Europar Batasunaren arabera, ekonomia urdinak itsaso eta ozeanoek eragile ekonomiko gisa duten garrantziari egiten dio erreferentzia, berrikuntzarako eta hazkunderako duten ahalmenari lotuta. Arrazoi hori tarteko, Europako Itun Berdearen estrategian txertatu du. Itsasoko jarduera ekonomiko ororen garapen jasangarria sustatzea da helburua, eta jarduera horiei ondasun eta zerbitzuak ematen edo balioa gehitzen dieten ekintzak bultzatzea ere bai. Testuinguru horretan jaio da ‘Oarsoaldea urdina’ Aztiren lehiaketa.
Zentro teknologikoak Gipuzkoako eskualde honetan ekonomia urdina sustatuko duten ideia berritzaileak bilatu nahi ditu. Astearte honetan hasi eta datorren irailaren 26ra arte egongo da parte hartzeko aukera, banaka edo taldeka, Aztiren webgunean izena emateko dagoen inprimakia betez. Lehiaketaren oinarriak ere bertan daude eskuragarri.
Lakuako Gobernuak diruz lagundutako ekimen honen helburua da eskualdean itsasoari lotutako ondasunen eta zerbitzuen eskaintza dibertsifikatzea eta, hala, Oarsoaldearen hazkunde ekonomikoa eta enpleguaren sorrera bultzatzea.
Honako gaiak identifikatu dituzte lehentasunen artean: energia berriztagarriak, akuikultura, ontzi autonomoak, itsasoarn behaketa, ontzien elektrifikazioa eta arrantza produktuen balio erantsia.
Ideia berritzaileak bilatzen dituzte, denboran erabilgarriak izan daitezkeenak eta, Oarsoaldera bideratuta egon arren, harago zabal daitezkeenak, Gorka Gabiña Aztiko Arrantza Teknologia Jasangarriaren arloko koordinatzaileak azaldu duenez.
Hiru sari, etapa bakoitzerako bat
Diziplina ugariko talde batek osatuko du epaimahaia. Aztiko teknikariak, Tecnaliako aditu gonbidatu bat, Pasaiako Portuko Administrazioa eta Lakuako eta Oarsoaldeko Garapen Agentziako ordezkari bana izango dira tartean. Fase komertzialean edo epe labur edo ertainean gauzatzeko moduan egon daitezkeen proposamenak baloratuko dituzte, baina baita oraindik formulazio etapa batean dauden kontzeptu eta teknologiak ere.
Horrenbestez, lehiaketak hiru sari emango ditu, proposamenak zein fasetan dauden kontuan hartuta: 10.000 euro oinarrizko ideia irabazlearentzat, 25.000 euro merkaturatu aurreko fasean dagoen proiektu irabazlearentzat eta 55.000 euro fase komertzialean dagoen proiektu irabazlearentzat.
Lehiaketaren irabazleek espazio fisiko bat izango dute Aztiren instalazioetan, sei hilabeteko epean proiektua edo ideia garatzeko. Zentroko adituen eta Oarsoaldeko Ekonomia Urdinaren Poloa garatzen ari diren beste erakunde batzuen sare baten aholkularitza ere jasoko dute, proposamenari bultzada bat emateko.