NAIZ

Unai Urruzuno: «Herri honetako politika energetikoak enpresa handiek marraztu dituzte»

EH Bilduko koordinatzaile ondoko Unai Urruzunok Lakuak krisi energetikoaren aurrean duen «erantzun falta» kritikatu du eta hau enpresa energetiko handiek «herri honetako politiketan» duten pisuaren ondorio dela iritzi du.

Unai Urruzuno artxiboko argazki batean. (Maialen ANDRES/FOKU)
Unai Urruzuno artxiboko argazki batean. (Maialen ANDRES/FOKU)

Unai Urruzuno, EH Bilduko koordinatzaile ondokoa, Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan izan da. Krisi energetikoaren egoerari aurre egiteko asmoz, Lakuak orain gutxi aurkeztutako kontingentzia planaren inguuan, Urkulluren Gobernua «nahiko berandu eta kaxkar erantzuten ari dela» iritzi du koalizioak.

EH Bilduren iritziz arazoa «herri honetako politika energetikoak enpresa energetiko handiek marraztu dituztela» da, «haien interesen araberako politika energeikoekin». «Orain, bi enpresa energetiko nagusiek (Repsol eta Iberdrola) interes kontrajarriak dituztela, Tapia kontseilariak ez daki zeini jaramon egin», gehitu du.

Horren aurrean «koiunturalismotik» ihes egiten duten neurriak eskatu ditu Urruzunok eta «errotik» erantzuteko beharra nabarmendu du. «Emergentzia klimatiko betean» gaudela ohartarazi du Urruzunok. Are gehiago, «zibilizazio krisi baten atarian» egon gaitezkeela adierazi du eta etorkizuna baldintzatuko duen elementu nagusi gisa definitu du klima aldaketa. «Krisi anizkoitz» bat dela onartu du, baina muina ekoizpen eta kontsumo ereduan kokatu du.

Ukrainako gerrak egungo egoeran izan duen garrantzia ahaztu gabe, Urruzunok gogora ekarri du duela urtebete, gerra hasi baino sei hilabete lehenago, «Iberdrola urtegiak hustutzen ari zela». Horregatik, «era integralean» erantzuteko beharrean insistitu du, deskarbonizazio plan bat eta azpiegitura handien inguruko hausnarketa bat aldarrikatuz.

Enpresa energetiko handiak aipatuta, horiei eta banketxeei zergak ezartzearen alde agertu da EH Bilduko kidea, baina «haratago» joateko aukerak jarri ditu mahai gainean. «Beharrezkoa da, baina haratago joan behar gara, eta Frantziako kasua dugu mahaigainean. Zergak jartzeaz gainera, enpresa horiek duten merkatuen kontrola eta prezioak ezartzeko kontrola mugatu beharra dago». Zentzu horretan Madrilgo Kongresuan duten eragin mugatua onartu du Urruzunok, baina bide horretan lan egin beharko dutela berretsi du.

Navarra Sumaren krisia

Beste gai batzuk ere jorratu dituzte elkarrizketan eta, tartean, Navarra Suma koalizioak bizi duen krisia. «Navarra Suman gertatzen ari dena duela urte batzuk EH Bilduk eta beste batzuk hartutako erabakien ondorioa da», defenditu du Urruzunok. Koalizioa «amaitutzat» eman zuen atzo Javier Esparzak, UPNko presidenteak, baina Urruzunok ere gogora ekarri du Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adaneroren kanporatzea. «Nafarroako erregimenaren zutoina izan den eskuinean arrakalak ireki dira. Eskuin hori gobernu arduretatik kanporatzen denean, horrelako gauzak gertatzen dira. EH Bilduk bere garaian erabaki zuen Nafarroako bipartidismoa higatu behar zela. Erabaki horren ondorioetako bat da Navarra Suman gertatzen ari dena», aipatu du.

Era berean, Gasteizko Parlamentuan estatus politiko berri bat definitzearen aldeko lanen inguruan galdetuta, «eztabaidarako biderik ez dagoela» iritzi du Urruzunok. «Trafiko seinale bat dago: "errepide itxia". Alderdi batzuek oraindik bere baitan ez dutelako erabaki zer egin nahi duten eztabaida horrekin. Gu erabakitze eskubitzearen aldekoak gara, dena erabakitzearen aldekoak. PSOE eta PP-k ere dena erabaki nahi dute, baina Madrilen». Aldiz, EAJk oraindik «ez dakiela zer egin» uste du. «EAJk zer egin nahi duen erabaki arte, Legebiltzarrean ez dago eztabaida hau egiteko biderik».