«Ez naiz sekula anbizio handikoa izan, estresa eragiten dit»
Oihana Azkorbebeitiak (Abadiño, 1981) Skyrunner Munduko Kopa zirkuituko bi garaipen erdietsi ditu aurten. Irailean Bulgarian arituko da laugarren lasterketa puntuagarrian eta urriaren 8an, Gorbeia Suzieneko finalean. Munduko Kopako bere azken edizioa izan liteke, baina oraindik erabakitzeke dauka.
Tromsotik iritsi eta egun batzuetara, Abadiñon arratsaldeko 18.00etan, 38 graduko tenperatura zegoela, oraindik oinak akituta, NAIZen deiari erantzun zion Oihana Azkorbebeitiak. Munduko Kopako Skyrunner zirkuituan bigarren garaipena erdietsi zuen Norvegian, 2019an lasterketa ezin bukatuta erretiratu behar izan zuen horretan, eta podiuma «espero izatekoa» bazen ere, garaipenagatik baino osorik bukatzeagatik dago pozik abadiñarra. Abuztuan, «fisikoki zein mentalki» deskantsatzeko beharra sentitzen du. Orkatila onenean ez daukala onartu du: «Orkatila minduta daukat eta gero fasziitis plantarra egiten zait. Ezker oin honekin ez nago gustura, ez dit segurtasunik ematen eta ez da soilik mina, segurtasun falta puntu hori daukat jaitsieretan. Ahalegintzen naiz oin hori zaintzen, eskumara joaten naiz gehiago, gero eskuma kargatzen zait... Ez noa gustura; behetik gora, ordea, bai».
Tromsoko lasterketa irabazi zenuen. Zein sentsazioekin? 2019an erretiratu egin behar izan zinen.
Sentsazio oso onak, zentzu guztietan. 2019an joan nintzen Tromsora; urte horretan bertikala egon zen eta hirugarren egin nuen; gero, min hartu nuen oinean eta ezin izan nuen bestea amaitu, 35 kilometro egin nituen. Ikusi nuen lasterketa oso gogorra zela. Aurten aukera eduki dut eta joan naiz arantza hori kentzen. Oso gogorra izan da. Gogorra, oso teknikoa izan delako, harri arte handiak igo ditugu, horma oso bertikalak, jaitsiera ere oso bertikala...
Irakurri dut Skyrunner zirkuituko lasterketa teknikoena dela hau. Nola moldatu zinen jaitsieretan?
Ahal den moduan (barrez). Gainera, ezkerreko orkatila apur bat minduta eduki dut, ze Comapedrosako lasterketan bihurritu potolo bat eduki nuen. Orkatila lotuta joan nintzen Tromsora. Orduan, orkatila apur bat zaintzeko pentsamenduarekin eta ni ere ez naizela oso iaioa jaitsieretan... Han gainera ezin zen jaitsi edonola; lelokeria bat eta lurrera zoaz zuzenean. Jaitsierak oso teknikoak ziren eta, gainera, oso luzeak. Agobio puntu hori izan nuen. Igoerek behintzat, bai, eman zidaten gozatzeko aukera hori; gainera, oso gustura ibili nintzen. Baina goitik behera torpe samar joan nintzen, bai.
«Lasterketa amaitzearekin pozik nago, oineko minarekin baina osorik amaitu nuen eta sentsazioa ona izan zen lasterketa bukatze hutsagatik»
Bukaeran zein sentsazio nabarmendu zen, arantza kendu izanarena edo Munduko Kopako zirkuituan bigarren garaipena irabazi izanarena?
Ez zen goi mailako jende askorik egon, Sandra Sevillano eta biok izango ginen apur bat Munduko Kopan gabiltzanok. Irabaztea edo bigarren izatea espero zen, kakotx artean, jausi ezean edo ezustekorik gertatu ezean. Nire sentsazioa izan zen bukatu egin nuela, hain egin zitzaidan gogorra eta basatia... Lasterketa ikaragarria zen, azken partea batez ere, ematen duelako amaitzen zabiltzala eta oraindik ere gora eta behera ibili behar... Lasterketa amaitzearekin pozik nago, oineko minarekin baina osorik amaitu nuen eta sentsazioa ona izan zen lasterketa bukatze hutsagatik.
Hainbatetan aipatu duzu lasterketa gogorra izan zela; errepikatzeko modukoa da edo behin eginda nahikoa?
Ba, ez dakit zer esan. Bukatzean pentsatu nuen baten egitekoa zela eta printzipioz ez dudala berriro egingo. Behin eginda aseta geratu nintzen, baina seguru nago hilabeteak pasa ahala norbaitek tentatzen banau-edo, animatuko naizela seguru, merezi duelako.
Gainerakoan, denboraldia nola baloratuko zenuke? Garmin Epic Trailean ere irabazi egin zenuen. Lasterketa horretan ere ez al zegoen beste faboritorik?
Bai, hor jende gehiago zegoen, egia da. Lasterketa horrekin bai, pozik nago emaitzarekin eta bigarren eta hirugarrenari ateratako denborarekin. Orokorrean, denboraldia nahiko ondo joan da, ikusita zein lasterketa hartu ditudan eta zein maila dagoen, gustura sentitzen naiz nire gorputzarekin. Oinak ditut apur bat minduta, orkatilek atsedena eskatzen didate, baina gainontzean pozik nabil. Nik hauspoa, gogoa eta indarra baditut. Gauza da denboraldia luze egiten dela, hasi ginen entrenatzen eta lasterketekin otsailean eta urrira arte ez da amaitzen.
