Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Piraten bekatuez garbi utzi du Donostia Irrikitaldiak

Monopoly jauna, Eneko Goia, Munilla, Arantxa Tapia eta Martin Berasategi izan dira Donostiako Irrikitaldiko protagonistetako batzuk. Haien itua, tradizioa berreskuratzea eta bidea, Pirata malapartatuak hiritik kanporatzea. Elitea, elitearentzako.

Donostiar zintzoak, hiria tradiziora itzularazten.
Donostiar zintzoak, hiria tradiziora itzularazten. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Dekadentziaren Aste Nagusia igaro da eta Donostiak bere esentzia berreskuratzeko eguna izan du igandean. Lastotxoak, txapelak, burukoak eta soinekoak jantzita, dotore, atera da Irrikitaldia hiria salbatzera.

Eneko Goiak egin die harrera hiritar onei Bulebarreko kioskotik eta txaloka hartu dute alkatea  fanatikoek. Bi urtean kale egin du Donostia belle époque-ra itzularazten duen festa eta donostiarrak artega ziren 2022ko Goia saria nork eskuratuko zuen jakiteko. Urduri zen Beñat Gaztelumendi bertsolaria «I love Donosti» kamisetarekin, geldigor Askapena klinikaren bueltan ibiltzen diren Rezar No Es Delito elkarteko kideak, «Stop Ertzaintzafobia» kartelak erakustera ausartu diren errebeldeak. Beraz, ez du gehiago itxaron alkateak. «Hiriari egindako ekarpenagatik» eta bide horretan «espazioa publikoaren espekulazioak berebiziko garrantzia» izan duelako, Monopoly jaunak jaso du saria. Nabarmen hunkituta, eskerrak eman die Goiari eta Elizari, haien laguntzarik gabe ezinezkoa litzatekeelako «horrenbeste hotel-proiektu egikaritzea».

Txaloka eta txistuka adoretu duten hiritarrei zuzendu zaie Monopoly jauna, eskatuz segi dezatela turismoaren, su artifizialen, izozkien eta metroaren alde borrokan, «guztiontzako arazo» diren okupak kaleratzen eta, bide batez, Donostia Piratetaz libratzen. «¡Toros sí! ¡Piratas no!», erantzun dute herritarrek.

Goia ere saridun

Eneko Goiak espero ez zuena, baina, bera ere saridun suertatzea zen. Erdu da neska bat Korrikako petoarekin eta testiguarekin eta ofrenda gisa eman dio alkateari. Zeren, azken bi urteetan, Goiak ez du euskararen aldeko ekimen erraldoiean parte hartu, ez bere erruagatik, ordea. «Lehenengo aldian gure errua izan zen, azkarregi pasatu ginen Donostiatik eta badakigu ez zeundela entrenatuta», esan dio antolakuntzako kideak, kasik barkamena erregutzen. Aurreko edizioan, hain justu Korrika Donostian amaitu zenean, okupatuta topatu zuen lasterketak alkatea. Oraingoan bai, hartu du euskararen testigua Goiak eta zerura jaso. «Ze pena, Ernesto, ez zaudela hemen hau nirekin ospatzeko! Biba Ernesto Gasco!», ohiukatu du, eta herriak erantzun: «Odon! Odon! Odon!»

Donospoly

Atera dira prozesioan donostiar txukunak Santa Maria baselizaraino eta han hartu ditu Munilla apezpikuak, Irrikitaldiko pertsonaia maiteenak, donostiar ar zein emeen idoloak. «Illa, illa, illa, Munilla marabilla!»

Apezpiku exiliatuarekin batean errezatu du hiriak. «Zuek, Donostiako kristau onak, egun daukagun dekadentzia honetan, erresistentzia zarete!», ospatu du gero Munillak. Baina «dena ez da ona», ohartarazi du, bekatuak inguratzen baitu Donostia santua. Adi ibili behar da, pentsa, umeentzako zinemara ere iritsi da deabrua, ‘Lightyear’ pelikulan bi emakumek muxu ematen baitute. «Itxi begiak!» ohartarazi die Munillak artean doktrinatu gabeko haurrei.

Baina Donostian nonbait bekatuak agintzen badu, La Flamenkan da. Apezpikuak agertu du Piratek «hitz pekaminosoak» ibiltzen dituztela etengabe: «Eraldaketa! Transmaribibollo! Ez! Heterosexualitatearekin amaitzen ari dira! RIP heterosexualitatea!»

Monopoly jaunak Donostiari opari eman dion azken sorpresa batek itxi du 2022ko Irrikitaldia: Donospoly, taula bat, lau jokalari. Hiriko zer nork eraman, hori zen funtsa eta lehian, torero-surflaria, Martin Berasategi zientzialari gastronomikoa, Arantxa Tapia «euskal Margaret Tatcher» eta herritar xume bat.

Azkenak bota ditu dadoak eta kartzela egokitu zaio, txistualdiaren erdian eraman dute. Berasategi, ordea, pozik etxeratu da, Basque Culinary Center eskuratuta. Torero-surflariarentzat, Antondegi. Eta Tapiak, «Eusko Jaurlaritzako supersailburuak», kaiko arranpa hesitua.

Bada, bakoitzari berea. Donostiarrak Elizara eta Piratak itsasora.