Maider Iantzi Goienetxe

Hiriak, eusten ez ezik euskarak gora egiteko oinarriak jartzen

Hizkuntzen erabileraren azken kaleko neurketaren emaitzetan (Soziolinguistika Klusterra, 2021) arreta ematen du gure hiriburuetan euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren bertze hizkuntzak ia euskara adina aditzeak. Bi aditurekin aztertu dugu gaia eta, eman dezakeenaren kontra, baikor azaldu dira.

Bilbo dagoen joera, besteak beste, aipagai artikulu honetan.
Bilbo dagoen joera, besteak beste, aipagai artikulu honetan. (Luis JAUREGIALTZO - Juanan RUIZ - Iñigo URIZ FOKU)

Donostiako karriketan mintzatzen da gehien euskaraz (%15,3). Azken hamarkadan, eutsi egin zaio hiriburuetan gure hizkuntzaren kaleko erabilerari, eta Gasteizen gorakada bat sumatu da. Hala, Araba erabilera txikiena duen lurraldea bada ere, hiriburuen hurrenkeran bigarren postuan kokatu da (%4,1). Bertan, %3,8koa da euskara, frantsesa edo gaztelania ez diren bertze hizkuntzen erabilera.

Bilbon entzuten dira bertze hizkuntzak gehien (%5), euskara baino gehiago (%,3,5). Iruñean, parekoa da euskararen eta bertze hizkuntzen presentzia (%2,7-%2,9). Baionan, elkarrizketen %2,5 dira euskaraz, 3,8 bertze hizkuntzetan eta, nabarmentzeko datua, 3,4 gaztelaniaz.

Erran gabe doa Lapurdiko hiriburuan frantsesa gailentzen dela (%90,2), Hegoaldekoetan gaztelania bezala (Donostiako %79,7tik Iruñeko %94ra).

Datuon irakurketa konplexua da

Eta «ez du gora egiten, gaizki gaude» kexatzetik urrun, Iñaki Martinez de Luna soziolinguista baikorra da: «Oso oinarri sendoak ari gara ezartzen euskararen biziraupenerako eta goraldi batzuei aukera emateko». Garabide elkarteko lehendakari gisa harremana du bertze hiztun komunitate gutxiagotuetatik etortzen diren lagunekin eta, dioenez, «liluratuta» gelditzen dira: «Hau ere lortu duzue?».

Baldintzak aurkakoak izanik ere euskara bizkortzen ari da. «Egiten ari garen ahaleginek ekarri dute suspertze hori, beste hainbat lekutan ez bezala. Hiriguneetan bereziki, hizkuntza gutxituek atzera egiten dute. Hemen, ordea, eusten dio».

Xabier Aierdi soziologoak ere seguru dio: «Aurrera egingo dugu. Orain arte asmatu da eta orain ere, nahiz eta erronka berriak nekatuago harrapatzen gaituen, asmatuko dugu. Dagoen zoritxar puntua da ez daukagula non begiratu. Katalunia guretzat ez da eredua».

Hizkuntza gutxitua da euskara eta, Martinez de Lunak azaldu duenez, horrek erran nahi du «helduleku edo susperraldi bereziak» behar dituela aurrera egiteko. Izan ere, «hizkuntza nagusiak oso indartsuak dira, beren alde dauzkate baldintza gehienak: legalak, sozialak, prestigioarekin lotuak, praktikotasun mailakoak... lilura sortzen dute. Hizkuntza gutxituak, aldiz, betiko bizimoduekin lotzen dira eta aurrera begira gazteen artean zaila da hizkuntza horiek proiektu pertsonalean txertatzeko osagai ezinbestekoa izatea».

Gasteizko bilakaera positiboa

Ulertzeko 1960ko hamarkadara jo du: «Industrializazio handi bat gertatu zen eta Gipuzkoa eta Bizkaiko familiak etorri ziren. Bertako kultur talde eta pertsona jantzi batzuk euskararen alde lanean ari ziren dagoeneko eta laguntza handia aurkitu zuten gipuzkoar eta bizkaitar haiengan. Hortik gutxira, erakunde autonomikoak Gasteizen kokatu ziren».

