NAIZ

Bidasoa, Logroño, Limoges Hand 87, Bera Bera, Beti Onak... 27. Egiako Torneoa aurkeztu dute

Abuztu bukaera aldera hitzordu finkoa izan ohi da Egiako Torneoa. 27. edizioa beteko du aurten eta gizonezkoetan goi-mailako taldeen arteko txapelketa jokatuko da eta emakumezkoetan, Bera Bera eta Beti Onak neurtuko dira, nor baino nor, liga hasteko bederatzi egun faltako direla.

Donostiako Udaletxean aurkeztu da 27. Egiako Nazioarteko Torneoa.
Donostiako Udaletxean aurkeztu da 27. Egiako Nazioarteko Torneoa. (CD BIDASOA)

Donostiako Egiako Torneoak 27. edizioa ospatuko du aurten eta, ohikoa den moduan, goi-mailako taldeak lehiatuko dira bertan. Astearte honetan egin da aurkezpena Donostiako Udaletxean. Gizonezkoetan hiru taldeen arteko txapelketa jokatuko da eta emakumezkoetan, Bera Bera eta Beti Onak –Ohorezko Mailara igo berri den talde atarrabiarra– lehiatuko dira, nor baino nor.

Gizonezkoan txapelketarekin emango zaio hasiera etzi Egiako Torneoari. Bertan parte hartuko dute Asobal Ligako Bidasoa-Irun eta Logroño La Riojak eta Frantziako lehen mailako Limoges Hand 87 taldeek. Gipuzkoar eta errioxarren arteko norgehiagokak irekiko du txapelketa ostegun honetan, 19.30etan, Egiako kiroldegian.

Ostiralean, Limoges eta Logroñoren arteko lehia izango da (19.30etan) eta larunbatean, ordu berean, irundarrek eta frantziarrek neurtuko dituzte indarrak.

Gurutz Aginagalde Bidasoako presidenteak Donostiako Udaletxean astearte honetan egin den aurkezpenean parte hartu du eta bertan adierazi du «Egiako Nazioarteko Txapelketak garrantzi handia duela bai Bidasoa Irunentzat, bai Gipuzkoako eta euskal eskubaloiarentzat. Europa mailan udaro txapelketa gehiago eta indartsuagoak dauden garai honetan, 27. ediziorako prest dagoen Torneoa mantendu ahal izateak asko eta ondo hitz egiten du bere antolatzaileei buruz eta babesten duten erakundeei buruz».

«Aurkari handien aurkako bi neurketa dira. Alde batetik, ezer gutxi deskubritu behar dugun Logroño; eta bestetik, Limoges, Frantziako Ligan jauzi txiki bat emateko proiektu bat prestatzen ari dena. Gure prestakuntzan ondo etorriko zaizkigun bi partida izango dira», azaldu du Aginagaldek. «Denboraldi-aurrearen konfigurazioak, gainera, Gipuzkoan jokatuko dugun lehen partida Donostian izatea eragin du. Hori dela eta, ziur aski, Aste Nagusian bertan eta pandemiaren ondoren, Donostiako, Irungo eta Gipuzkoako bidasotar zale asko animatuko dira», onartuko du.

Bera Bera-Beti Onak, hilaren 24ean

Emakumezkoen Ohorezko Mailako taldeen neurketa, bestalde, hilaren 24an jokatuko da (19.30etan). Liga hasteko bederatzi egunen faltan neurtuko dituzte indarrak eta donostiarren kasuan, denboraldi-aurreko azken-aurreko lagunartekoa izango da.

Atarrabiarrek, bestalde, partida honekin amaituko dute liga hasierarako prestakuntza. Goi-mailako partida izango da beraientzat, igo berria den taldea izaki txapeldun den talde baten aurka nola moldatzen diren ikusiko baitute. Liga hasi aurretik taldea nola dagoen ikusteko proba egokia izan daiteke. Beraien lehen lagunartekoan, Zuazoren aurka, garaipen ona eskuratu zuten (28-26).

Bera Beraren lehen porrota

Donostiarrak, gainera, Celles sur Bellen daude goi-mailako txapelketa bat jokatzen. Astearte honetan jokatu dute lehendabiziko partida, Ikast Handball Danimarkako taldearen aurka. Denboraldi-aurreko lehendabiziko porrota jaso du Imanol Alvarezen zuzendutako taldeak (31-25) baina une oro aurpegia erakutsi du.

Partida hasiera ona egin dute gipuzkoarrek eta lehia estu baten ostean, indarrak parekatuta iritsi dira atsedenaldira (11-11). Bigarren zatiaren hasieran eginiko akats batzuk zirela-eta, danimarkarrek markagailuko aldeak ireki dituzte. Arcos eta Arrojeriaren pistaratzearekin markagailuan hurbildu da Bera Bera baina Gavilanen hirugarren kanporatzea ondo probestu du Ikast taldeak garaipena bideratzeko.