NAIZ

Laboral Kutxak eta Euskadi Fundazioak 2029ra arte luzatu dute hitzarmena

Emakumezkoen taldeak 2024an World Team postu bat lortzea dute helburu.

2024tik aurrera emakumezkoen taldeak World Team postu bat eskuratzea da helburua.
2024tik aurrera emakumezkoen taldeak World Team postu bat eskuratzea da helburua. (Euskadi Fundazioa)

Laboral Kutxak eta Euskadi Txirrindularitza Fundazioak sei urterako luzatu dute bien arteko hitzarmena, 2029ra arte. Aldi berean, emakumezkoen taldea lehenetsiz, 2024an World Team postu bat lortzeko helburua finkatu dute.

Emakumezkoen Laboral Kutxa txirrindularitza taldeak 1,8 milioi eurotik gorako aurrekontua aurreikusi du 2024tik aurrera, eta Aitor Galdos izango da taldeko manager nagusia.

Laboral Kutxak gogoratu duenez, 2018an hasi zen txirrindularitza proiektua babesten, Euskadi Fundazioaren inguruko emakumezkoen zein gizonezkoen talde guztiak barne hartuta, harrobiko oinarrizko txirrindularitzaren esparruan.

Gazteei kirola ahalik eta duintasunik handienarekin egiten laguntzeko oinarrizko proiektuei eustea da Laboral Kutxaren kirol babesaren orientazioa, eta ikuspegi horretan «funtsezkoak dira emakumeak zein gizonak aintzat hartzen dituzten balio inklusiboak». Horregatik, sinatutako hitzarmenak lehenetsi egingo du Euskadi Fundazioaren emakumezkoen egitura garatzea.

Ildo horretan, Laboral Kutxaren helburua «asmo handikoa» da: emakumezkoen euskal txirrindularitzaren mundu mailako ikurra izatea, eta, 2024tik aurrera, World Team postu bat eskuratzea. Horretarako, emakumezko euskal txirrindularirik onenak eta kanpoko beste ziklista batzuk izango ditu taldean.

Horrela, lehen mailako zenbait txirrindulari bereganatu ditu jada Laboral Kutxa taldeak, hala nola Idoia Eraso eta Yurani Blanco, eta aurki berretsiko du ofizialki kalitateko eta nazioarteko proiekzioko beste batzuen partaidetza ere.

Ion Lazkanok jarraituko du Laboral Kutxa taldeko txirrindularien zuzendaritzan, eta Aitor Galdosek hartuko du taldeko manager nagusiaren kargua.

Bestalde, euskal kreditu-kooperatibarentzat jardueraren bidez ingurunea eraldatzeko bokazioa funtsezkoa denez, kooperatibismoaren balioetan oinarritutako eredu profesionalizatua bultzatu du. Eredu horrek, era berean, diru sarrerak handitzea bilatzen du taldeko emakumezko txirrindulari guztientzat, gizonezkoen taldeko kideekin parekatuz joan daitezen.

Horretarako, 1,8 milioi eurotik gorako aurrekontua bideratzea aurreikusten du 2024an emakumezkoen taldearentzat; 2023. urtea, berriz, taldea etengabe hazteko eta finkatzeko aurretiko etapatzat hartuko da.

Emakumezkoen taldearentzako lehentasunezko babesaz gain, 23 urtez azpiko gizonezkoen taldea sostengatzen jarraitzea aurreikusi du hitzarmenak, etorkizuneko euskal txirrindulari profesionalak beren garapenerako ingurune egoki batean treba daitezen.