NAIZ

Hamahiru lehen eta bigarren film lehiatuko dira Zinemaldiko New Directors atalean

Hamabost herrialdetako hamahiru ekoizpenek hartuko dute parte irailaren 16tik 27ra 70. edizioa izango duen Donostia Zinemaldiko Kutxabank-New Directors sailean. Aukeratutako lan guztien artean, hamabi opera prima daude, eta bat, berriz, egilearen bigarren filma da.

‘La hija de todas las rabias’ filmak Nikaraguako zabortegi erraldoi batean bizi den 8 urteko neskato baten bizitza islatzen da.
‘La hija de todas las rabias’ filmak Nikaraguako zabortegi erraldoi batean bizi den 8 urteko neskato baten bizitza islatzen da. (ZINEMALDIA)

Aurtengo Zinemaldiko New Directors sailerako aukeratutako lan guztien artean, hamabi opera prima daudela iragarri dute ostegunean prentsaurrekoan Jose Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak, eta Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendari Ainhoa Arruabarrenak.

Jeanne Aslan turkiarra (Sorgun, 1976) eta Paul Saintillan frantziarra (Versalles, 1971) dira beren lehen lana New Directors sailean erakutsiko duten zinemagileetako bi. Elkarrekin zuzendu dute ‘Fifi / Spare Keys’, udan bere lagun baten anaiarekin harreman bat hasiko duen nerabe baten istorioa.

Laura Baumeister nikaraguarrak (Managua, 1983) bere lehen filma aurkeztuko du, ‘La hija de todas las rabias’, zabortegi batean bizi den zortzi urteko neskato baten gaineko kontakizuna. Filma Zinemaldiaren babesari esker egin ahal izan du hein batean, besteak beste, proiektu onenaren saria eskuratu baitzuen VIII. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan (2019), baita WIP Latam Industriaren saria (2021) ere.

Bestalde, Moldaviako Errepublikako Ion Borș zuzendariak (Chisinau, 1990), iaz WIP Europa Industriaren saria eta WIP Europa saria eskuratu zituenak ‘Carbon’ bere lehen film luzearekin, 90eko hamarkadako hasierako Transnistriako gerran girotutako komedia beltz honekin hartuko du parte.

Katrine Brocks zinemagile daniarra (Kopenhague, 1989) bere lehen film luzearekin lehiatuko da, ‘Den Store Stilhed / The Great Silence’ izenekoarekin. Komentuan anaia bikiaren bisitaldi deserosoa jasoko duen nobizia gazte bati buruzkoa da.

Euskal filme bat ere bai

Estatu frantsesean bizi den Dinara Drukarova aktore errusiarrak (San Petersburgo, 1976) kameraren atzean sortu duen lehen filma aurkeztuko du, ‘Grand Marin’. Gainera, protagonista ere interpretatzen du, dena utzi eta arrantza-ontzi batean Ipar itsasora abiatzen den emakume bat.

Era berean, Suitzako Carmen Jaquier (Geneva, 1985), ‘Foudre / Thunder’ film luzearekin estreinatuko da. XX. mendeko hasierako Suitzako emakume baten emantzipazioaren kontaketa da.

‘Jeong-sun’ filma da Ji-hye Jeong zuzendariaren (Busan, 1995) estreinako filma. Fabrikako lankide batekin ezkutuko harreman bat hasiko duen emakume bati buruzko film honek Koreako Jeonjuko zinema-jaialdia irabazi zuen.

Takeshi Kogahara zinemagile japoniarrak (Nagasaki, 1982) ere bere debuteko film luzea ekarriko du, ‘Nagisa’, zorigaitzak banandutako anaia-arreba batzuen maitasun-istorioa.

Bestalde, Rocío Mesa zuzendari eta ekoizleak (Granada, 1983) New Directors sailean parte hartuko du errealismo magiko kutsua duen ‘Secaderos’ filmarekin, bere fikziozko lehenbiziko lana, tabako-lehortegietan girotutakoarekin.

Masahiko Sato (Shizuoka, 1954), Yutaro Seki (Kanagawa, 1987) eta Kentaro Hirase (San Frantzisko, 1986) hirukoteak ‘Miyamatsu to Yamashita / Roleless’ aurkeztuko du, zinemako estra moduan ere lan egiten duen teleferiko bateko langile baten gorabeherei buruzkoa.

Parth Saurabh zinemagile indiarrak (Darbhanga, 1993) bere lehen film ‘Pokhar Ke Dunu Paar / On Either Sides of the Pond’ aurkeztuko du, pandemiak eragindako zailtasun ekonomikoengatik Delhitik jaioterrira itzuli behar duen bikote bati buruzkoa; han, bere erlazioa hondatzen hasiko da.

Gainera, Josip Žuvan kroaziarrak (Trogir, 1987) ‘Garbura / Carbide’ bere debuteko filma aurkeztuko du. Bi lagun bereizezin ditu protagonista, beren harremana babestu nahi dutena bien familien arteko gatazken gainetik.

Izenburu horiei guztiei batuko zaie Maria Elorzaren (Gasteiz, 1988) lehen film luzea, dagoeneko iragarri den ‘A los libros y a las mujeres canto’, liburuak zaintzen dituzten emakumeen armada anonimo eta armagabeari buruzkoa.

Hamahiru film horiek, eta aurrerago gehituko zaizkien beste batzuk, Kutxabank-New Directors saria irabazteko hautagai. 50.000 euroko saria da, erdibanatzeko zuzendariaren eta filmak Estatu espainiarrean duen banatzailearen artean. Kutxabank-New Directors saria Kutxabankek babesten du, Zinemaldiaren kolaboratzaile ofizialak. 

Kutxabank-New Directors sariaren epaimahaiak baloratu eta saritzen ditu film hauek. New Directors saileko filmak Gazteriaren TCM saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 150 ikaslek osatutako epaimahaiak erabakitzen du.