NAIZ

28,8 kilo arrantza produktu kontsumitzen dira pertsona bakoitzeko EAEn; 25,59 kilo Nafarroan

Espainiar Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren datuen arabera, EAE da pertsona bakoitzeko arrantza produktuen kontsumo handiena duen zonaldea, 28,8 kilorekin. Nafarroan 25,59 kilo kontsumitzen ditu norbanako bakoitzak.

Euskal ontzidiak kanaberarekin arrantzatzen, Senegalgo kostaldean.
Euskal ontzidiak kanaberarekin arrantzatzen, Senegalgo kostaldean. (DAKAR TUNA)

EAE da pertsona bakoitzeko arrantza produktuen kontsumo handiena duen espainiar Estatuko autonomia erkidegoa. 28,8 kilo urtean hartzen dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek. Nafarrak ere Estatuko mediaren (22,72) gainetik daude eta urtean 25,59 kilo kontsumitzen dituzte itsasoko eta akuikulturako produktuetan.

2021eko Etxeetako Elikagaien Kontsumoko Panelak 22,72 kilotan kokatzen du pertsona bakoitzeko itsasoko eta akuikulturako produktuak jatea, aurreko urtearen aldean %8,5 jaitsi baitzen (-2,12 kilo). Etxeko arrantza produktuen per capita kontsumoa nabarmen jaitsi zen 2021ean 2020arekin alderatuz, urte horretan konfinamenduaren ondorioz gora egin baitzuen. Hala ere, 2021ekoa 2019an baino zertxobait handiagoa izan zen, %0,8. Kontsumoaren beherakadak arrainei, moluskuei eta kontserbei eragiten die.

Espainiar Estatuan gehien kontsumitzen den arrain mota freskoa da, urtean batez beste 9,63 kilo kontsumitzen baitira pertsona bakoitzeko, baina 2021ean %9 murriztu zen.

Per capita kontsumitutako kiloen proportzio handiena duen hurrengo mota arrain eta molusku kontserbak dira, horiek ere %6,9 jaitsi baitziren, 4,51 kiloraino. Atzerakadarik txarrena arrain izoztuaren segmentuarena izan zen, urtean %7,4 jaitsi baitzen, pertsonako 2,27 kiloraino.