Otsailean ezker sorbaldan ebakuntza bat jaso ondoren, Maialen Chourrautek uko egin behar izan zion Munduko Kopako frogetan eta maiatzean Eslovakian jokatutako Europako Txapelketan lehiatzeari, baina behin osatuta, Joko Olinpikoetan hiru domina lortu dituen lasartearra igandera arte Alemaniako Augsburgon jokatuko den piraguismoko Munduko Txapelketan arituko da, beste bost euskal kirolarirekin batera; Ander Elosegi, Joan Crespo, Klara Olazabal, Miren Lazkano eta Olatz Arregi.
Beraz, Parisko Joko Olinpikoetarako bi urteren faltan, Augsburgokoa azterketa egokia bezain zaila izango da gipuzkoarraren sasoia proban jartzeko. Lasartearrak K-1ean lehiatuko du, bakarka zein taldeka eta baita Parisko Jokoetan lehen aldiz olinpikoa izango den muturreko slalomean ere. 39 urterekin, Parisen egoteko sailkapena bilatuko du Chourrautek Alemanian, Munduko Txapelketan Seu d´Urgellen 2009an zilarra eta Bratislava 2011an zilarra kolkoratu ostean.
Asteazkenean hasiko den lehiaketan ariko diren beste euskal piraguistek ere esperantza handiak jarri dituzte aurtengo Munduko Txapelketa hauetan. Esaterako, Ander Elosegik zilarrezko domina lortu zuen udaberrian Liptovsky Mikulasen jokatutako Europako Txapelketan kanoako taldekakoan eta irundarra C1 proban arituko da, bakarka zein taldeka.
Joan Crespok errepikatu nahi du
Joan Crespok badaki zer den Munduko Txapelketa batean urrezko domina lortzea, 2019an egin zuen La Seu d´Urgellen egin zuen taldekako K1ean, eta datozen egunetan ere saiatuko da dominaren bat eskuratzen, K1ean bakarka zein taldeka arituko da. Extreme modalitate berrian ere saiatuko da donostiarra.
Nesketan, Klara Olazabal eta Miren Lazkano C1 mailan lehiatuko dira, bakarka eta eta Ainhoa Lameiorerekin taldea osatuz. Parisen olinpikoa izango den extreme frogan ere arituko dira irundarra eta donostiarra eta Olatz Arregi donostiarra ere proba berri honetan lehiakideen artean egongo da.