«Etxeko estropadarako sekulako gogoekin gaude, topera goaz: bandera eta lidergoaren bila»
Nadeth Agirre patroiak (Orio, 1993) bizi osoa darama Orioko Arraun Elkartean. 2019 eta 2020an Euskotren liga eta Kontxako bandera irabazita, goia jo zuen. Joan den urteko arantza kentzeko grinatsu dago. Larunbat honetan etxean lehiatuko dira, Orion, eta garaipenak soilik balio du.
Coruñako bandera irabazita, konfiantzaz gainezka dago Orio etxeko estropada lehiatzeko (Orioko XXII. Estropada - Orio Kanpina X. Bandera). Arraun Lagunakekin puntuz eta garaipenez berdinduta dago (bi garaipen eta 14 puntu) Euskotren Ligako sailkapenaren goialdean eta asteburu honetan sailkapenean beste bultzada bat lortu nahi dute oriotarrek: «Bi estropadak irabaztea».
Horretarako, baina, Nadeth Agirre patroiak argi dauka arraunkera ona izan beharko dutela, «ez Coruñako lehen jardunaldian bezala». Nahiz eta aurkariari 7 segundoko aldea atera, NAIZi onartu dio ez zutela estropadaz gozatu, antsietateak jota ibili zirela itzulerako luzean, eta igandean lortu zutela «sentsazio txar horiek uxatzea». «Bost aldaketa egin genituen eta ikusi da, aldaketak egin eta Arraun Lagunakek irabazi arren, ez genuela bururik galdu».
Igandekoa zer izan zen, abantaila mantentzea edo zerotik hastea?
Guk larunbateko sentsazio txar horiek uxatu nahi genituen. Arraunean behintzat ondo joatea. Nahi genuena zen estropadan ahalik eta denbora gehien gure arraunkerarekin joatea, txukun joatea. Gero, horrela irabazten baziguten, bada ondo. Orokorrean, sentsazio hobeekin geratu ginen.
Orduan, larunbatean hasieran aurrea segituan hartu izana izan zen gakoa?
Egia da segituan hartu genuela arraunkera oso polita eta horri heldu genion. Baina gero, ziaboga eman ostean, gertu ikusten genuen Arraun Lagunak, gainean ikusten genituen, eta 7 segundo, 7 segundo handi dira. Baina hor antsietate puntu baten sartzen zara eta askotan, burua galtzen duzu. Eskerrak beraz, kanporantz abantaila atera genuen.
Eta zein da Orioren arraunkera edo zein arraunkera lortu nahi duzue? Lortu duzue?
Estropada osoan ez dugu lortu arraunkera ona mantentzea. Batzuetan, bukatu aurretik, presaka aritzen zara eta orain, une honetan erritmo gutxiagorekin hobeto moldatzen gara.
Zenbat palada minutuko? 34 bat?
Bai, 34 ondo dago. Galizian 33rekin ere ondo joan ginen. Gainontzekoak ikusten dira 35-37 palada minutuan aritzen direla. Gu lasaiago joaten gara eta erritmo horretan hobeto moldatzen gara.
«Gurea eginda, irabazten baldin badugu, oso ondo, baina aurrena gurea ondo egitea da; gurea ondo ez badugu egiten, alferrik delako, horrela ez dago irabazterik»
Bilboko estropadan erritmo azkarragoan joan zineten, ezta?
Bai, Bilboko sentsazioak ez ziren oso onak izan, ez.
Bukatzean oso atsekabetuta agertu zinen. Hurrengo egunean, Donostian irabazita, hunkitu ere egin zinen.
Bilbokoa aurreneko estropada zen; orain arte egindako guztia erakutsi nahi genuen. Ez zitzaigun ondo atera, arraunkeran gehienbat. Erritmo handian sartu ginen eta hori ez da behar duguna. Penarekin geratu ginen, sei segundo atera zizkigulako Arraunek. Igandean joan ginen gurea egitera, irabazi edo ez irabazi. Gurea ondo egiten ez badugu alferrik delako.
Donostian, gainera, itsasoa bizi zegoen eta gogor ibili behar izan zenuen patroi lanetan.
Bai, Donostiakoa nahiko konpletoa izan zen. Itzulerako luzea oso exijentea zen, itsasoa mugitua zegoelako, eta gure kalea ere suposatzen zen txarrena zela, baina ondo moldatu ginen eta oso gustura bukatu genuen.
Zuek ziaboga bakarra hartzen duzue; abantaila iraultzea zailagoa da?
Ez nuke esango, itzulerakoan edozer gerta daiteke. Egia da ziabogaraino aurrean joan behar dela zerbait lortu nahi izanez gero. Ziaboga bat izanik, ziaboga ondo egin behar da. Akatsen bat egiten baduzu, itzulerako luzean harrapatzen zaituzte eta hor hasten dira antsietatea, ezinegona... arraunkeratik ateratzen zaituztenak.
