NAIZ

Take Kubo, Realarekin fitxatu berritan: «Klub ezin hobea da»

Take Kubo jokalari japoniarrak Realarekin sinatu du 2027. urtera arte. Astearte honetan egin da jokalariaren aurkezpen prentsaurrekoa eta bertan adierazi du Reala «klub ezin hobea» dela bere jokamoldearentzat.

Take Kubo, erdian, Roberto Olabe kirol zuzendaria eta Jokin Aperribay presidentearekin.
Take Kubo, erdian, Roberto Olabe kirol zuzendaria eta Jokin Aperribay presidentearekin. (REAL SOCIEDAD)

Take Kubo jokalaria Realean jokatzen duen lehendabiziko japoniarra bilakatu da. Datu esanguratsu hau nahikoa izan da klub txuri-urdinak sare sozialetan japoniarrez informatuko duen kontu bat zabaltzeko eta egun erdi pasa direnean, jada 10.000 zale batu ditu.

Jokalari gaztearen aurkezpen prentsaurrekoan ere nabaria izan da kazetari japoniarren presentzia. Astearte honetan jantzi du lehendabiziko aldiz elastiko txuri-urdina, ondoren prentsaren aurrean adierazpen batzuk eskaintzeko.

Nabarmendu du, bere jokamoldearentzat «klub ezin hobea» dela, «gaztea eta anbizioz betea». Oso pozik nago talde honen parte izateaz», berretsi du. Jokalari indartsuz osaturiko taldea delakoan dago eta helburuez hitz egiterakoan, ez da motz geratu: «Iazko denboraldiko Europa League bi japoniarrek irabazi zuten, zergatik ez gara ba saiatuko?»

Real Madrilek 2019an fitxatu zuen Kubo baina sekula ez du debuta egin lehen taldearekin. Azken hiru urteetan hiru klub ezberdinetara atera da utzita: Mallorcara lehendabizi, Vila-real eta Getafera 2020an eta iaz, Mallorcara itzuli zen berriro ere.

Realak, kasu honetan, fitxatu egin du jokalari japoniarra –ez da negoziaketaren inguruko zifrarik eman– eta Kuboren ustetan «oso garrantzitsua da» kontratu luze baten babespean egotea behingoz jokalari moduan «eztanda egiteko». Japoniarrak 2027. urtera arte sinatu du Realarekin; alegia, datozen bost denboraldietarako.

«Utzita jokatu gabe lasaiago nago», onartu du. Nolanahi ere, bere fitxaketak sortu duen ikusminaren aurrean, adierazi du ez duela inor exijitzen berari buruz ondo pentsatzera, «nik futbol zelaian hitz egiten dut».

Onartu du Realean lehiakortasun handia dagoela berak jokatzen duen postuetan. «Eskuin hegalean edo erdian ikusten naiz. Suposatzen dut hemen eskuinean hasiko naizela baina ez daukat ideiarik ere», adierazi du sinpletasunez baina adeitsu izanaz. 

Hitz gutxirekin baina zuzen mintzatu da japoniarra eta ñabartu du dagoeneko ez dela gaztea –21 urte ditu–. «Futbolean aritzen naiz gustoko dudalako. Presioarena... Tira, nahiago dut partidak ikusi eta ez iritziak. Ondo daramat. Ezinezkoa da lehiakortasunik ez duen talderik aurkitzea», azaldu du.

Take Kubo Realak udara honetan egiten duen hirugarren fitxaketa da. Ali Cho izan zen lehendabizikoa, Brais Mendes bigarrena eta azkenik, Take Kubo. Guztiak dira erasoko jokalariak. Medio batzuek 31 milioi eurotan zehazten dute Realak hiru fitxaketengatik gastatutako dirua.

Honen inguruan, Jokin Aperribay presidentea mintzatu da eta defenditu du «diru asko daukagula inbertituta» eta batez ere, osatu den talde gazte honek orainari ez ezik etorkizunari ere begiratzen diola. «Hau da Realarentzat garrantzitsuena», adierazi du. Inoiz udaran gastatu duen kopuru handiena da aurtengoa baina presidenteak ziurtatu du «etxeko jokalariek eta kanpotik etorri direnek gauza handiak egiteko atarian» daudela.