Jai herrikoien alde Piratak Donostia abordatzen hasi zirenetik 20 urte pasa dira dagoeneko eta urtemuga berezi hau ospatzeko abesti bat aurkeztu dute, ‘Aurtzaka goaz’ izenburukoa.
Prentsa ohar baten bidez azaldu dutenez, ‘Biba festa! Biba eraldaketa!’ da aurtengo jaietarako hautatu duten leloa. Nabarmendu dute festa ez dela «gertakari isolatu bat», baizik eta «harreman sozialen, jarraibide kulturalen eta egiturazko arazoen eszenifikazio bat».
Ospatzen dituen jendartearen errealitatea iraunarazteko balio dezaketen modu berean, eraldaketarako palanka ere izan daitezkeela aldarrikatu dute: «Helburu horrekin itsasoratu ginen, jaia eraldaketa sozialerako tresnatzat hartuz, eta horretan aritu gara hogei urtez».
«Auzolana eta elkarlana, feminismoa, ezberdinen arteko elkarrekintza eta elkarkidetasuna, kontzientzia ekologikoa, euskara eta euskal kulturaren defentsa… aldarrikatuz, jai herrikoiak eta gizarte-premiei erantzuteko aparteko eskola bihurtzen dituzten balioak direlako», gaineratu dute.
Abuztuan hogeigarrenez Donostia abordatuko dutela baliatuz, jai herrikoien aldeko mugimenduaren «ibilerak eta fortunak ospatu eta ezagutarazteko» sortu duten abestia aurkeztu dute.
Beñat Antxustegi Goikoetxeta da kantuaren egilea eta Physis versus Nomos taldea arduratu da moldaketaz.
20 urte hauetan osatzen joan diren soinu bandaren hirugarren abestia da hauxe, 2004an ‘Abordatzera’ eta 2012an ‘Mundu berri baten mapa’ kaleratu baitzituzten.