NAIZ

34 urteko langile bat hil da Markinako harrobian izandako istripu batean

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, 34 urteko pertsona bat zendu zen atzo Markinako Zeleta harrobian lanean ari zela, harri batek harrapatuta. 52 langile hil dira 2022 honetan Euskal Herrian.

Lan istripuen kontrako elkarretaratze bat, Barakaldon.
Lan istripuen kontrako elkarretaratze bat, Barakaldon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Atzo arratsaldean Markinako Zeleta harrobian B.F. 34 urteko langilea hil zen harritzar batek harrapatuta, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Berarekin, dagoeneko 52 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian 2022a hasi zenetik, azken bostak abuztuan. «Odol isuriak ez du etenik», salatu du sindikatuak.

«Beste laneko heriotz bat, beste familia bat birrindurik, eta beste drama sozial bat. Goizean lanera joateko jaiki eta ez itzuli. Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek ekidingarriak direla, hauen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin litezkeela prebentziorako neurriak beteko balira», nabarmendu du LABek ohar batean.

Sindikatuak dioenez, «ezagunak dira Amenabar taldeko harrobi honek ingurugiroarekiko eginiko arau hausteak», eta «lan osasuneko araudia ez dela betetzen» ere gehitu du. «Langilegoak ez du formakuntzarik jasotzen arrisku handiko aktibitatea izanik ere. Zergatik ematen da egoera hau? Patronalari merkea ateratzen zaiolako langile baten heriotza. Kapitala, produkzioa langileon bizitzaren aurretik», salatu du.

Honen aurrean Lakuak hartzen du jarrera ere gaitzetsi du sindikatuak. «Patronala kontrolatzeko eta lan osasunerako araudia betearazteko dituen bitartekoen erabilpen ankerra egitean, betearazpen hori bera desitxuratzen du eta patronalak nahi bezala jokatzen jarraitzen du». Jokatzeko modu horren atzean «erabaki politiko bat» ikusten du LABek. «Azken instantzian Iñigo Urkullu eta Idoia Mendiaren erabaki politikoa».

Hau guztia salatzeko datozen orduetan gehiengo sindikaletik deituko diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du LABek, «bai senide eta lagunei babesa eskeintzeko eta bai behingoz neurriak har daitezen aldarrikatzeko». Gero zehaztu dutenez, ostegun honetan Amenabar enpresaren egoitzaren aurrean bilduko dira, 12etan, Donostiako Miramon Pasealekuan.