«Aurretik ikastolak sortu zituzten euskaltzaleek, horietako asko erdaldun petoak. Hezkuntza euskalduntzen hasi zenean Arabako Aldundiak ere paper interesgarria izan zuen, ikastola publikoak sortu baitzituen, D eta B ereduekin. EHUk ere hainbat fakultate jarri zituen. Horrek guztiak oinarri sendo bat ezarri zuen euskarak aurrera egin zezan, pixkanaka, ume eta gazteen eskutik».

1950ean jaio zen Iñaki Martinez de Luna, euskara ia ezezaguna zen Gasteiz batean, eta gertatu den aldaketa ikaragarriaren lekuko izan da, baita protagonistetako bat ere, 18 urterekin Lazkaora joan baitzen euskara ikastera. «Gasteizen euskarari harrera ona egin zaio, eta ohikoa edo gure arteko osagai bat izatera iritsi da: ez da arrotza, baizik eta bertakoa».

Bilbo, aginte ikusezinaren adibide

Gaztetan euskararen aztarna gehiago sumatzen zuen Soziolinguistika Klusterreko lehendakari ohiak Bilbon Gasteizen baino. Orain, alderantzizkoa gertatzen zaio. «Joera nagusia kanpoko hizkuntzak dira Bilbon, eta ingelesaren eragina nabarmentzen da».

Xabier Aierdik (Zeberio, 1957) ongi ezagutzen du Bizkaiko hiriburua. Soziologoa da, eta noizean behin hizkuntzen auzian sartzen da. «Ezaugarri soziologikoak ezagututa, errealitate batek, esaterako euskararenak, zelako aukerak dauzkan aztertzea gustatzen zait. Posible da euskara entzutea Bilbon? Zaila da, euskaldun kopururik handiena izanda ere, hauek ez daudelako konpaktatuta. Testuinguruaren aginte ikusezinak euskara erabiltzera edo ez erabiltzera eramaten zaitu. Sozialki hedatua dagoela ikusten baduzu, euskaraz hitz egitera ausartuko zara».

Hizkuntza politikak ere zerikusia du. Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan «oso bortitz» egiten dute euskararen kontra.

Gazteak eta emakumeak

Euskalgintzan lan handia egiten da eta ume eta gazteentzako ekimenek lekua dute bertan. Horren adibide da egunotako Euskarabentura. «Hor aukera dago euskararentzako eremua zabaltzeko, pixkanaka hala ari da gertatzen. Ez da erraza ohiturak aldatzea. Ume eta gazteak, gainera, helduen gizartearen mende bizi dira neurri handian. Bizi osoan euskaraz ikasi duen gazte batek lanera doanean gehienbat erdalduna den mundu batekin egiten du topo», esplikatu du Martinez de Lunak.

Genero ikuspegia ere interesgarria da. Hizkuntzen soziologian adituaren irakurketa honakoa da: «Emakumezkoak errazago lotzen dira modernitatearekin, gauza berriekin, eta aldaketa euskararen aldekoa denez, gehiago egiten dute euskaraz».

Klase sozialaren faktorea

Xabier Aierdik jarri du mahai gainean: «Euskaradunok oso posizio ekonomiko altuan gaude batez beste eta hori lagungarria izan daiteke. Euskarara hurbiltzen direnak eta euren seme-alabak askotan ikasiak eta posizio ekonomiko onekoak izaten dira. Era berean, badago beste klase sozial bat goi mailakoa euskarari lepoa emanda bizi dena. Ez da hurbiltzen bere klase sozial altuak eta posizio ekonomiko oso altuak baimentzen diolako oso ondo bizitzea euskara barik. Bilbon eta Bizkaian asko nabaritzen da hori».

Azaldu duenez, hizkuntza bat aurrera ateratzeko beti lan egin izan du burgesia nazionalak eta paper hori gaur egun ezker abertzaleak betetzen du gurean. «Bertan dago ideologikoki eta soziologikoki hiztun kopururik handiena. Gehienetan ikasiak dira, asko administrazioan, hezkuntzan, industriako goi mailako posizioetan okupatuta daude; hor ikusten da kooperatibismoaren eragin handia».

