Jokin Altunak egun batzuk kantxetatik at eman beharko ditu ostiral gauean Getariako Masterseko partidan hartu zuen kolpearen erruz. Lehia 14na berdinduta zela Ezkurdiak txokora botatako pilota bat jasotzeko asmotan bere burua lurrera bota zuen amezketarrak eta frontisaren aurka kolpe handi xamar bat eraman zuen. Beroan partida amaitzerik izan bazuen ere, gaur goizean minarengatik ezker besoa ia altxatzerik ez duela jaiki da eta egun batzuetan pilotan jokatu ezinda egongo da. Enpresak osatzeko beharko duen denboraren berri eman ez badu ere, hori lesioaren garapenak markatuko omen du, ziurra da ez duela igande gauez Azpeitian jokatzerik izango eta Joseba Ezkurdiak hartuko du bere lekua saninazioetako estelarrean.
Aspek zabaldutako txosten medikuaren arabera, Jokin Altunak «kolpe handi bat bat du bere ezker sorbaldako deltoidean». Buruan ere kolpea eraman bazuen ere, gaur ez du inolako minik inguru horretan eta sorbaldaren bilakaeraren araberakoa izango da bere itzulera.
Lasoren aurkakoak itxaron egin behar
Altuna eta Lasoren arteko demak iazko udako platerik nagusienetako bat izan baziren, aurtengoan ez dugu, momentuz, bi izar nagusien arteko demarik ikusterik izan, Buruz Buruko txapelketako final erdietan Bizkarreta-Gerendaingoak gipuzkoarra maiatz erdialdera kanporatu zuenetik. Lehenengo Jokin Altunak geratu behar izan zuen ezker eskuko arazoak sendatzeko, gero nafarra lesionatu zen sanferminetako lau eta erdiko finalean eta orain amezketarrak hartu du berriz ere min.
Momentuz, Jokin Altuna datorren ostegunerako dago iragarria Beran eta amezketarrarentzat pisuzko hurrengo konpromisoa Gasteizko ferian izango da, abuztuaren 7an da jokatzekoa bertako finalerdia, Martija lagun, Ezkurdia-Zabaletaren aurka.