Urdaibai da Eusko Label Ligako lider berria Getariako Ikurrina irabazi eta Hondarribiak egindako hutsa baliatu ostean. “Ama Guadalupekoa” ontziak bigarren ziaboga estriborretik hartu du eta akats hori zuzentzeak ekarri dion denbora galera handiaren ondorioz sailkapenean hamargarren amaitu du. Orain Urdaibai da lider 128 punturekin, Donostiarrak ere 128 ditu, eta Hondarribia hirugarren dago 125ekin.
Nork pentsa ohorezko txandaren lehen zatia ikusita horrelakorik gertatuko zenik. Hondarribiak, esker oneko lehen kaletik, irteera bikaina egin du eta estropada buruan zen lehen ziabogan, Urdaibairekin pare-parean. Bigarren luzea ere antzeko joan da eta bazirudien lehia estua ikusi behar genuela gipuzkoarren eta bizkaitarren artean.
Baina bigarren ziaboga horretan Galder Ezponda aurrekalariak arraun txikia behar baino lehenago sartu du, ezin izan du garaiz atera, eta konturatzerako buia estriborrean utzita zuten. Maniobra ustela beraz, eta berriz ere atzera egin eta ziaboga errepikatu beharra.
Bistan da bandera irabazteko aukera guztiak hortxe egin dietela ihes berdeei, eta hortik aurrera helburua sailkapenean ahalik eta puntu galera txikiena izatea bilakatu da eurentzat. Urdaibai, aldiz, bakar-bakarrik geratu da estropada buruan eta erlojuaren aurka lehiatu da bukaerara arte.
Azkenean, bermeotarrak 20:26.50eko denborarekin nagusitu dira, gaur bigarren txandan arituta bigarren amaitu duen Oriori 7.14 segundo sartuz. Eta Hondarribiak hiru puntu batu ditu, Ares eta Zierbena atzetik uztea lortu baitu. Ez zaio askorik falta izan Ondarroa, Cabo, Getaria edo Isuntza ere atzetik uzteko, baina segundo gutxi batzuren tartean puntu asko galdu dituzte gipuzkoarrek.
«Kirola horrelakoa izaten da. Bizitzako beste arlo askotan bezala gutxien espero duzunean kolpe bat jasotzen duzu eta guri gaur egokitu zaigu. Bermeo zoriondu behar da lortu duen garaipenagatik eta guk orain egun pare bateko dolua igaro beharko dugu. Baina burua altxa behar dugu azkar eta aurrera segi, ez dago besterik», adierazi du jator Mikel Orbañanos entrenatzaileak estropada amaitu bezain laister.
Galder Ezponda burumakur, Joseba Amunarriz patroia haserre, eta gainontzeko arraunlariak ere lur jota normala denez, egun gogorra izan da gaurkoa Hondarribiarentzat. Urdaibaien, aldiz, irribarrea eta poza nagusi, asteburu bakarrean oso atzeratuta egotetik Ligaren burua hartzera igaro baitira.
Bermeo eta Oriorekin batera, eguneko beste irabazle nagusia Santurtzi izan da, bezperan kolpe gogorra jaso arren gaur lehen txandan garaile izan delako eta azken sailkapenean laugarren. Azkena egin duen Ares arerio zuzenari puntu mordoa sartu dizkiote –deigarria da Aresek ere Hondarribia bezalaxe lehen kaletik eta bigarren ziabogan ziaboga estriborretik egin duela–, baita Zierbena edota Ondarroari ere, eta sailkapen nagusian arnasa hartu dute. Ares dago azkena 34 punturekin, Santurtzik 44 ditu, 10 gehiago, eta aurretik duen Ondarroa orain bi puntura bakarrik du (46).
Getariaren lana ere bereziki aipagarria da. Bezperako estropada bikainari esker ohorezko txandan aritu da gaur etxean, eta ontzian eskifaia osoa getariarrez osatua izan da. Zazpigarren amaitu dute sailkapenean, meritu handiko emaitza.
XIII. Getariako Ikurrina
1. Urdaibai 20:26.50
2. Orio 7.14ra
3. Donostiarra 15.06ra
4. Santurtzi 23.41era
5. Kaiku 25.69ra
6. Lekittarra 21.08ra
7. Getaria 33.34ra
8. Cabo 34.04ra
9. Ondarroa 34.54ra
10. Hondarribia 35.48ra
11. Zierbena 42.27ra
12. Ares 1:19.19ra
Eusko Label Liga - Sailkapen nagusia
1. Urdaibai 128 puntu
2. Donostiarra 128
3. Hondarribia 125
4. Orio 115
5. Getaria 76
6. Kaiku 73
7. Zierbena 63
8. Lekittarra 52
9. Cabo 51
10. Ondarroa 46
11. Santurtzi 44
12. Ares 34
Oriok erabakita utzi du Euskotren Liga
Euskotren Ligan, Oriok erabakita utzi du bere garaipena. Bezperan Hondarribian egin bezalaxe, oriotarrek erakustaldia eman dute bigarren luzean eta nagusitasun handiz bereganatu dute Getariako Ikurrina. Azkenean horiek 11:04.24ko denborarekin irabazi dute, Arraun Lagunaki 9.76 segundo sartuz.
Aipagarria da, gaurkoan Donostiarra eta Tolosaldea asko inguratu direla Arraun Lagunaken denborara. Aurreko hiru estropadetako joera hautsiz, Donostiarrak aurre hartu dio Tololsaldeari ozta-ozta izan arren eta Arraun Lagunak harrapatzetik bi segundo eskasera geratu da.
Getariako Ikurrina
1. Orio 11:04.24
2. Arraun Lagunak 9.76ra
3. Donostiarra 11.44ra
4. Tolosaldea 12.22ra
Euskotren Liga - Sailkapen nagusia
1. Orio 38 puntu
2. Arraun Lagunak 32
3. Donostiarra 16
4. Tolosaldea 14
Beste mailak
KAE1 mailan, Pedreñak irabazi du Hondarribiako estropada. Bezperan bezalaxe, Hondarribiako eremuan laugarren kalea izan da onena eta bertatik lortu dute garaipena kantabriarrrek 20:46.75eko denborarekin. San Pedro izan da bigarren eta Castrok, esaterako, hirugarren egin du bigarren txanda laugarren kale horretatik irabazita.
Arkote bostgarren izan da gaur eta Pedreña asko gerturatu zaio sailkapen nagusian. San Pedrok jarraitzen du lider 105 punturekin, Arkote da bigarren 97rekin eta Pedreña hirugarren dago 96rekin, puntu bakarrera. Laugarrena den San Juan jada nahiko urruti gelditu da 90ekin.
Hondarribian bertan jokatu da ETE Ligako estropada ere, XIV. Txingudiko Bandera, eta etxeko ontzia izan da garaile gaur ere. Hondarribiak 11:14.45eko denborarekin lortu du garaipena, Hibaikari eta Ondarroari 13 segundo sartuz. Sailkapen nagusian hiru puntu ateratzen dizkio orain Hondarribiak Hibaikari.
Eta KAE2 Ligan, azkenik, Lapurdi nagusitu da Errenteriako IX. Ikurrinean. Lapurtarrek 20:07.45eko denbora markatu dute, bigarren izan den Hibaika etxeko ontzia lau segundoko aldearekin menderatuz.