Turisten eta etorkinen burbuilak

Bisitari ingelesen talde batek ingelesez eginen du. Hiru amazig kaletik doazela ere hagitz posible da beren hizkuntzan aritzea. «Turistak eta etorkinak beren burbuiletan mugitzen dira kaleetatik eta, hortaz, haien hizkuntzetan mintzatzen dira. Euskaldunak, ordea, normalean erdaldunekin gaude nahastuta eta bestela ere bertako bi hizkuntzak ezagutzen ditugunez, jada ez dago euskararen burbuila hori. Hautu eta erraztasun kontua ere bada eta hizkuntza alternantzia sartzen da hor. Euskaraz eginda ere, oso ohikoa da esaldi batzuk erdaraz egitea», adierazi du Martinez de Lunak.

Aierdik gaineratu duenez, turismoari esker hainbat jendek ezagutzen du euskara, baina langileak kontratatzerakoan, batez ere ostalaritzan, frantsesa edo ingelesa dakiten zerbitzariak hartzea ere badakar.

Bereziki landu du zeberioarrak migrazioen gaia. Klusterraren Hizkuntza Aniztasunen Mapen zuzendari izan da, bertzeren artean. Etorkinekin sekulako erronka dagoela dio: «Gehienek 20 edo 25 urtetik gora dituzte eta ez dute inolako harremanik edukiko euskararekin. Kasurik onenean, %12 eta %15 bitartean pasatuko dira gure eskoletatik. Horrek zaildu egiten du sarrera bat eduki dezaten euskarara».

Bertzetik, egoera prekarioan daude. «Bi mugimendu osagarri egitera garamatza horrek: kontuan hartu behar dugu euskara ez dadin izan egongo diren ikasle gutxi horietako askorentzako traba bat, eta euskarak eurentzat nolabaiteko prestigio bat izatea lortu behar dugu. Euskara izan daiteke goranzko mugikortasuna baimenduko diena eta izan daiteke traba ere. Eta ezin dugu hori onartu, birritan zigortuko genituzkeelako», azpimarratu du.

Proposamenak

Irakaskuntzan, faktore soziologikoen arabera tokian toki menuak egitea proposatu du Aierdik. «Erakartzeko gaitasuna» ere gakoa da bere ustez. Hau da, «euskarak eraman dezakeen bere altzora gaztelania ala gaztelaniak irentsiko duen euskara».

Gasteiztarrak ez du uste kalean bertze hizkuntza batzuk entzutea mehatxu bat denik. Bertze gauza bat da bertakoek gaztelaniaz edo frantsesez egitea. «Joera orokorra, ‘cool’ izatea, hizkuntza nagusiak baliatzea da, adibidez hizkuntza alternantziaren bitartez. Erakargarriak diren joera hauek beti egongo dira hizkuntza nagusien alde. Beti». Hortaz, «oinarrizko baldintzetan» lan egitea planteatu du, «gertuko harremanetan, lagunekin, familiarekin, lankideekin, euskaraz egitea ohiko bihur dadin eguneroko giroetan». Hor ikusten du heldulekua.

Baldintza orokorragoak ere behar dira: «Hezkuntzan, prestigioan, maila legalean, ofizialtasunean, hedabide nagusietan... Hizkuntzari hauspoa eman behar zaio maila instituzional eta formaletan. Baina gero, erabilera egunerokoan gauzatzen da. Sare sozialek ere pisu handia dute gure bizitzetan eta horietan ere txertatu behar da. Faktore formal eta legalek bai, baina inoren esku garbi ez dauden beste horiek ere baldintzatzen gaituzte. Lagunarteko foroek eta halakoek».

Bidea luzea dela eta dena lotuta dagoela erakutsi digute bi adituek. Eta gure hiriburuetan euskarak bere presentziari euste hutsa txalotzekoa dela, are gehiago aldeko haizeak aprobetxatu ahal izateko oinarriak jarriz egiten bada.