Hurrengo erronkak?
Munduko Kopari begira, hiru proba geratzen dira. Nik bakarra egingo dut, Bulgarian, azkena dena, irail bukaeran. Zirkuituko lau lasterketa onenak hartzen dira kontuan sailkapen nagusirako. Bat ez nuen ondo egin, Comapedrosakoa, orkatila zela-eta. Urriaren 8an finala jokatuko da Gorbeia Suzienen eta ateratzen dela ateratzen dela pozik egongo naiz. Daukadan dena eman dut.
«Oro har, denboraldia nahiko ondo joan da, ikusita zein lasterketa egin ditudan eta zein maila dagoen, gustura sentitzen naiz»
Irakurri dut gogotsu zaudela sailkapen nagusian postu batzuk eskalatzeko.
Bai, azken batean, finalera sailkatzeko aukera asko daude; zirkuituko lasterketa batean lehen hamarren artean bukatzen baduzu, sailkatu egiten zara. Lasterketa bakarrarekin finalean egon zaitezke. Zer pasatzen da? Lasterketa bakarrarekin oso puntu gutxirekin iristen zarela. Batuko gara jende asko final horretan, baina puntuei dagokienez, ikusi egin behar da nor dabilen benetan Munduko Kopa egiten. Gorbeia Suzienen maila handia egongo da eta ez dut ikusten postu on batean bukatu dezakedanik. Niretzako azkartxoegia da proba. Saiatuko gara ahalik eta ondoen egiten, eta egindakoarekin, konforme. Nik daukadana daukat eta zentzu horretan pozik.
Anbizio handia duzu edo azken batean disfrutatzea da helburu bakarra?
Ni sekula ez naiz izan anbizio handikoa; horrek gainera estresa eragiten dit. Anbizioa izatea, lasterketa baten atarian nor joango den aztertzea, ondo egin behar dudan presioa sentitzea... Ni estresatu egiten naiz. Lasterketa bakoitzean ateratzen dena ateratzen dela, pozik geratu behar da. Ahalegindu, hori bai, ahalik eta ondoen egiten. Anbizio hori edukiko banu, lasterketa gehiago ere egingo nituzke, puntuazio ona ziurtatzeko. Lau egiten ditut eta baten kale eginez gero, Comapedrosan kale egin nuen, puntuazioa jaisten du. Joan naiteke beste batera, Portugalera, esaterako, baina ez dut gogorik. Ez nago motibatuta beste bidaia baterako... Dagoenarekin egingo dut eta kito. Gainera, iristen da nire kasuan adin bat (barrez) sufrimendua-eta ondo dagoela baina muga batekin. Gozatu egin behar da.
Eta zergatik aukeratu duzu Bulgariako proba?
Portugalekoa neukan buruan eta baiezko kontuan, eta gero suertatu zen Tenako lasterketatik gonbidapena bidali zidatela, familia eta guzti joateko. Eta nahiago dut familiako plan hau, eta ez ni bakarrik joatea Portugalera. Bulgariakoa egiteko asmoa nuen ziur eta aukeratu nuen Tromsoren estilokoa delako. Kilometro askoz gutxiago dira, baina oso teknikoa da hau ere. Eta niri horrelakoak gustatzen zaizkit.
Lasterketa teknikoagoetan aukera gehiagorekin ikusten zara aurrean ibiltzeko?
Ba, agian bai. Maite Maiora badoa Bulgariara, Sandra Sevillano ere bai, Virginia Perez ere bai... Eta tira, maila handia egongo da. Ni gustura ibiltzen naiz terreno horretan, behetik gora beti ere, goitik behera ba isildu egingo naiz. Ahalegintzen naiz abantaila hartzen behetik gora eta gero mantentzen. Gehiago disfrutatzen dut. Korrika asko egin behar diren horietan sufritu egiten dut, ze ez daukat txispa hori...
«Erresistentzia gehiago eta erritmo baxuagokoak, horiek dira niretzako lasterketa idealak»
Munduko Kopari dagokionez, aurtengoa zure azken parte-hartzea izango da?
Munduko Kopa luzetxo egiten zait eta lasterketa batzuk ere ikusten ditut ez direla niretzako modukoak, arinak direlako edo ni beste erritmo batean nabilelako. Tromso bezalakoak, 57 kilometro dira baina 9 ordura iristen zara; ez direnak hain luzeak kilometroz baina gogorrak direnak, erritmoa beste bat da, ezin duzu arineketan egin terrenoak ez dizulako aukerarik ematen. Erresistentzia gehiago eta erritmo baxuagokoak, horiek dira niretzako lasterketa idealak. Datorren urtera begira, agian lasterketa batzuk egingo ditut. Ez dakit Tromso tokatuko den, Kima Trophy proba aurten ez da sartu Munduko Kopako zirkuituan eta egitea gustatuko litzaidakeen lasterketa bat da, oso teknikoa. Lasterketaren izena entzun eta joateagatik ilusioa pizten dizun hori. Ikusiko dugu, ez dago ezer erabakita.