Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Emakume teknikariak, aukerak ematean dago gakoa

Nazioarteko sei futbol txapelketatik bostetan, emakumezko teknikari batek gidatutako selekzioa garaitu da. Azken zazpi Eurokopako garaikurra ere emakumezko entrenatzailearentzat izan da. Euskal Herrian badauzkagu goi-mailako taldeetan bidea egin dutenak baina oraindik bide asko dago urratzeko.

Sarina Wiegmanen irribarrea bere bigarren Eurokopa erdietsi ostean.
Sarina Wiegmanen irribarrea bere bigarren Eurokopa erdietsi ostean. (Franck FIFE | AFP)

Azken asteetan jokatu diren nazioarteko futbol txapelketa guztiak, bat izan ezik, emakume entrenatzailea zuten selekzioek irabazi dituzte. Eurokopa (Sarina Wiegman, Inglaterra), Amerikako Kopa (Pia Sundhage, Brasil), Afrikako Kopa (Desiree Ellis, Hego Afrika), Asiako Kopa (Shui Qingxia, Txina) eta Ozeaniako OFC Nazioen Kopa (Nicole Demaine, Papua Ginea Berria). Soilik CONCACAFeko txapeldun AEBren hautatzailea izan da gizonezkoa, Vlatko Andonovski.

Azken zazpi Eurokopetan emakume entrenatzaileak nagusitu dira, baita azken bost Olinpiar Jokoetan ere. Munduko txapelketetan ere nabaria da arrakasta: azken sei txapelketetatik bostean emakume teknikariak izan dituzten selekzioak nagusitu baitira.

Nazioarteko txapelketetan nabaria da emakume teknikariek erdietsitako arrakasta. Aukerak ere gehiago eman dira. Pia Sundhage bezalako entrenatzailea punta-puntako selekzioetan egon da aspalditik (AEB, Suedia eta Brasil); Silvia Neid eta Tina Theune-Meyerren Alemaniak zerua jo zuen segidan bost Eurokopa irabazita (1997tik 2013ra) eta azken urteetan Sarina Wiegman herbehereetarrak jo du goia, Herbeheereak eta Ingalaterrarekin azken bi Eurokopak erdietsi ostean.

Lastima da entrenatzaile hauen ikusgarritasuna arrakastaren araberakoa izaten dela. Badagoelako oraindik ere jendartearen bermea jasotzeko erakutsi behar hori, arrakasta lortu behar hori. Bestela, betiko iruzkin leloen egileek beraien arrazonamendurako baliatzen dituzte porrotak.

Horregatik, hain zuzen ere, da hain garrantzitsua aukerak ematea. Aukerarik eman ezean, ez baitago jakiterik. Gero eta gehiago dira emakume teknikariak, gero eta gehiago dira ikastaroetan –oraindik ere gutxiengoa diren arren– eta beraz, berea litzateke gero eta ate gehiago irekitzea. Aurtengo Eurokopan, esaterako, 16 hautatzaile nagusietatik sei izan dira emakumezkoak. %36a oraindik ere gutxi da –2019ko Munduko txapelketan %37,5 ziren emakumeak eta beraz, portzentaia mantendu egiten da, baita 2015eko Eurokoparekin alderatuta ere– eta horregatik nabarmendu behar da hainbeste finalerdiak erdietsi dituzten lau entrenatzailetik hiru emakumeak izan direla (aipatu Wiegman Ingalaterrarekin, Martina Voss-Tecklenburg Alemaniarekin eta Corinne Diacre Frantziarekin).

Pia Sundhage edo Silvia Neid aitzindariak dira teknikari postuetan –lerro hauek idazten dituen honek telebista bidez ikusi zituen lehendabiziko entrenatzaile emakumeak izan ziren, 2011ko Alemaniako Munduko txapelketa hartan– eta gurean, Euskal Herrian, ere baditugu erreferenteak. Futbolak bereganatzen ditu foko guztiak eta bertan ditugu goi mailan Natalia Arroyo kataluniarra Reala gidatzen –historian lehen aldiz Txapeldunen Ligarako sailkatuz– eta Iraia Iturregi Athleticen trantsizioa zuzentzen. Iaz, Eibarren Anna Junyent hasi zen teknikari moduan eta Bigarren Mailan dagoen Osasuna ere Kakun Maizen gidaritzapean dago.

Ezin da ezbaian jarri urratsak eman direla, bidea egin dela, baina datuak esku artean hartu eta aztertzerakoan ohartzen gara lehen maila osatzen duten 16 taldeetatik, egun, soilik bost entrenatzaile nagusi direla emakumezkoak. Alegia, Eurokopan bezala, soilik %36.

Azu Muguruza, IDK Euskotreneko entrenatzailea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Nolanahi ere, aste honetan Lointek Gernikak iragarritakoarekin, saskibaloian aurkitu dezakegu argi izpia gure taldeei dagokienez. Endesa Ligan soilik 3 teknikari emakume daude eta hiruak, Euskal Herriko klubetan: Azu Muguruza IDK Euskotrenen (Eurocup-a jokatuko du lehen aldiz), Madelen Urieta Araskin eta aurtengoan, Anna Montañanak gidatuko du Lointek Gernika (honek ere Eurocup jokatuko du).

Eskubaloian, ordea, egun ez daukagu adibiderik euskal taldeetan. Ohorezko Mailan entrenatzaile emakume bakarra dago –Cristina Cabeza, La Calzadan– eta duela urte batzuk, Bera Beran, Tati Garmendia eta Montse Puche ikusi genituen aulkietan.

«Klub askori ausardia falta zaie emakumezko teknikari bat kontratatzeko»

Dena dela, oraindik zirrikitu ugari daude irekitzeko. Badirudi emakumeek praktikatzen duten kirolean entrenatzailea emakumezkoa izatea jada ez dela salbuespena, ate gehiago irekitzen ari direla edota normalizatuagoa dagoela –ez guztiz, jakina–. Baina, zer gertatzen da gizonezkoen taldeetan? Futbol liga nagusienetan ikusezinak dira, baita ACBn, Asobalen edo Eusko Label ligan ere. Helena Costa izan zen gizonezkoen futbol talde profesional bat gidatu zuen lehendabiziko emakumea, Clermont Foot Auvergne, Frantziako bigarren mailan; ondoren, Diacrek hartu zuen lekukoa.

«Klub askori ausardia falta zaie emakumezko teknikari bat kontratatzeko. Izen handiko klub bat aitzindari izatea da gakoa. Oraingoz, badirudi tabu bat dela emakume batek talde handi bat gidatu dezakeela pentsatzea», adierazi zuen, hain zuen ere, Martina Voss-Teclenburg alemaniarrak Eurokopako prentsa agerraldi batean.

Eta noski, hautua ondo atera daiteke edo gaizki, erratzeko aukera beti dagoelako inguruan, izan emakumezko edo gizonezko. Erratzea gizatiarra delako.

Martina Voss-Teclenburg, Alemaniako selekzioko entrenatzailea, Eurokopako finalista. (Franck FIFE/AFP)