«Gure helburua da asteburua iritsi eta bi estropadak irabaztea»
Edozer gauza gerta daiteke ligan baita ere Arraun Lagunak eta zuen artean.
Nik uste dut liga osoan ibiliko garela horrela. Garaipenekin ere berdinduta gaude. Gure helburua da asteburua iritsi eta bi estropadak irabaztea; biak irabazten baldin badituzu, hurrengo asteburuan nahiz eta bakarra irabazi, abantaila txiki bat badaukazulako. Iaz horixe pasa zitzaigun. Asteburu batean Arraun Lagunakek irabazi zituen biak eta gero, nahiz eta Zarautzen guk irabazi, beraiek abantaila hori zeukaten.
Eta zaila da asteburu batean bi garaipen lortzea?
Une honetan, Arraun Lagunakek aurreko lau estropadatan aldaketa gutxi egin dituzte. Gure kasuan, Coruñan, larunbatetik igandera bost aldaketa egin genituen eta nahiz eta irabazi ez, segundo bakarrera geratu ginen.
Horrek konfiantza ematen du?
Bai, konfiantza ematen du ze ikusten da taldekide guztiak hor gaudela. Ez dut nahi esan edozein traineru aterata taldeak funtzionatu egiten duenik, ze taldea berria da eta oraindik blokea egin gabe dago. Beste urtetan aukera hori gehiago erabili dugu, denok lehiatzen genuen, postu ezberdinetan egiten genuen arraun... Xantik [Zabaleta] hori asko lantzen zuen baina aurten jende berria etorri da, gure funtzionatzeko modura moldatu behar izan dute, entrenatzailea ere berria da eta horretan hutsune bat bai igartzen dut. Baina tira, oraingoz guztiek jokatu dute estropada bat –June Aranbarri izan ezik, min hartuta egon baita– eta hori, gure aldeko da.
Bederatzi arraunlari berri, horietako bi esperientziadunak, June Aranbarri eta Andrea Oubiña. Kalitatea mantentzeko laguntzen dute, ezta?
Bai, horrelako jendeak beste segurtasun bat, esperientzia bat, ematen dio traineruari. Beraien taldean esperientziadun jendea izan da. Hona etorri eta berriak izan arren, taldeari beste puntu bat ematen dioten arraunlariak dira.
«[Patxi Francesen] lan egiteko modura ohitu behar izan dugu. Orokorrean, arraunkera aldatu da gehienbat»
Eta entrenatzaile berriak [Patxi Frances] zer ekarri dio taldeari?
Asko. Bere lan egiteko modura ohitu behar izan dugu. Orokorrean, aldatu da gehienbat. Gure funtzionatzeko modua eta lan egiteko modua oso exijentea da; uretara joaten garenean ez zaigu gustatzen gaizki joatea. Entrenatzaile batek esan aurretik gu bagara gai gaizki goazela ohartzeko. Alde horretatik, nik uste dut entrenatzailea gustura dagoela, exijentzia puntu hori arraunlariok jada barneratuta daukagulako.
Aipatzen zenuen negua oso gogorra izan dela. Gogorra izan da aurreko denboraldiak utzi zuen zapore mingotsagatik, aldaketa asko egon direlako edo zergatik?
Ilusioz hasi gara, jende berria etorri da, beste dinamika bat eta beste bultzada bat eman digu horrek. Entrenatzen oso gustora ibili gara. Baina egia da trainerua osatzeko, gogorra izan dela, blokea egitea izan da zailagoa. Errazagoa izango zen aurreko urteko talde bera mantentzea eta entrenatzen zoragarri ibiltzea lehendabiziko egunetik.
Orain Orioko estropada, etxeko estropada.
Sekulako gogoarekin gaude. Oriokoa berezia da beti, etxean jokatzen dugulako. Gainera, ikusita taldea goian dagoela, irabazteko aukerak dauzkagula, topera goaz: banderaren eta lidergoaren bila.
Orioko estropadan, arraunera oso ona eta galdu, ez da aukera bat?
Oriokoan ez (barrez). Hasieran ez genekienean nola ibiliko ginen, gurea egin eta disfrutatzea zen xedea. Ikusten dugu entrenamenduetan lanak ondo eginda trainerua oso ondo doala. Egia da aurkaririk gabe denok ibiltzen garela ondo, baina oso sentsazio onak genituen; horregatik Bilbon pena puntu hori.
Ondoren, itsasoko lehendabiziko estropadan ondo ibiltzeak animoa iraultzen du.
Hori da. Gainera, aurten itsasoan ez gara asko aritu. Nahiko lan bageneukan errekan ondo ibiltzearekin. Eta gero, bai Donostian eta bai Galizian ondo ibiltzeak beste konfiantza bat eman digu.