NAIZ
Bermeo

Bermeok Frantziskotarren komentuko teila botako du Madalen Egunean herriko mugak berresteko

Aurten 600 urte betetzen dira lehen frantziskotarrek Bermeoko Kontzejuak emandako Izaro uhartearen jabetza hartu zutenetik. Bi urteren ondoren, normaltasuna erabat berreskuratuta ospatuko dute Madalen Eguna hilaren 22an.

Teila eskuan dutela Bermeoko alkate Aritz Abaroa (ezkerrean) eta Josean Egiguren aita frantziskotarra (eskuinean).
Teila eskuan dutela Bermeoko alkate Aritz Abaroa (ezkerrean) eta Josean Egiguren aita frantziskotarra (eskuinean). (Bermeoko Udala)

Bi urteren ostean, Bermeok hain preziatua duen Madalen Eguna berreskuratu eta ospatuko du ostiral honetan, hilaren 22an. Urte hunkigarri honetarako aukeratu den teila, gainera, «oso berezia» eta «sinbolismoz betea» izango dela iragarri du Aritz Abaroa alkateak, izan ere, Bermeoko Frantziskotarren komentuko teila bat jaurtiko da Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak berresteko.

1422ko otsailaren 27an, Bermeoko Kontzejuak Izaroko lurrak eman zizkion Fray Martin de Arteagari bertan frantziskotarren komentu bat sortzeko, eta Bermeok jurisdikzio zibila eta judiziala beretzat gorde zituen. Urte horretan bertan lehen frantziskotar «obserbanteak» Izaron finkatu ziren.

«Oso data eta gertakari esanguratsua da, zalantzarik gabe. 600 urte ez baitira urtero betetzen eta Izaro eta bertako komentua esanguraz eta sinbolismoz beteriko ondarea dira bermeotarrontzako. Izaroko komentuko teilarik gordetzen ez bada ere, badaukagu frantziskotarren komentuko teila bat. Bermeoko herrian frantziskotarren komunitateak, direla klaustrokide (1357tik) zein obserbante, beti izan du presentzia eta herriko bizitzarekin lotura estua eduki dute eta daukate», erantsi du alkateak.

Teila jaurtiketa

Egun handian, hilaren 22an, Udalbatza Goiko Plazan elkartuko da 10.45ean alkate soinua entzuteko. Ondoren, Bermeoko Santa Eufemiako elizan geldialdia egingo dute, nahi dutenek meza nagusian parte hartu ahal izateko. Meza amaitu ondoren, udalbatza berriz ere eratu ostean, segizioari berriz hasiera emango zaio eta porturako bidea hartuko dute Kankinkabara txistu taldearekin kalejiran.

Txistulariek Madalen Eguneko zortzikoa joko dute bidean doazela eta 12.00ak aldera itsasoratu ostean, eta Izaro uharteko ipar-ekialdean daudela, Bermeoko Udalak herriko banderaren eta ikurrinaren jasoera egingo du. Aritz Abaroa alkateak, ohikoa den legez, teila jaurtiko du «honaino heltzen dira Bermeoko ituginak» ozen esanez eta honela, Bermeoko mugak berretsiz.

Eraso sexisten aurkako kanpaina

Madalen Eguna aprobetxatuz, Bizkaiko Aldundiak herriko jaietan jazotzen diren eraso sexisten aurkako sentsibilizazio kanpaina abiatuko du, uda osoan zehar martxan egongo dena.

«Zergatik dira emakumeak beldurra pasatzen dutenak etxera bakarrik itzultzean?» mezua zabaltzea helburu, furgoneta batek jarraituko ditu lurraldeko jaiak, kontzertuak eta diskotekak. Bermeon hilaren 22an bertan egongo da, 11.00etatik 20.00etara.