Naiz

300.000 bestazale inguru bildu ziren atzoko gaualdian Baionako karriketan

300.000 lagun inguru bildu ziren bart Baionako karriketan besta egiteko. Jende trumilka ibili bazen ere, gaua giro aski lasaian igaro zela baieztatu du gaur goizean Prefeturak. Oroitzearren, asteburu osoan zehar 10 euro ordaindu behar dira bestetako eremuan sartu ahal izateko.

Jendetza bildu zen Sinsemilla taldeak eta hainbat DJk eskainitako kontzertuan.
Jendetza bildu zen Sinsemilla taldeak eta hainbat DJk eskainitako kontzertuan. (Guillaume FAUVEAU)

Baso bat eskuan eta eskumuturra jarrita. Besta ordainduen aroan sartuta daude Baionako bestak. Horrek beti ere galdera bat pausatzen du parte-hartzearen inguruan. Edonola ere, jakin behar da baionarrek ez dutela deus ordaindu behar.

Aurten 10 eurotan saldu duten eskumuturra, beraz, kanpotik heldutako bestazaleen adierazgarria bilakatu bada, neurri handi batean.

Herriko Etxeak lehen bilana egin du bestazaleen presentziari buruz. Gaur Prefeturak egunero plazaratzen duen agirian datu hori jaso du: 300.000 herritar inguru elkartu ziren bart Baionako karriketan bestetako edizio berezi honen gaualdirik beroenean.

200 lagun tren zerbitzurik gabe

Beroa izan zen gaua, giroari dagokionez, ez ordea segurtasunaren gorabeherei begiratuta. Jendeak musikaz eta dantzaz gozatu zuen, gauaren epeltasuna lagun, eta bereziki arrakastatsua izan zen Sinsemilla Djk eskainitako saioa.

Hori bai, Baionatik ordu txikitan alde egiteko orduan izan ziren komeriak. 04:00ak aldera, Akizera (Dax) azkeneko trena hartzeko orduan jende metaketak izan ziren Baionako tren geltokian, non trenean sartu ahal ziren baino bidaiari gehiago heldu zen.

200 bat lagunek hurrengo trenaren zain gelditu behar izan zuten tren geltokian. Prefeturak azaldu zuenez SNCF tren konpainiarekin harremanetan da gaur gauean egoera berriz ez gertatzeko.

Garraioarekin izan ziren traba horiek alde batera utzita, Prefeturaren esanetan aurreneko gaua baino lasaiagoa izan zen atzokoa Lapurdiko hiriburuan.

Hala eta guztiz ere 6 lagun atzeman zituen Poliziak eta beste behin ere istripu larrienak ibaiaren inguruan gertatu ziren. Bestazale batek besoa hautsu zuen Mayou zubitik erorita.

Bestazale bat katedralaren gargolen artean ibili zen

Bart, ordea, bigarren pertsona bat erreskatatu behar zuten ibaiaren uretatik eta bertze bat atxilotua izan zen Baionako katedralaren gargoletaraino igo zelako. Bere bizitza zein bertze herritarrena arriskuan jartzeagatik gaua komisaldegian amaitu zuen eskalatzaileak.

Aurreneko bi gaualditan baina jende gehiago artatu zuten ziztada salbaien afera kudeatzeko ezarritako eremuan.

Orotara 34 lagunek adierazi zuten ziztatuak izan zirela. 9 analisi egin ziren. Hiru gaualditan 50 bat lagunek eraso hori pairatu izan badute ere, oraingoz osasun-zerbitzuek ez dute inolako kasu positiborik jakinarazi.