Naiz

Azkarateko salmenta mobilizazio kolektiboak oztopatu duela nabarmendu du ELBk

Bi etxe eta 31 hektarea lur atxikitzeko Azkarateko herriak eginiko hautuak ekidin egin zuen ondasun horren salmenta espekulatiboa. Kasu horren harira «mobilizazio kolektiboak irabazi duela» nabarmendu du gaur ELB sindikatuak.

Baionako Auzitegian egitekoa zen salmenta enkantea geldiarazi zuten herritarrek iragan maiatzaren 12an.
Baionako Auzitegian egitekoa zen salmenta enkantea geldiarazi zuten herritarrek iragan maiatzaren 12an. (Guillaume FAUVEAU)

Heldu den irailaren 8an Baionako Auzitegian igarotzekoa zen enkantea ez da finean eginen. Joan zen astean ezagutzera eman zen akordiari esker, Azkarateko Herriko Etxeak Ainciburu familiaren bi etxe atxikiko ditu eta laborari bik 31 hektarako lurrak eskuratuko dituzte.

Iragan maiatzaren 12an ondasun horren salmenta, enkantean, oztopatzeko epaitegian iragan zen protestak berebiziko garrantzia ukan zuen salmenta espekulatiboari bidea hesteko orduan. Hala mahaigaineratu du astelehen honetan ELB sindikatuak, agiri baten bidez.

«ELB eta Lurzaindiak biziki begi onez ikusten dute Azkarateko herria eta Ainciburu familiaren arteko akordioa» nabarmendu du, lehenik eta behin, laborarien sindikatuak.

Maiatzaren 12an «gertakari biziki larria» gerta zitekeela oroitarazi ondoren, «beharrik Lurzaindia, ELB eta Azkarateko eta nun nahiko herritar ainitz mobilizatu zirela egun hartan eta denen ausardia eta kuraiari esker inkanteak trabatu zirela» azaldu du ELBk.

Enkantea bertan behera utzi behar izan zuen egun hartan Baionako epaileak, saio berria irailaren 8rako finkatuz. Protesta horren harira «inork sinesten ez zuen emaitza erdietsi genuen egun hortan borroka kolektiboari esker», iradoki du sindikatuak.

Geroztik Herriko Etxea eta familiaren arteko harremanak azkartu egin ziren eta espekulazioari aurre eginez laborantza jarduera babestea xede duten Safer eta EPFL egiturek eginiko zubigintza lanari esker «Azkarateko herriak hainbeste faltan dituen etxebizitzak egin ahalko ditu eta 31 hektarea laborarien esku geldituko dira», ELBk gaineratu duenez.

Gauzak horrela «gertakari honek beste behin erakutsi digu bide zuzenean garela eta arrazoi genuela zuzengabekeriaren aintzinean altxatzeko», jarri du agerian heldu den irailaren 10ean bere 40. urteurrena ospatuko duen sindikatuak.

Azkarateko auziarengatik mobilizazioetan parte hartu duten herritarrei bere esker oneko mezua igorriz, «aldi honetan ere elkartasunez, borrokatuz, bi etxe eta laborantzako lurrak zaindu ditugu», ospatu du ELBk.