Athleticen Lezaman prestatuko ditu denboraldi-aurre honetako hurrengo partidak. Larunbatean Newcastle taldea bisitatuko du eta igandean Mirandesen etxean arituko da. Valverdek 31 jokalarirekin entrenatzen jarraitzen du eta datozen egunetan erabakiak hartu beharko ditu.
25 jokalarirentzako dago lekua lehen taldean eta, adinarengatik bada ere, zebait futbolarik Bilbao Athleticekin jokatu dezakete: Ander Iru eta Alex Padilla atezainek, Aitor Paredes atzelariak eta hegaletan aritzen diren Luis Bilbaok eta Malcom Adu Aresek. Iruk 24 urte egingo ditu abuztuan, baina atezainen kasuan 25 urtez azpikoek lehen eta bigarren taldearekin jokatu dezakete. Gainontzekoek 23 urtez azpikoek izan behar dute eta badira.
19 urte dituen Nico Serranoren inguruan ere erabaki bat hartu beharko dute. Iaz lehen eta bigarren taldearen artean aritu zen, baina minutu gutxi izan zituen Marcelinorekin. Etorkizun handiko jokalaria da eta ahalik eta gehien jokatzea komeni zaio.
Ikusteke dago zer gertatuko den aukera gutxi izan ditzaketen beste taldekide batzuekin. Horien artean daude, Zarraga, Petxarroman edo aurreko denboraldian utzita egon ziren Morcillo eta Nolaskoain. Zumaiarrak taldekideekin batera entrenatu du gaur goizean, nahiz eta ezin izan zuen kolpe batengatik azken partidan parte hartu.
Iñigo Martinez berriz, bere kabuz aritu da prestatzaile fisiko batekin. Gainontzeko taldekideak baino beranduago itzuli zen oporretatik eta aurreko asteetan ere hainbat aldiz aritu da bere kontura.
Ondarroako atzelariaren etorkizuna kezka eta eztabaita iturri da Athleticen. Joan den astean Bartzelonak bera fitxatzeko asmoa zeukala ezagutu zen eta urduritasuna zabaldu zen zaleen artean. Talde zuri-gorriko jokalaririk garrantzitsuena izan da azken denboraldietan eta atzeko lerroaren lan onaren erantzule nagusienetako bat da. 2018an, 32 miloi ordaindu zizkion talde zuri-gorriak Realari ondarroarra fitxatzeko.
2023ko ekainean amaitzen zaio kontratua eta 80 miloitako etete klausula dauka. Bartzelona eskaintza bat egitekoa zen Athletici, baina badirudi azkenean Jules Kounderen aldeko apustua egingo dutela. 23 urte ditu eta Sevillarekin akordio bat erdiestekotan daude. 50 miloitik gora ordainduko omen ditu.
Koundek Bartzelonarako bidea hartu dezakeen arren, Athleticen helburua Iñigo Martinezen kontratuaren luzapena negoziatzea da. Talde zuri-gorrian lasai daudela esan zuen Valverdek. Erabakia Iñigo Martinezen eskuetan dago. 31 urte ditu eta bere azken kontratua izan daiteke. Ziur asko Ingalaterran edo goi mailako taldeetan diru gehiago irabazi dezake. Athleticek denboraldi gehiago eskaini ahalko dizkio eta baldintzak ezarri soldata igotzeko, baina zaila izango du orain jasotzen duena baino gehiago eskaintzea. Jon Uriarteren Zuzendaritza Batzak zuhurtziaz jokatu beharko du.
Are gehiago, kontuan izan behar da Athleticen badaudela erdiko atzelari postuan joka dezaketen hainbat jokalari eta maila ona erakutsi dutenak. Yeray eta Vivian esaterako. Euskal merkatuan aldiz, Valentzian jokatzen duen Hugo Guillamon edo Osasunako David Garcia daude ere. Ahaztu gabe Unai Nuñez Celtra utzita joan dela.
Oihan Sancet ere bakarka aritu da
Ehunka zale hurbildu dira Lezamara gaur goizeko lan saioa ikustera. Iñigo Martinezen moduan, Oihan Sancet bakarka aritu da beste zelai batean. Nafarrak min hartuta amaitu zuen Mainz taldearen kontrako partida. Valverdek uste baino arinago aldatu zuen, baina garrantzia kendu zion bere egoerari norgehiagokaren ostean. Esan zuenez, nekatuta zegoela iruditu zitzaion eta ez omen zeukan min larririk.
Denboraldi-aurrearen hasieran pubis lesioa atzean utzi zuela ziurtatu zuen Josean Lekue, zerbitzu medikuen arduradunak. Iazko Ligako azken partidak ezin izan zituen jokatu lesionaturik egon zelako eta udan egindako ariketekin ebakuntza ekidin ahalko zuela ondorioztatu zuten. Klubak ez du ezer esan momentuz Sanceten minen inguruan.
Lesionaturik daudenak Unai Simon eta Yuri dira. Atezainak sorbaldako mina dauka eta bere kabuz entrenatzen ari da denboraldi-aurre osoan zehar. Liga hasierarako prest egotea espero du Valverdek. Yurik orkatila bihurritu zuen Bochum taldearen aurkako adiskidantzazko partidan.