NAIZ

Anna Montañanak zuzenduko du Lointek Gernika datorren denboraldian

Mario Lopezek, osasun arrazoiengatik, alde batera utzi behar izan du entrenatzaile postua bere errekuperazioan oinarritzeko. 11 denboraldi eman ditu Lointek Gernikan eta Anna Montañanak hartuko du bere lekukoa. Presidenteak argi utzi du errelebo natural bat dela, eta «ez garai aldaketa bat».

Anna Montañana ACB ligako lehen entrenatzaile emakumea bilakatu zen Fuenlabrada zuzendu zuenean.
Anna Montañana ACB ligako lehen entrenatzaile emakumea bilakatu zen Fuenlabrada zuzendu zuenean. (EUROPA PRESS)

Azken orduko aldaketa eman da Lointek Gernikako gidaritzan. Hamaika denboraldiz Mario Lopez lehen entrenatzaile izan ostean, alde batera utzi behar izan du bere lana osasun arrazoiengatik eta bere errekuperazioan oinarritzeko. Hala, astearte honetan klubak iragarri du Anna Montañanak hartuko duela taldearen gidaritza.

Teknikari valentziarra iazko azken hiruhilabetekoan heldu zen Gernikara eta azken urteetan hainbat alditan egon da teknikari gernikarrarekin batera Espainiako harrobiko selekzioekin.

Jokalari moduan kirol ibilbide bikaina osatu zuen. Espainiako garaikur denak irabazi ditu, Superkopa, Kopa eta Liga, Perfumerias Avenidarekin eta Ros Casaresekin. Horrez gain, Salamancako taldearekin Euroliga irabazi zuen. WNBAra ere heldu zen Minnesota Lynxen eskutik. Espainiako Selekzioarekin 129 aldiz jokatu zuen eta lau domina eskuratu, brontzezkoa 2010eko Txekiar Errepublikako Munduko Txapelketan.

Gero, aulkietara eman zuen jauzia valentziarrak. Hasieran, Valentzia Basketeko harrobian, ondoren 2018an Fuenlabradarekin ACB Ligako lehen emakume entrenatzailean bilakatu zen, lehenengo Ernesto «Che» Garciarekin eta Paco Garciarekin izan zuen azken sasoia 2020an. Gero, Kolonbiako Sabios taldeko lehen entrenatzaile izendatu zuten, bere azken jarduna Argentinako Obras taldean izan da laguntzaile moduan.

Aldaketa honen arrazoia Mario Lopezen osasuna izan da, Gerado Candina Gernika KESBeko presidenteak argi utzi nahi izan duen bezala: «Ez da garai aldaketa bat, errelebo natural bat baizik, Marioren konfiantzazko pertsona batekin».

Zuzendari gernikarrak Anna Montañanaren lana goraipatu du: «Guztiz prest dago erronka berri honi aurre egiteko eta klubak zein Mariok jarraitutako bideorri jarraitzeko, aldi berean bere ezaugarriak gehituz. Are gehiago, Anna iaz lanean aritu zen sasoiko azken hilabeteetan eta udan, Mariorekin elkarlanean, denboraldi berrirako lan taldea osatu du. Beraz, denboraldirako hasierako helburuak mantentzen ditugu, hau da, Emakumeen Endesa Ligako zein Eurocupeko talderik onenen artean kokatzea».

Denboraldi osorako

Osasun arrazoiek Mario Lopez Gernika Bizkaiko aulkia lagatzera bultzatu dute, baina Gerardo Candina presidenteak Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketaren arabera, «kontuz, baina baikor izateko arrazoiak ditugu Mariorenb osasunari dagokionez».

Alabaina, deskuido baten entrenatzaile bizkaitarrak senda-agiria jasoko balu ere, gernikarren asmoa 2022/23 denboraldia, goitik behera, Anna Montañanak zuzendu dezala da.

«Aurtengo denboraldia, bere osotasunean, Anna Montañanak zuzenduko du. Gauzak denok uste bezala joango balira, gure ideia Mario Lopezek taldearen ardura 2023/24 denboraldian hartzea izangio litzateke. Gauzak ondoen joanda ere, denboraldi aurrea eta denboraldia Annak planifikatzea erabaki badugu, logikak dio denboraldi osoan zehar berak zuzenduko duela taldea aulkitik», berretsi du Candinak.

Anna Montañana Lointek Gernika Bizkaiaren aulkira iritsi den honetan, Emakumeen Ligan dauden hiru emakume entrenatzaileak euskal taldeetakoak direla berresten da. Hau da, entrenatzaile valentziarrak Gernika entrenatuko duen bezala, Azu Muguruzak Ibaeta Basket zuzentzen jarraituko du eta Madelen Urietak, berriz, Araski.

«Harro egoteko modukoa dela deritzot», adierazi du Gerardo Candinak. «Euskal taldeek apustu hau egin dute une honetan eta pozik egon beharko genuke», gaineratu du.

Marina Ortiz de Zarate, Araskira

Bestalde, Kutxabank Araskik, asteorteroko legez, fitxaketa berri bat adierazxi du. Kasu honetan harrobiko jokalari Marina Ortiz de Zarate jokalaria izango da aurreneko eta bigarren taldeekin egingo du lan.

Pasa den urtarrilean egin zuen debuta Emakumeen Endesa Ligan Ortiz de Zaratek Leganesen aurka, eta spar gironaren aurkako lehian, berriz, kategoria nagusiko bere aurreneko puntuak ere erdietsi zituen.

Saskibaloia utzi berri duen Laura Pardo kapitain ohiaz gain, azken urteetan beti izan du Kutxabank Araskik harrobiko jokalariren bat taldea isteko. Hala, Cristina Molinuevo urte askotan aritu izan da talde nagusiarekin, baina azken denboraldietan Medikuntza ikasketak amaitzeko aurreneko taldearen dinamikatik at geratzea erabaki du; iaz, bestalde, Arrate Agirrek bete zuen azken jokalari horren lekua, nahiz eta Madelen Urieta berak NAIZi eskainitako elkarrizketa baten onartu «duen mailagatik, Arrate titularra izango litzateke beti».

Bare aldetik, «aurreneko taldeari laguntzeko daukadan dena emango dut», adierazi du, pozarren, Marina Ortiz de Zaratek Araskiren webgunean.