Maider Iantzi Goienetxe

Saseta defentsa sistema ikertzen ari dira Aranzadiko gazteak Zizurkilgo Arripilleta muinoan

Aranzadi Zientzia Elkartea Saseta defentsa sistema ikertzen ari da Zizurkilgo Arripilleta muinoan indusketak eginez. Haren hedadura murritza dela eta, defentsa puntu bat osotasunean iker daitekeen lehen aldia da. 1936an Gipuzkoa altxamendu militarraren aurka defendatzeko sortutako sistema da Saseta.

Aranzadiko arkeologoak, Arripilletako muinoan lanean, Zizurkilen.
Aranzadiko arkeologoak, Arripilletako muinoan lanean, Zizurkilen. (Jon URBE | FOKU)

Uda honetan ere Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo gazte talde bat ikerketa arkeologikoen kanpaina batean parte hartzen ari da Saseta defentsa sisteman lubakiak aurkitzeko. 1936an Gipuzkoa altxamendu militarraren aurka defendatzeko sortutako sistema da hau. Antolakuntzaren buru Kandido Saseta izan zen, hortik izena.

Azken bederatzi udatan ibili dira gazte boluntarioak ikerketa programa honetan. Alde batetik, indusketa lanak egin dituzte. Bestetik, prestakuntza jaso dute memoria historikoan eta giza eskubideen alorrean.

Joan den uztailaren 11tik Zizurkilgo Arripilleta muinoko hainbat egitura ikertzen ari dira. Gune hau Andatza eta Zarateaitz mendien artean dago eta bere hedadura txikiari esker, lehenengo aldiz puntu defentsibo bat osotasunean ikertzeko aukera dute, Manex Arrastoa proiektuaren koordinatzaileak nabarmendu duenez.

Arkeologoak azaldu duenez, normalean zundaketa batean bi edo hiru metro karratu hartu, gune hori mugatu, eta hortik behera induskatzen dute. Lubaki baten zati bat aztertzen dute lagin gisa, eta gerora osorik induskatu nahi badute informazio txiki hori baliatzen dute. Arrastoen lagina hartu, osagaiak ikusi, dokumentatu, eta hipotesiak baieztatu edo zalantzan jartzen dituzte.

Orain arte ez dute inoiz hartu mendi bat zona defentsibo bezala erabili zena eta bertako egitura guztiak aztertu. Hori izaten ari da aurtengo berrikuntza. Depresioak, zangak... mendiko egiturak identifikatu eta zundaketen bidez aztertzen ari dira.

Elkarrekin biziz eta ongi pasatuz ikasten

Ohi baino boluntario gutxiago dabiltza lanean, zortzi lagun –estatu espainiarreko bat eta gainontzeko guztiak euskaldunak–, hala planteatu zutelako, ez zutelako aurreko urteetan adina jende behar. Larunbat hau, uztailaren 23a izango dute azken eguna Asteasuko Lizardi etxean ostatu hartuta dauden gazteok.

Historia edo Zaharberritzea ikasi dutenak daude tartean, baina baita Biologia ere. Manex Arrastoak dioen bezala, zientzia ezberdinen beharra baitu arkeologiak.

Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek sustatutako proiektua da hau, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren giza eskubideen zuzendaritzak ere lagundu du. 2013an abiatu zirenetik Euskal Herriko zein Estatu espainiarreko boluntarioekin egin dute lan, Julien Blanco eta Alba Peña arkeologoen gidaritzapean. Kontuz eta mantso egin beharreko lan hauek dirauten bitartean, batera biziz eta ongi pasatuz ikasten dute Aranzadik antolatzen dituen egonaldietan.

Azken auzolandegia, baina proiektuak aurrera

Hamarkada bat betetzera doaz eta aurtengoa izanen dute azken auzolandegia Saseta sisteman. Baina horrek ez du erran nahi proiektua bukatu denik. Egindako lan arkeologiko guztia liburu batean jaso eta argitaratzeko asmoa dute. Urtean inguruko herrietan hitzaldiak ematea ere interesgarria izanen litzatekeela ikusten dute, jakintza hau jendartera zabaltzeko.

Arrastoa teknikari hasi zen, orain koordinatzaile dabil, eta proiektuaren «oso balantze positiboa» egiten du. Guztira 80 lagun inguru pasatu dira auzolandegiotatik bederatzi urtetan, udaro hamar inguru, eta batzuek errepikatu egin dute. «Jende askok ikasi du egindako lanarekin. Gu ere ikasten ari gara. Pixkanaka-pixkanaka herriko jendeak ere jakin du zer egin dugun eta zer pasatu zen inguruko mendietan», agertu du.

«Lan arkeologikoaren ikuspuntutik, egin nahi genuen bailararen erradiografia osatu dugu», erantsi du.

Sasetan ez, baina beste toki batzuetan aukera egonen da aurrerantzean ere auzolandegietan parte hartzeko.

Saseta sistema, lehenengo erresistentzia toki antolatua

Kanpaina hau gauzatu den gunea Saseta defentsa sistema edo erresistentzia puntu gisa ezagutu zen 1936ko abuztuaren eta irailaren artean. Hain justu, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo zonalde horretan gudari euskaldunek tropa frankistei aurre egitea lortu zuten, 1936ko abuztuaren 11n Tolosa haien eskuetan erori ondoren. Lekuaren gaineko memoria historikoa galdu bada ere, orain arteko dokumentazioaren arabera ehun biktima inguru eragin zituen konfrontazio handia izan zen bertan.

Sektore horrek egin zuen erresistentziari esker, altxatutako militarrei aurre egitea lortu zen, haiek aurreratzea oztopatuz, eta hala sortu zen Eusko Gudarostea.

Aranzadik bertan egiten duen arkeologia lanak helburu argia du: puntu horiek guztiak dokumentatzen ditu informazio historikoa gal ez dadin, eta ondoren, zonalde horiek memoria historikoari dagozkion leku moduan aldarrikatzen ditu.

Manex Arrastoak adierazi duenez, «zaila da hemen behintzat lubaki hauek bistaratzea, kasu batzuetan harri bidez eginda daude. Aldiz, aurten eta iaz induskatutakoak lurrean egindako zuloak dira eta berriro tapatu behar ditugu, hor bertan abereak ibiltzen direlako eta eremu pribatuak direlako».

Lubaki «sinpleak», oso azkar eginak

Aurkitutako arrastoek erakusten dute defentsa «oso azkar» egin zela, hilabete batean. «Latak aurkitu ditugu, baina atseden tokirik, eguneroko jarduerak egiten zituzten lekurik ez dugu topatu, hortaz, zaila da gudarien egunerokotasuna ezagutzea», agertu du Aranzadiko kideak.

Deigarriena iruditu zaiena lubakien «sinpletasuna» da. «Ez dute Bizkaiko lubaki eta bunkerren batere antzik. Oso presaka eginak dira, ez dira hain sakonak», deskribatu du arkeologoak.