Jende gehiena oporretan edo festetan pentsatzen ari den arren, konpromiso askoko partida zuten Unai Laso eta Julen Martijak gaur Lekunberrin eta uda betean egon arren, garaipenak neguko txapelketan atera ohi diren eran lortu dute nafarrek sailkapenean bizirik jarraitzeko behar zuten puntua, sufrituz eta lana beltz eginez. Luzimendu gutxiko partida izan da Jaian Jai pilotalekukoa eta inor nabarmentzekotan, Jon Ander Albisu izan da lauretan distirarik gehien egin duena, nahiz eta azkenerako kutsatu eta akats dezente pilatu dituen. Emaitza honekin, Mastersa da gehien irabazten duena, sailkapena asko estutu baita bi jardunaldi eta Etxarri-Aranatzeko partidaren faltan.
Bezperan Getarikoa bezalaxe, oso partida gorabeheratsua izan da Lekunberrikoa, hori bai, ostiralekoaren aldan askoz kalitate gutxiagokoa eta, aukeran, huts gehitxorekin. Pilotaleku berezia da Jaian Jai eta pilotariak nahikoa deseroso aritu dira, pilotak bote arraroren bat ere egin baitie lurrean eta ezker pareta nahikoa latza baitu.
Baina pilotariak ere, Unai Laso esaterako, ez daude euren sasoirik onenean eta igarri zaio Bizkarreta-Gerendaingoari joko falta. Azken aldi luzean ia akatsik ez egitera ohitu bagintuen, gaurkoan marrekin eta txapekin haserre xamar aritu da, ohikoa duen eraginkortasunetik urrun.
Hala ere, partida hasieran alde nabarmena hartu dute gorriek (7-2 eta 9-3) hori bai, euren merituengatik baino, arerioek egindako akatsengatik. Sake pare bat, sake-erremate bat eta Lasoren bi paretako bat kenduta, beste guztiak opariak izan dira.
Albisuk agindu
Gauzak horrela, partidaren gidoia erabat aldatu da goierritarrak akatsak egiteari utzi diotenean. Jon Ander Albisu izan da jokoan behetik gora nabarmen egin duena eta partidaren aginte makilaz jabetu da, asko jo, baina baita behar zenean kantxa asko betez ere. Ataundarrak ez du, ordea, nahi besteko laguntzarik izan Iker Irribarriaren aldetik. Partida gehiena haizea alde zuela jokatu badu ere, aramarrak ezker gantxorik sartu ezinda jarraitzen du, gaur asko kosta zaio zuloak aurkitzen eta Julen Martija zigortzerakoan ere ez dio nahi beste lagundu bere atzelariari eta akatsak ere komeni baino gehiago pilatu ditu.
Hala eta guzti ere, horren izan da handia Albisuk atzean izan duen nagusitasuna, partida irauli eta 14-16 aurreratzea ere lortu dutela. Ataundarraren unerik onenetan, ordea, erabat okertu dira bi gipuzkoarrak eta apenas izan dira beste hiru tanto egiteko gai (sake bat eta Unai Lasoren bi huts).
Eta partida gehienean sufritzea egokitu bazaio ere, azkenerako Julen Martijaren ohiko txukuntasunak, Etxeberrikoa izan da, alde handiz gainera, hutsik gutxien egin duen pilotaria, eman die garaipena, neguan sarri gertatzen den eran. Albisu, aldiz, garaipenak ihes egingo ziela ikusita, desesperatu eta partidatik irten da, opari galantak emanaz.
FITXA TEKNIKOA
Laso-Martija: 22
Irribarria-Albisu: 19
Pilotakadak: 578. Iraupena: 65,45 minutu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-2, 7-2, 7-3, 9-3, 9-5, 11-5, 11-9, 12-9, 12-13, 13-13, 13-15, 14-15, 14-16, 18-16, 18-17, 21-17, 21-19, 22-19. Sakeak: 2 Lasok eta 3 Irribarriak. Egindakoak: 5 Lasok, 0 Martijak, 4 Irribarriak eta 4 Albisuk. Galdutakoak: 5 Lasok, 1 Martijak, 9 Irribarriak eta 5 Albisuk. Gorabeherak: Sarrera polita, ia beteta Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan.