatu zen ez dakiten belaunaldiak egotea (…), gure bizitza demokratikoa hainbeste markatu zuen hilketa baten ondoren Espainian izan zen mugimendu masiboa ezagutzen ez dutenak».