NAIZ

Sare: «Euskal Herriratzea ez da azken etapa, lehena baizik»

Donostiako Aste Nagusiaren azken egunean, euskal preso guztiak etxeratu arte borrokan jarraituko duela berretsi du Sarek. Baita hortik harago ere, zeren, gogora ekarri duenez, oraindik ere presoen gehiengoari ukatu egiten zaie espetxe-politika arruntaren aplikazioa.

Donostian Sarek deitu duen manifestazioaren irudia.
Donostian Sarek deitu duen manifestazioaren irudia. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Piraten, kofradien eta jai batzordeen babesarekin, Aste Nagusiko festaren azken eguna, larunbata, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio batekin moztu dute une batez donostiarrek, Sareren deialdiarekin bat eginez. Euskal presoek eta haien senideek oraindik jasaten dituzten urraketa guztiak atzean geratu arte borrokan jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute martxaren amaieran Nahikari Iturbe eta Inaxio Oiarzabal Sareren bozeramaileek.

Izan ere, gogora ekarri duten moduan, 58 euskal preso Euskal Herritik urrunduta daude oraindik. Iaz baino askoz gutxiago dira, eta hori onartu eta ospatu du Sarek. «Guztion ahaleginari esker, gizartearen etengabeko aktibazioari esker, Euskal Herritik urrunen dauden espetxeak uztea lortu zen: Andaluzia, Murtzia, Levante eta Galizia. Aldaketa honek, lasaitasuna ekarri zuen, urte luzez kilometro gehiegi egitera behartuak zeuden senide eta lagunei. Lehen urrats garrantzitsua izan zen orain bizitzen ari garen euskal herriratze prozesua garatze bidean», adierazi dute bozeramaileek.

Bide horretan aurrera egin asmo du presoen eskubideen aldeko plataformak, geratzen diren 58 Euskal Herriratzeak gauzatu arte.

Baina hortik harago ere bada egitekorik, Sarek segurtatu duenez: «Euskal herriratzea ez da inolaz azken etapa, lehena baizik. Izan ere, oraindik euskal presoen gehiengoari ukatu egiten zaie espetxe-politika arruntaren aplikazioa. Espetxeak bere baitan biltzen duen etxeratze prozesua gauzatzeko ordua da. Eta horretarako salbuespenak araua izateari utzi behar dio; graduen progresioa, irteera baimenak, larriki gaixo diren presoen etxeratzeak, gurasotasun eta familia eskubideak... bide horretan aurrera eginez jarraitu beharra dugu».

Zentzu honetan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak euskal presoen gradu progresioei helegitea aurkezteko erakutsi duen jarrera salatu dute Iturbek eta Oiarzabalek, «eskuin-mutur politikoaren beso juridikoa» dela ziurtatuz. «Etengabeko konfrontazioaren alde egin dute. Bake justurantz eta, horren bidez, bizikidetzarantz igarotzeko aukera galarazteagatik», deitoratu dute.