NAIZ

EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean mantendu da, Shanghaiko rankingaren arabera

EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean mantendu da, astelehen honetan ezagutzera eman den Shanghaiko rankingaren arabera. Eva Ferreira errektoreak nabarmendu duenez, «zoriontsu egoteko modukoa da lorpena».

EHUko Leioako Campusa.
EHUko Leioako Campusa. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean mantendu da, astelehen honetan ezagutzera eman den Shanghaiko rankingaren edizio berrian. EAEko unibertsitate publikoa duela hamar urte sartu zen sailkapen honetan, orduan 500 unibertsitate onenen artean sailkatu zen, eta orain 400 onenen artean dago.

«Munduko 400 unibertsitate onenen artean egoteak arrakasta izaten jarraitzen du: Euskal Herriko Unibertsitateak ikusgarritasun handiagoa eta ospe bikaina lortzen du nazioartean. Zoriontsu egoteko modukoa da lorpena, bai, duela gutxi jakinarazi genuenez, zazpi espezialitate baititugu munduko lehen 200 unibertsitateen artean. Horregatik guztiagatik, gure unibertsitateko kide guztiak zoriondu nahi ditut, unibertsitatea proiektu kolektibo bat delako eta bere lorpenak guztionak direlako», adierazi du EHUko errektoreak, Eva Ferreirak.

Rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du; baita haien nazioarteko prestigioa ere. Harvard, Stanford eta MIT (Massachusetts Institute of Technology) dira, ordena honetan, rankingeko lehen hiru erakundeak. Lehen hamar postuetatik zortzi Estatu Batuetako unibertsitateek betetzen dituzte, eta beste biak Cambridgekoaz eta Oxford unibertsitate britainiarrek.

Ohar batean EHUk azaldu duenez, EAEko unibertsitatea «ex aequo kokatzen da 301 eta 400 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera».

«Ondoren, bloke bat osatzen da 50 unibertsitaterekin; beste bloke bat beste 50 unibertsitaterekin; eta hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibertsitateko hiru multzo bereizten dira. Bloke bakoitzaren barruan unibertsitateak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira. Sailkapen honek duen garrantzia zenbatekoa den konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago daudela», gaineratu du.

Espezialitateen araberako sailkapena

Espezialitateei dagokienez, edizio honetan, EHU munduko 150 unibertsitate onenen artean kokatu da hiru espezialitatetan: Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa, eta Kimika; eta 200 onenen artean, beste lautan: Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, Nanozientzia eta Nanoteknologia, eta Matematika.