Batelerak, Pasaia munduan famatu egin zuten portuko langile nekaezinak

Indartsuak, ausartak, armak erabiltzen abilak... Garaiko idazle eta bidaiarien kronikek eraiki duten bateleren irudia ez da agian erabat egiazkoa, baina argi dagoena da hainbat mendetan mota guztietako lanak egin zituztela Pasaiako badian. Olga Macias EHUko irakaslearekin aztertu ditugu.

B. Hennebutte Feilleten grabatua.
B. Hennebutte Feilleten grabatua. (KOLDO MITXELENA KULTURUNEA)

Urtero legez, Pasai Donibanek batelerei omenaldia egingo die igande honetan, San Inazio egunean. Garai batean Pasaiako portuan horrenbeste lan egindako emakumeak gogoratzeko, bateleren desfilea egingo da 11.30ean hasita, 12.15ean batel estropadaren txanda izango da, eta amaitutakoan zortzikoa dantzatuko da.

Aukera ona da, beraz, batelerak zer izan ziren errepasatzeko eta euskal kostaldeko historian izan zuten garrantzia behar bezala goraipatzeko.

«Batelerak deitzen zitzaien batelak erabiltzen zituztelako. Pasaiako bokalean jendea alde batetik bestera eramatea izaten zen beraien ohiko lana, baina itsasontziak bokale horretara heltzen zirenean batelerak bertara joaten ziren, alde batetik itsasontzi horietako bidaiariak portura eramateko, eta bestetik merkantziak garraiatzeko, bai portutik ontzietara edo alderantziz, lasta ere garraiatzen zuten ontzietara, merkantziak hustutakoan egonkortasunik gabe geratzen zirelako… Horrekin lotuta, gabarretan ere lan egiten zutela aipatu behar da, batez ere merkantziak garraiatzeko erabiltzen zirenetan. Eta itsasontziak atoian eramaten ere bai, erremolkatzen alegia», deskribatu du Olga Macias EHUko irakasleak.

Emakumeek itsasoko lanetan izan duten parte-hartzea sakon ikertu izan du Maciasek, eta batelerek egiten zituzten lanak aipatzearekin batera, galdera bota du. «Esaten zen emakume hauek sekulako abilezia zutela itsasontziak zuzentzeko eta itsas portuan sartzeko. Denetarik egiten zuten, eta hor galdera da zergatik. Zergatik egiten zuten emakumeek horrelako lana?»

Gehien aipatzen den arrazoia gizonezkoek arrantzara urrunera joateko zuten ohitura da, baina Olga Maciasek gogoratzen du ez zela arrantza bakarrik. «Pasaia aldean gizonezkoek bi aukera nagusi zituzten. Alde batetik ‘Compañía de las Indias Orientales’ izeneko erakundea zegoen. Ameriketara joaten ziren merkantzia garraiatzeko, joan eta etorri, eta kanpainak hiru urtekoak izaten ziren, eta kasu batzuetan Ameriketan bizitzen geratutako pertsonak ere izan ziren. Eta bestetik, arrantzara joaten zirenak zeuden. Iparraldera edo Grande Sole aldera joaten zirenak, balea harrapatzera joaten zirenak, eta noski Ternuara bakailaoa arrantzatzera joaten zirenak. Aurrenekoak urte bateko edo biko kanpainak izaten ziren, eta bakailaoarena sei hilabetekoa», zehaztu du.

«Orduan, gizonezkoak zenbat denbora egoten ziren lehorrean? Ba, oso gutxi. Adibidez Donostian ez zen berdina gertatzen, gehienek kostera deitzen zaion arrantza horretan ibiltzen zirelako. Baina Pasaian gizonezkoen lana normalean luzaroan kanpoan egotea izaten zen. Horrek, noski, hutsune handi bat uzten zuen portuan eta emakumeek bete behar izaten zuten».

Bateleren omenez Pasai Donibaneko Santiago plazan ikus daitekeen eskultura. (Jon URBE/FOKU)

Eta kontuan hartu beharreko beste faktore bat itsas portuetan sortzen ziren emakumeen gremioak izango lirateke. «Emakumeen artean gertatzen zen bazeudela halako gremioak zehaztuta, euren artean osatutako elkargoak egiten zuten lana kudeatzeko, soldatak adosteko… Eta gizonek ez zuten inolako ahalmenik hor sartzeko. Hori ere kontuan hartzekoa da. Bilbon ere gertatu zen adibidez zamalariekin. Zirgariekin ez, baina zamalariekin bai. Azpiegitura gremial horiek, sindikatuak sortu aurretik, garrantzitsuak ziren. Estibadoreekin berdina gertatu zen. Gizonak alde batetik eta emakumeak bestetik».

Zergatik zen deigarria?

Maciasek dioenez, garai hartan emakumeak portuetan lanean ikustea ez omen zen horren arraroa. «Euskal Herritik kanpo emakumeak zirgari moduan ibiltzen ziren batez ere. Frantzian, Ingalaterran… leku horietako itsas portuetan nahiko ohikoa izan zen emakumeen lana, batez ere horrelako txalupa edo gabarrak garraiatzeko. Eta kanaletan ere bai, Frantzian esaterako. Europa iparraldean, Norvegian, Suedian eta horrelako herrialdeetan ere emakumeek itsas portuetan egiten zuten lana dokumentatuta dago».

Baina orduan zergatik sortzen zuen horrenbesteko harridura bateleren lanak Pasaia bisitatzen zuten garaiko bidaiari, idazle eta agintarien artean? Adibideak asko dira, baina batzuk gogoratzekotan, Lope de Vega idazlea –1618an «las remeras de Pasajes» aipatzen ditu “Los ramilletes de Madrid” bere lanean–, Lope Martinez de Isasti elizgizona –1625ean aipatzen ditu “Compendio Historial de Guipuzcoa” liburuan– edo Marie Catherine LeJumel kondesa –1676an aipatzen ditu bere “Relation du voyage D’Espagna” liburuan– leudeke.

