Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, basoko behargin bat zendu da asteazken arratsalde honetan Zeanurin, lan istripuz.
Ezbeharra 16.30ak pasata gertatu da, langile talde bat zuhaitzak mozten ari zela. Arboletako batek azpian harrapatu du behargina.
Larrialdi zerbitzuak bertaratu egin dira, baina ezin izan dute ezer egin, eta jasotako kolpe handiaren ondorioz hil da langilea.
Momentuz ez dute hildakoaren edo istripuaren inguruko informazio gehiagorik eman.
LAB sindikatuak salatu du egur ustiapen intetnsiboa lan harreman «prekarizatuetan» oinarritzen dela etekinak lortu ahal izateko. «Honela, lan segurtasuneko baliabideak ipini beharrean, hauetan aurrezten da. Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean, errekurtso prebentiborik ez, formakuntza eza, lan tresna ezegokiak, lan erritmo oso altuak, lanaldi oso luzeak, honek eragiten duen nekearekin eta abar luze bat daude istripuen atzean. Jakina, aktibitateak berak barnebiltzen dituen arriskuei erantsitako faktoreak dira hauek», gaineratu du.
LABen ustez Osalanek eta Lakuako Gobernuak dute egoera aldatzen hasteko «giltza» eta «behingoz martxan jarri datezen» exigitu die.
Basoko beharretan ari zen honekin, 51 lirateke 2022. honetan Euskal Herrian lan istripuz hildakoak, LAB sindikatuak egiten duen zenbaketaren arabera.
Asteazken honetan bertan, LAB, ELA, ESK, Steilas, ENHE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute Oiartzunen, istripu «ez-traumatiko» batean hildako 52 urteko garraiolariaren heriotza gaitzesteko.