NAIZ

Hirian gertatutako azken sexu erasoak gaitzesteko elkarretaratzea egin du Donostiako Udalbatzak

Donostiako Udalbatzako ordezkariek elkarretaratze isila egin dute udaletxearen aurrean, hirian gertatutako azken sexu erasoak gaitzesteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpen bat onartu du bi erasoen aurka.

Donostiako Udalbatzako ordezkariek azken sexu-erasoak gaitzetsi dituzte.
Donostiako Udalbatzako ordezkariek azken sexu-erasoak gaitzetsi dituzte. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Udalbatzak elkarretaratzea egin du Alderdi Ederren astearte eguerdi honetan, hirian izan diren azken sexu erasoak gaitzesten dituela erakusteko.

Joan den asteburuan, 26 eta 47 urteko bi gizon atxilotu zituzten Gipuzkoako hiriburuan, bi emakumeren aurka egindako sexu erasoengatik.

Udal talde guztietako ordezkariek –EAJ, PSE, EH Bildu, Elkarrekin Donostia eta PP– elkarretaratze isila egin dute, ‘Donostiako Udala eraso sexisten aurka’ lelodun pankarta baten atzean.

Protesta ekitaldian beste erakunde batzuetako ordezkariak ere izan dira, hala nola Harkaitz Millan eta Rafaela Romero foru diputatuak, Miren Elgarresta Berdintasunerako foru zuzendaria eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria.

Elkarretaratzearen bukarean, Eneko Goia alkateak gogorarazi du azken egunetan bi sexu eraso izan direla hirian –beste bi eraso ere izan dira, Karmengo jaien baitan, baina ez ditu aipatu– eta «justiziaren esku» geratu direla ustezko erasotzaileak. Zentzu horretan, «justiziaren aldetik erantzun egokia izatea» espero du.

«Guri dagokigu, ikuspuntu sozialetik, mezu argi eta irmoa helaraztea Udal gisa, eta aho batez esaten dugu, eraso hauek eta gertatu diren edo gerta daitezkeen guztiak gaitzesten ditugula eta azken eraso hauek jasan dituzten biktimekiko elkartasuna adierazten duela», agertu du.

Aldundiaren adierazpena

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpen instituzional bat onartu du, erasoen aurrean «gaitzespen irmo eta sendoena» adierazten duena, eta «hurbiltasuna eta elkartasuna» erakusten die eraso horien biktimei, bai eta haien senideei eta hurbileko pertsonei ere.

Aldundiaren iritziz, «horrelako gertaeren jatorria da gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik eza, emakumeak kontrolpean eduki nahi dituzten jarrerak eta ideia matxistak».

Horregatik, aldarrikatu du «emakumeen eta gizonen berdintasuna, duintasuna, sexu askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa errespetatzea eskubide bortxaezinak direla. Eskubide horien aurka egiten duten jarrerek ez daukate kabidarik gure gizartean».

Adierazi du, halaber, emakume guztiek dutela eskubidea «aisialdiaz eta gizarte-harremanez askatasun osoz gozatzeko», eta, horregatik, esan du, «indarkeria sexistarik gabeko kale, auzo, udalerri eta hiriak nahi ditu».