NAIZ

Herritarrek %50eko hobaria jasoko dute EAEko garraio publikoko sistema guztietan

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek %50eko hobaria jaso ahal izango dute iraileran 1etik aurrera garraio publiko guztietan. Lakuak espainiar Garraio Ministerioaren laguntza osatuko du.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako garraio publikoan aplikatuko dira beherapenak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako garraio publikoan aplikatuko dira beherapenak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lakuako Gobernuak baliabide propioetako 11 miloi eurorekin osatuko du 2022ko irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako garraio publiko guztietako bonuetan aplikatuko den hobaria %40ra arte.

Erabaki horrekin, gainerako euskal administrazioei laguntzeko konpromisoa betetzen du Lakuak eta, horrela, laguntzaren zatirik handiena bermatuta izango dute, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren diru-laguntza jasotzen duten zenbatekoa edozein dela ere. Helburua da herritarrek EAEko garraio publiko guztietan %50eko deskontua jaso ahal izatea. Hori lortzeko, aldundiek eta udalek gainerako %10a beren gain hartu beharko dute.

Administrazioek, joan den uztailaren 7an EAEko Garraio Agintaritzaren Osoko Bilkuran bilduta, hobariaren %50 hartzeko borondatea agertu zuten, eta hori aztertzea erabaki zuten, erakunde guztien arteko ahalegin bateratu batean oinarrituta.

Bilera horretan, espainiar Gobernuak onartutako Errege Dekretua aztertu zen. Dekretu horrek, besteak beste, zuzeneko laguntzen sistema bat ezartzen du autonomia erkidegoentzat eta toki erakundeentzat, baldin eta konpromisoa hartzen badute garraio abonuen eta bidaia anitzeko tituluen prezioa %30 murrizteko irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, baita deskontu horiek baliabide propioekin handitzeko aukera ere.

Garraio publikoko bonuen deskontuak automatikoak izango dira eta irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean jarriko dira martxan. Neurri «sozial eta ekologiko» bat da, eta Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren hitzetan, «herritar guztiei mesede egingo die, batez ere erdiko klaseei eta langileei, garraio publikoa suspertu eta sustatzera, garraio pribatuaren indarra ahultzera eta, horrekin batera, CO2 emisioak murriztera bideratua».

«Gure interesa da –gaineratu du sailburuak– neurria modu koordinatuan eta hobari ehuneko berarekin ezartzea Euskadiko operadore guztietan, onura orokorra izan dadin eta pertsona guztiei berdin eragin diezaien, erabiltzen duten garraio mota eta bizi diren Euskadiko lekua edozein izanik ere. Euskal Ogasunak ahalegin handia egingo du horretarako».

%50eko hobaria Euskotrenen

Euskotrenek dagoeneko iragarri du deskontuaren %50 aplikatuko duela bere garraio modalitate guztietan: Bost trenbideetan (E1, E2, E3, E4 eta E5), Bilboko metroaren 3. linean, Bilboko eta Gasteizko tranbietan eta Larreinetako funikularrean.

Deskontua Barik, Bat eta Mugi kontakturik gabeko txartelen bidez aplikatuko da. Larreinetako funikularreko hileko bonuak eta Kukullagako igogailuko 10 bidaietako bonuak ere %50eko hobaria izango dute.

Iruñerriko Mankomunitateak ere iragarri du %30eko beherapena aplikatuko duela.