Hala ere, mundu mailan fama Victor Hugok eman zien, 1880an “En voyage. Alpes et Pyrinees” liburua argitaratu zuenean. Bertan Pasaian igaro zuen 1843ko uda deskribatzen du, Julieta Drouet bere emaztearekin batera.

«Ez dakit zergatik egiten zen horren deigarria. Kontuan izan behar da urte horietan bidaiarien liburu horiek zirela jendeak mundua ezagutzeko zuen aukera ia bakarra, eta nolabait mundua aurkezteko modu bat izan zen, ez dut esango mundu imajinarioa, baina bai apur bat poetikoa. Eta horregatik kasu batzuetan egiten den emakumeen deskribapena ez da egiazkoa, ez du zerikusirik benetako emakume langileen egoerarekin», iritzi dio Maciasek.

Thomas Lyde Hornbrooken lamina (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Izan ere, idatzi horietan egiten zen bateleren deskribapena ez da nolanahikoa. Batelerak emakume indartsu eta ausartak zirela aipatzen da, armak erabiltzen abilezia handikoak zirela ere esaten da eta itxura asko zaintzen zutela ondoriozta daiteke haien arropa eta batelen deskribapenak irakurrita, nahiz eta printzipioz langile arruntak izan eta ez nobleziaren parte.

«Baliteke gizonezkoek ere batelerek egiten zituzten lan batzuk egitea, baina segur aski kanpotik ikusita ez zen horren deigarria. Idatzi horietan agertzen dena emakumeena da, baina ez dakit ziur zergatik. Hor beste gauza bat ere badago: emakumeen esfortzu fisikoa. Lehia sortzea emakumeen artean, ea nor joaten den azkarrago, ea nork eramaten duen karga edo pisu gehiago… Esango nuke puntu horretan folklorearekin nahasten dela. Gauza bera gertatu zen arrantzaleekin, eta hortik sortu ziren estropadak. Ea nor helduko den aurrena portura. Lehia hori folklorea gehiago dela esango nuke, emakumeak betidanik egon direlako lanean portuan, arrantzan…»

Errealitatea eta kondaira

Gainera, bateleren nondik norakoa ikertzerakoan zaila egiten da askotan errealitatea eta kondaira desberdintzea, eta Olga Maciasek adibide deigarriak ekarri ditu gogora. «Zugarramurdiko epaiketa eraman zuen inkisidore berak, Pierre de Lancre izenekoak, esaten zuen emakume hauek deabruarekin halako itunen bat zeukatela eta gai zirela mareak aldatzeko eta enbatak sortzeko. Eta Zokoko enbata aipatzen zuen. Ez dakit zenbat pertsona hil ziren eta inkisidore honek esan zuen bateleren errua izan zela».

«Eta gero, frantziarrekin izan ziren gudetan famatua da arkabuza hartu eta tiroka hasi zen bateleraren kasua. Tiroka hil omen zuen soldadu bat. ‘Caracter agresivo’ zeukatela esaten dute. ‘Tiradoras de arcabuces de gran fuerza…’ diote XVII. mendean. Historialari batzuek esan dute asmakizunak direla, aipatu izan da ere gizonezkoak ote ziren emakumezkoz jantzita… Azken batean askotan ezin da frogatu egia den ala ez», dio Maciasek.

Uztailaren 31n, San Inazio egunez, omenaldia eskaintzen zaie batelerei Pasai Donibanen. Irudian, zortzikoa dantzatzen. (Jon URBE | FOKU)

Espainiako erregeekin izandako pasadizoak ere famatuak dira. Filipe IV.ak Madrilera eraman nahi izan omen zituen batelera batzuk, bertan zeukan urmaelerako, baina ezezkoa jaso omen zuen. «Hau oroimen historikoa da eta batzuetan horrelako bitxikeria deigarriekin geratzen gara eta errealitatea ahazten dugu eta estalita geratzen da. Badugu joera horrelakoekin geratzeko», salatu du azkenik Olga Macias EHUko irakasleak.

Pasaiako herritarrek, ordea, argi dute ez dituztela ahaztu nahi portuan horrenbeste lan egin zuten emakume haiek, eta igandekoa beste aukera eder bat izango da haien historia gogoratu eta emakumeek itsasoko lanean izan duten garrantzia aldarrikatzeko.

 

TRAINERUA LEHORREAN BAINA ETORKIZUNERA BEGIRA

Azken urteotan “Batelerak” izena Pasai Donibaneko emakumezkoen traineruak egin du famatu. Garai bateko arraunlari trebeen lekukoa hartuta, bost urtez jarraian Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabaztea lortu zuten pasaitarrek (2014, 2015, 2016, 2017 eta 2018). Urrezko aro hori modu nahiko tristean amaitu zen, arraunlarien eta zuzendaritzaren arteko liskarrak tarteko, eta hiru urtez ETE Ligan aritu ziren “Batelerak”, maila apalago batean. Aurten, ordea, talde arrosak ezin izan du trainerua uretaratu. Otsailean ohar baten bidez jakinarazi zuten ez zituztela Ligak eskatzen dituen gutxieneko etxeko arraunlariak eta ez zutela ETE Ligan parte hartuko. Berri tristea horrelako historia duen klub batentzat. Hala ere, eta esperantzari ate bat irekitzeko, esan behar da beheko mailetan indartsu jarraitzen dutela. Jubenilek, esaterako, bateletan jokatutako lehiaketa denak irabazi dituzte: Liga nahiz Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako Txapelketak.