Bidasoa-Irunek astearte honetan hasi ditu entrenamenduak Artalekun 2022/23 denboraldiko lehen saioari ekinez. Presidenteak, Gurutz Aginagaldek, zuzendaritza batzordearen izenean, taldeari ongietorria eman dio eta ondoren, Jacobo Cuetararen aginduetara jarri dira jokalariak. Gimnasioko eta pistako lana osatu du taldeak bere lehen lan jardunaldian.
Lehen taldeko kideez gain, Asier Nieto, Mihajlo Mitic eta Jakub Skrzyniarz fitxaketak barne, Xabier Barreto, Asier Iribar, Diego Viles, Joshua Omojola eta Endika Wamba gazteak izan dira. Europako lau gazte txapeldunak –Eneko Furundarena, Gorka Nieto, Julen Urruzola eta Julen Mujika– eta Harbaoui Mehdi atezaina –Mediterranear Jokoak eta Afrikako Kopa jokatu ondoren honek– datorren astean hasiko dira lanean.
Orotara, beraz, ohiko bost asteko denboraldi aurrea bete ordez, «lau aste gehi bateko» formatoa aukeratu du Jacobo Cuetara entrenatzaileak, «bestela ere denboraldia luze joango baita eta jokalarien lan zamarekin kontuz ibili behar delako», adierazi du irundarren entrenatzaileak
Hilaren 12tik aurrera hasiko ditu Bidasoa-Irunek lagunarteko partidak. Lehenengoa, abuztuaren 12an bertan, Billère Pau Pyrenéesen aurka, etxetik kanpo.
Sentsazio bereziak
Bidasoa Irun taldeko entrenatzailea, Jacobo Cuetara, ilusioz gainezka agertu da. «Denboraldi aurre guztietan topera etortzen naiz, eta honetan ere bai. Sentsazio bereziekin nago, egin dugun taldea asko gustatzen zaidalako. Lantaldeak urte asko daramatza elkarrekin lanean, eta hori
berme bat da», onartu du.
Gaineratu duenez, «gazteak gogor datoz, eta, hainbat arrazoi direla medio, 14 jokalarira murrizten ari den talde batetik, gazte horiekin zabaltzen dugu. Entrenatzeko oso talde ona da, hobetu eta eboluzionatu nahi duen jende gazte askorekin, eta fitxaketak ere profil berekoak dira. Entrenatzaile gisa gozatzeko moduko taldea izango da», baieztatu du irundarren entrenatzaileak.
Bere aldetik, Jon Azkue kapitainaren hitzetan, «sentsazio oso onak eta oso positiboak dira. Jendea oso gogotsu dago, eta itxura guztien arabera, taldea oso ongi errefortzatu da; dugun jokorako fitxaketa onak ditugu, gehi aurrez eginda dugun lan horrekin, oinarria ongi jarrita dago eta ilusio handiko denboraldia dugu aurretik», aitortu du.